ACM Kataluniako Udalerrien Elkartearen egoitza eta Carles Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyeren etxea eta bulegoa miatu ditu Espainiako Poliziak. ACMren egoitza «lehiaketa publikoetan iruzur egin eta prozesura dirua desbideratu» duen ustezko trama baten ikerketaren pean arakatu dute; Boyeren etxea eta bulegoa, berriz, narkotrafikoarekin lotutako diru garbitzearen aurkako operazio baten barruan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Boyek bihar deklaratu beharko du epailearen aurrean, ikertu gisa. Bi miaketak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia argitaratu eta astebetera iritsi dira. JxCk «independentismoaren aurkako jazarpena» salatu du, bi kasuetan.
Kataluniako Udalerrien Elkarteko egoitzaren miaketa Bartzelonako 16. Instrukzio Epaitegiak agindu du. Ustez funts publikoak desbideratu dituen sare baten aurkako ikerketa zuzentzen ari da epaitegia; 2011. eta 2018. urteen artean eginiko hainbat lehiaketa publikotan iruzurrak egon ote ziren. Operazioa, ordea, sumario sekretupean dago.
ACMren egoitzaz gain, beste hainbat eraikinetan ere sartu dira poliziak, tartean bi bidaia agentziatan, Vicen eta Bartzelonan. Polizia iturrien arabera, miaketen helburua ez litzake Kataluniako Barne kontseilari Miquel Buch izango. Buch ACMko presidente izan zen 2011tik 2017ra.
JxCko Espainiako Kongresurako hautagai Laura Borrasek salatu du «independentismoaren aurkako razzia berri bat» dela operazioa: «Egoera honetan jada ez dago kasualitaterik; mekanismo guztiak martxan jarri dituzte».
Ez da ACM ikertzen duten lehen aldia. Elkarte horrek eta AMI Kataluniaren Independentziarako Udalen Elkarteak 167 alkaterekin eta Kataluniako presidente kargugabetu Carles Puigdemontekin 2017an Bruselan eginiko agerraldi bat ikertu zuen fiskaltzak, diru publikoaren erabilera okerraren delituagatik. Iaz, ordea, kasua artxibatu zuten, fiskalaren esanetan, alkateen bidaien eta egonaldien, eta agerraldiko egoitzaren gastuen jatorria «osoki edo zati batean euren udaletako funts publikoetan egon izanaren frogarik» ez zegoelako.
«Beldurtzeko» asmoa
Puigdemonten abokatuaren kasua bestelakoa da. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon epaileak —PPko zinegotzi ohia Madrilen— agindu ditu miaketak, osasun publikoaren aurkako delitu batekin lotutako diru garbitzearen inguruko ikerketa baten harira. Gonzalo Boyek ikertu gisa deklaratu beharko du bihar.
Jose Ramon Prado Sito Miñanco narkotrafikatzailearen abokatu izan da Boye duela gutxi arte. Prado espetxean da 2018ko otsailetik, droga trafiko, diru zuritze eta erakunde kriminaleko kidetza delituez akusatuta. Orain, Auzitegi Nazionaleko Drogen Aurkako Fiskaltza Boye ere ikertzen ari da, Pradoren aurkako ikerketaren pean irekitako pieza banandu batean, diru zuritzeari soilik lotua.
Puigdemontek bere aurkako euroaginduarekin lotu du Boyeren aurkako operazioa. «Lawfare [gerra juridikoa] ziztu bizian. Norbaitek partidak irabazten dizkienean eta agerian uzten dituenean, begirunerik gabe erasora. Orain, hirugarren euroaginduari aurre egiten ari garela, Gonzalo Boyeri bere lana zaildu nahi diote. Ez dute lortuko», adierazi du presidente kargugabetuak. Puigdemontek Belgikan dituen abokatuetako batek, Simon Bekaertek, azaldu du Boyeren aurkako ikerketak ez duela eraginik Puigdemonten kasuan, baina hura aurrera eramateko unea kritikatu du: «Susmoa dut beldurtzeko egiten dutela».
Independentismotik haratago ere jaso ditu babesak Boyek. En Comu Podemeko Espainiako Kongresurako hautagai Jaume Asensen esanetan, buruzagi independentista presoak kondenatu ostean, «atzerriratuen bila doaz orain», abokatuaren aurkako ikerketatik hasita: «Norbaitek sinesten du Boyeren etxea miatzen egongo zirela ez balitz izango Puigdemonten eta Toni Cominen[Kultura kontseilari kargugabetua] abokatua?».
Katalunia. Polizia operazioak
ACM udalerrien elkartearen egoitza arakatu du Poliziak
ACMren bidez funts publikoak desbideratu ote diren ikertzen ari da epailea. Boyek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du, narkotrafikoarekin lotutako ustezko diru zuritzeagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu