Christopher Luxon Zeelanda Berriko lehen ministroak barkamena eskatu die estatuaren instituzioetan eta herrialdeko erakunde erlijiosoetan abusu sexualak, fisikoak eta psikologikoak jasan dituzten biktimei. Zaintzako abusuak ikertzeko gobernuak eratutako batzordeak uztailean argitaratutako txosten baten arabera, 200.000tik goiti dira instituzio horietan 1950 eta 2019 artean abusuak jasan dituzten biktimak.
«Gobernuaren izenean barkamena eskatzen diet estatuaren tutoretzapean zeuden bitartean abusuak, kalteak eta abandonua jasan dituzten pertsona guztiei», adierazi du Luxonek Zeelanda Berriko Parlamentuan, gaur. «Sentitzen dut abusuak salatu eta ez sinetsi izana, eta sentitzen dut lekuko askok abusuak ikusi eta ez salatu izana». Horrez gain, estatuaren esku hartze «eskasagatik» ere barkamena eskatu du, baita erasotzaileak ez auzipetzeagatik eta biktimei emandako tratuagatik ere. Txostena aztertu ondotik, Luxonek onartu du gobernuari erantzukizunez jokatzea dagokiola. «Izugarria da; lazgarria. Ez zuen inoiz gertatu behar».
Zaintzako abusuak ikertzeko gobernuak eratutako batzordeak ikerketa bat egin zuen, eta 3.000 orrialdeko txostena argitaratu zuen, zeinak 2.400 biktimaren testigantzak biltzen dituen: haurrak, adingabeak, gutxiengo etnikoak eta ezgaitasunen bat duten pertsonak barne. Guztira, 200.000 biktima baino gehiago. Halaxe aitortu du lehen ministroak: «Konfiantza zenuten estatu honengan, eta huts egin dizue; sentitzen dut». Sei urte behar izan dituzte testigantzak banan-banan biltzeko eta txostena osatzeko; orain, Luxonek aitortu du estatuan inoiz egin den ikerketa publikorik konplexuena eta handiena izan dela.
Txostenaren arabera, erakunde erlijiosoetan eraso gehiago gertatu dira estatuaren instituzioetan baino, eta buruzagi zibilak eta erlijiosoak elkarren arteko borrokan aritu ziren egindakoak estaltzeko. Errua ukatzeko, hainbat biktima hil egin zituzten; hori jaso zuen txostenak.
«Sentitzen dut abusuak salatu eta ez sinetsi izana, eta sentitzen dut lekuko askok abusuak ikusi eta ez salatu izana»
CHRISTOPHER LUXON Zeelanda Berriko lehen ministroa
Estatuaren instituzioen eta herrialdeko erakunde erlijiosoen kargu ziren 655.000 haur, gazte eta helduen %30ek baino gehiagok abusuak jasan zituen; hala jakinarazi zuen batzordeak, eta «lotsagarria» dela gaineratu. Dena den, gaineratu zuten ezinezkoa dela jakitea zenbat biktima izan diren benetan, era anitzetako abusuak egin baitzituzten: sexualak, emozionalak, fisikoak, mentalak, arrazistak, sexistak, homofoboak eta transfoboak, bertzeak bertze.
Kalte ordaina
Luxonen administrazioak ohartarazi du hurrengo urtera begira txostenean agertzen diren gomendioei kasu egiten saiatuko direla, eta lehentasuna emanen diotela bizirik diren biktimak babesteari eta abusu gehiagorik ez gertatzeari. Erica Stanford Zeelanda Berriko Koordinazio ministroak adierazi du «erreparazio sistema berri bat» sortzeko lanetan ari direla, eta, zehazte aldera, biktimei kalte ordainak eman nahi dizkietela. Ministroak komunikatu bidez azaldu duenez, gobernuak 34 milioi dolar zeelandaberritar jarriko ditu —19.045.218,39 euro— Zeelanda Berriko abusuen biktima horiek zaintzeko, bizirik direnen beharrei erantzuteko eta erreklamazioak egiten laguntzeko.
Gaurko eguna abiapuntu hartuta, datorren urtetik aitzinera azaroaren 12a «oroimenaren egun nazional» izendatuko dute, eta erasotzaileak omentzen dituzten monumentuak, kaleak eta eraikinak kendu eginen dituzte.
Barkamena eskatu ez ezik, haurren zainketa babestera bideratutako lege proiektu baten berri ere eman dute gaur parlamentuan. Lege proiektu horrek, hain zuzen, haurrekin lan egiten dutenei baldintzak jartzea eta murrizketak egitea proposatzen du. Biktimak eta abokatuak joan dira gaur, bertzeak bertze, lehen ministroaren adierazpenak aditzera.