Heriotzaz inguraturik bizi dira Gazako herritarrak. Baina bizi dira, eta bizimodu hori nolakoa den erakutsi nahi izan du Atef Abu Saifek (Jabalia, Palestina, 1973) bere liburuan. Bai, bera da; BERRIAn berrogei egunez Gazako egunerokoa argitaratu zuen idazlea, Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro izandakoa (2019-2024). Zisjordanian bizi da, baina familia bisitatzera joana zen Gazara. Joan den urteko urriaren 7an Gazako hondartzan igerian zebilen. Uretatik ahalik eta azkarrena atera ostean, 85 egun igaro zituen zerrendan, iragan abenduaren 29an ihes egitea lortu zuen arte. Tarte horretan bizi izandakoak bildu ditu liburuan. Euskaraz udazkenean argitaratuko da, eta Aleka bildumako hamabosgarren liburua izango da —BERRIAren, Elkarren eta Jakin-en elkarlanetik sortutako bilduma da Aleka—.
Erresuma Batuan jada ikusi du argia idazlearen lanak. Don't Look Left. A Diary of Genocide (Ez begiratu ezkerrera. Genozidio baten egunerokoa) izena jarri diote. Comma Press argitaletxeak kaleratu du, eta Chris Hedges gerra kazetari estatubatuarrak —Pulitzer saria irabazitakoa da— idatzi du hitzaurrea. Argitaletxeko zuzendari Ra Pagek jardun du editore gisa, eta esaldi batean deskribatu du Saifen lana: «Albistegietan erakusten dutenaren aurkakoa da». Hildakoen kopuruaz eta suntsipen irudiaz harago, azaldu dute gazatarrek nola egiten duten aurrera egunerokoan. Finean, argitara atera nahi izan dute heriotzaren eta suntsipenaren artean dagoen bizitza.
Bizitzarekin ez, heriotzarekin egin zuen topo idazleak hondakinen artean. Hildako emakume baten burua topatu zuen eroritako eraikinen artean. Eta hori kontatzen duen unea da Pagek gogoan dituenetako bat: «Harekin [emakumearen buruarekin] ahalik eta arduratsuena izaten saiatzen zen». Eszena horrek adierazten du, editorearen ustez, Gazan edonori egokitu dakiokeela erreskate operazioetako kide izatea, eta «bat-batean inoiz ikusi gabeko irudi traumatiko eta beldurgarrienen aurrean» ikusi duela bere burua.
«Egunero bidaltzen zidan bere egunerokoa, eta editatu egiten nuen, baina zaila izan da hala lan egitea. Batzuetan Internetik gabe geratzen zen, edo telefono lineak ez zuen funtzionatzen, ordenagailua ere hautsi zitzaion...».
RA PAGE'Don't Look Left' liburuaren editorea
Liburuko beste pasarte batek ere hunkitu du editorea, Atefek bere ilobarekin izandako elkarrizketa batek. Neskatoa bizirik atera zuten hondakinen artetik, baina bi hankak eta beso bat galdu zituen: «Osabarekin elkarrizketa bat izan zuen, eta ametsetan ari zela iruditzen zitzaiola esaten zion. Gero, nonbait, ohartu zen ezetz, hankak eta besoa falta zituela, ez zela amesten ari. Orduan, bere bizitzari amaiera emateko zerbait, 'pilularen bat edo' eskatu zion osabari».
Halere, Comma Presseko editoreari liburuko une jakin batek utzi dio arrastorik handiena, Saifek Gaza iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuenekoak: «Orduan ikusi zituen, lehen aldiz, soldadu israeldarrak Gazan». Iragan azaroaren 21ean izan zen; idazleak bere semearekin eta gurpil aulkian zeramaten amaginarrebarekin zerrendako iparraldea utzi, eta hegoaldera egin behar izan zuten ihes. «2005etik, zerrendan ez zen Israelgo armadako soldadurik sartu. Bonbak bai, baina edozergatik tiro egiten duen soldadurik ez zegoen. Ikustea nahi ez badute ere, Gaza toki lasaia izan da». Horregatik, idazleak soldaduak ikusi zituen unea «kritikoa» da, Pageren iritziz: «Jendeari oihu egiten zioten: Ez begiratu ezkerrera! Ez begiratu guri!».
Israelgo soldaduak Gazan sartzea «okupazioaren» beste adierazle bat da, editorearen hitzetan. Eta, funtsean, horretan laburbildu daiteke, haren iritziz, Palestinako gatazka: «Oso sinplea da: palestinarrak beren bizilekutik kanporatzen dituzte, beste batzuek lurralde horiek nahi dituztelako». Eta zera gehitu du: «Okupazioa okupazioa da. Izan Gazan Israelgo armadak egiten duena, izan Frantzian naziek egin zutena». Horregatik, uste du beharrezkoa dela Don’t Look Left-en moduko lanak argitaratzea: «Jendeak uste du oso gai konplikatua dela, eta horrek engaiatzea zailtzen du». Gainera, auzia uste baino gertuago dugula dio Pagek, eta gogorarazi du Erresuma Batuan zenbait politikarik eta irakasleak lana galdu dutela gaiari buruz hitz egiteagatik.
Irabaziak, Gazara
Ingalaterran bizi da Page, Manchesterren, eta oraindik ez da Saifekin elkartu Gazako gatazkaren azken oldarraldia hasi zenetik. Telefonoz hitz egin dute, Whatsappez ere bai, bideo deiak egin dituzte, baina aurrez aurre elkartu gabe ondu dute liburua: «Egunero bidaltzen zidan bere egunerokoa, eta editatu egiten nuen, baina zaila izan da hala lan egitea. Batzuetan Internetik gabe geratzen zen, edo telefono lineak ez zuen funtzionatzen, ordenagailua ere hautsi zitzaion...».
Logistikoki «zaila» izan den arren, aurretik ere eskarmentua bazutela gogorarazi du Pagek. Izan ere, Gazan bertan 2014an izandako gerrari buruz The Drone Eats With Me. Diaries from a City Under Fire (Droneak nirekin jaten du. Egunerokoak tiropean dagoen hiri batetik) argitaratu zuten, formatu berean. Idazketa prozesua oztopatzeaz gainera, komunikaziorako zailtasunek kezka eragiten zioten editoreari idazlearen segurtasunari zegokionez: «Zenbaitetan, hiruzpalau egun igarotzen nituen haren [Saifen] berririk gabe».
Editorearen ustez, Gazan bizi den norbait ezagutzen duen orok bizi izan du kezka hori. Emaztea gazatarra du, eta hark familiakoak zein lagunak ditu zerrendan. Pagek berak ere galdu du adiskide bat azken oldarraldian, Refaat Araleer poeta. Horregatik, palestinarrei ahotsa emateak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Helburu horrekin, autore palestinar ugariren lanak argitaratu izan ditu Comma Pressek. Eta gazatarrei laguntzeko asmo berarekin, Saifen liburuarekin eskuraturiko irabaziak Gazan jarduten duten gobernuz kanpoko erakundeei bidaliko dizkiete.