Berdintasunaren aldeko adierazpenak egiteko baliatu dute eguna munduko instituzio askok, asmo onak adierazteko kasu askotan. NBE Nazio Batuen Erakundeak justu asteon propio plazaratu du emakumeen egoerari buruzko ikerketa bat, eta ohartarazpena egin du: aurrerabideak badira, baina genero bazterkeriak «zuztartuta» segitzen du gizartearen eta ekonomiaren egituretan. Egunotan datu ugari eman ditu, gainera, erakusteko zertan ikusten den bazterkeria hori. Bortxa matxistaz ohartarazi du: hamar minutuan behin andre bat hiltzen da munduan bikotekideak edo senideren batek eraso eginda. Emakumeen osasun sexual eta erreproduktiboan dauden gabeziez: bi minutuan behin emakume bat hiltzen da haurdunaldian edo erditzean izandako arazoen ondorioz. Eta bazterkeria hori egunero sentitzen dutela adierazteko, horren kontra egiteko, milioika emakume atera dira kalera, munduko bazter askotan.
Ultraeskuina harrotuta dabil; agintea hartzen ari da hainbat herrialdetan, eta horrek ekar dezakeen «inboluzioaz» ohartarazi dute protesta askotan. Parisen egin duten manifestazioan, adibiderako. Heil Trump, Heil Putin, Heil Meloni aldarriak ozendu dituzte bertan parte hartu dutenek, beste hainbaten artean. Bruselan elkartu diren emakumeek ere «atzerapauso kezkagarriak» gertatzen ari direla ohartarazi dute protestan.

Baimenik ez
Baimenduak izan diren martxa jendetsuetan atera dira plazara andre asko; beren herrialdeetan ezarritako debekuei aurre eginez, berriz, beste hainbat: Pakistango hiriburuan, adibidez, Islamabaden, debekatu egin dute emakumeen protesta, ramadana dela argudiatuta.
Hainbat herrialdetan, aldarri orokorrez gain, tokian tokikoak gailendu dira. Erroman, esaterako, 20.000 pertsona inguru elkartu dira manifestazio jendetsu batean, eta feminizidioak zigortzeko han ontzen ari diren lege aldaketaren kontrako aldarriek izan dute oihartzuna; gobernuak proposatu du propio legean feminizidioak aipatzea, horiek gogorrago zigortzeko bidea izango dela argudiatuta, baina emakumeen eskubideen alde ari diren hainbat eragileren arabera, «propaganda» helburu duen aldaketa bat da hori, eta biolentziaren atzean dauden mekanismoak «deseraikitzeko» lan instituzionalik ez da proposatu.
Hego Amerikan bezperatik hasi ziren zenbait protesta. Bolivian, esaterako, La Paz hiriburukoa izan zen jendetsuena. Propio indarkeria matxistaren kontrako mezuetan jarri nahi izan zuten indarra han batu zirenek. Datuak eman zituzten mezu horren garrantziaz abisu emateko: urtea hasi zenetik 7.750 indarkeria matxista kasu erregistratu dira. Tartean, 11 emakume hil dira. «Hil egiten gaituzte, bortxatu egiten gaituzte, eta Estatuak ez du deus egiten», salatu zuten. Aldarria ozendu egin zuten, propio, instituzioetako eraikinen paretik igaro zirenean.