Txileko azken urteetako gertaeren lekuko zuzena da Javiera Manzi Araneda (Santiago, 1989). 8M Koordinakunde Feministaren bozeramaile izan zen 2019an eta 2020an, greba feminista arrakastatsuen garaian. Tartean, errebolta soziala lehertu zen, eta hor ere kaleak hartu zituzten feministek. Iaztik Alondra Carrillo konstituziogilearen taldean ari da lanean Biltzar Konstituziogilean. Aste honetan EH Bilduk gonbidatuta etorri da Euskal Herrira, Konferentzia Munizipalistan parte hartzera. Politikaren feminizazio komunitarioa hitzaldia emango du bihar.
Mugimendu feministaren garaipen bat al da konstituzio berriaren zirriborroa?
Herrien garaipen bat da, eta Txilen herriak mugimenduetan antolatzen dira gaur egun. Horietako bat da mugimendu feminista.
Zer da zirriborroa, orduan, mugimendu feministarentzat?
Benetako aurrerapen bat da. Baina ez gure agendako puntu jakin batzuk sartu direlako, baizik eta zehar lerro bat izan delako feminismoa prozesu guztian. Biltzar Konstituziogilea munduko lehen organo konstituziogile parekidea izan da, eta perspektiba feminista hasieratik bukaerara izan da hor.
Pamela Valenzuela 8M Koordinakunde Feministaren gaur egungo bozeramaileak esan du 2019ko greba feminista izan dela prozesu konstituziogilearen sorburua. Nola eragin du?
Guk esaten dugu su txikian egosi zela errebolta soziala. Eskuinak Txile oasi neoliberal bat zela zioen bitartean, eltzean bor-bor egon ziren erreboltaren aurrekari asko, eta horiek prozesua definitu zuten. 2019ko greba feminista Txilen diktadura amaitu zenetik inoiz egon zen mobilizazio handiena izan zen. Bizitzaren prekaritatea salatu genuen, eta horrek guztiaz hitz egiteko aukera eman zigun: aberastasunaren banaketa, ekonomia estraktibista... horiek ekarri baitute biolentzia, genero indarkeria, arrazakeria, indarkeria koloniala... Zalantzarik gabe, 2019ko urriko eztanda sozialaren ardatzetako bat izan zen greba feminista. Baita ondoren ireki den zikloan ere.
Santiagoko Duintasun plazako protestetan ugariak izan ziren bandera feministak. Aldaketaren ikur bilakatu al da feminismoa Txilen?
Oso polita da kaleko protesten irudi hori gogoratzea. Askatasun lengoaia bat bihurtu ziren banderak. Herri bat eta langile klase bat azaleratu zen hor, konstituzio berriak orain hartu duen itxuraren zirriborro bat. Jendeak etxean zituen ikurrak atera zituen. Lehen egunetan Txileko banderak ikusten ziren. Hori berehala aldatu zen, eta emakumeak zapi berdeekin ateratzen hasi ginen; elkar identifikatzeko eta poliziaren jazarpenaren aurrean aurpegia babesteko balio ziguten. Maputxeen bandera ere berehala agertu zen. Baita giza eskubideen urraketekin lotuta dagoen bandera beltza ere.
Javiera Manzi Araneda. Jon Urbe / Foku
Abortatzeko eskubidea jaso du konstituzio berriak, munduan horren kontrako oldarraldi bat dagoen honetan. AEBetan Auzitegi Konstituzionala bera da auzitan jartzen ari dena.
Horregatik oso garrantzitsua da testuinguru horretan Txilen egiten ari garen borroka nabarmentzea, AEBetako erabaki horrek zuzenean eragiten baitu beste herrialdeetan. Polonian ere legez kanporatu dute. Baina, aldi berean, Argentinan urrats bat egin du abortatzeko eskubideak, baita Mexikoko Guerrero estatuan ere... Gure urratsak ez dira linealak; testuinguru autoritario batean ari gara , eta aurrerapen hauek izango dira jomugan jarriko duten lehen gauza. Baina Txilen abortua konstituzio berrian egotea eredu izango da nazioartean, eta horrek, gure indarra eta artikulatzeko gaitasuna agerian uzteaz gain, erakusten du demokrazia berri bat ezartzeko ezinbestekoa dela. Horrek ere bermatzen du atzera ez dela egingo, ez berehala behintzat.
Adostasuna izan al da feministen artean zirriborroa egitean?
Ez. Abortuaren kasuan eztabaida bat izan genuen. Batzuentzat konstituzioan esplizituki haurdunaldia borondatez etetea idaztea arriskutsua zen. Guretzat, ordea, hala behar zuen, ondo uler zedin, horren alde mobilizatzen diren lagunek esan dezaten «hau da gure konstituzioa». Biltzar Konstituziogilean eztabaidarako sartu zen lehen herri ekinbidea abortuarena izan zen.
Babesik handiena jaso zuena izan zen, gainera: 39.000 sinadura. Nola landu zenuten?
Politika egiteko modu bat izan zen, barruan zeuden mugimenduko lagunak eta kanpoan geundenak abortuaren alde batera aritzea. Kanpoan asanblea feministan landu genuen; hor gaude 8M Koordinakunde Feministakoak. Eta barruan konstituziogile feministak elkartu ziren, ez soilik ezkerrekoak, baita zentrokoak ere. Feminismoak oso berezkoa duen forma bat artikulatu zen bi polo horien artean, eta horri esker lortu genuen zirriborroraino eramatea, presio guztien gainetik.
Agenda feministan zenituzten zer gai geratu dira kanpoan?
Badaude, bai, kanpoan geratu diren gauzak, eta horien artean baita gureak ziren batzuk ere: guk plazeraz hitz egin nahi genuen konstituzioan, sexu heziketa integralaz... baina gauza batzuk atera behar izan ditugu.
Zirriborroak eskubide sozial ugari jaso ditu. Bermatuta daudela esan liteke?
Hori guztia legeen bitartez ezarri behar da. Hau hasiera besterik ez da, baina lehen ez genituen erremintak ematen dizkigu zirriborroak. Edozein eskubide sozialetan aurrerapausoak oztopatzeko idatzi zen Pinocheten konstituzioa. Orain eskubide sozialak oinarrizkoak direla esateak beste maila batean jartzen gaitu. Haustura bat ekarriko du.
Pentsioen gaia ere funtsezkoa da. Behar bezain garbi geratu da zirriborroan?
Nik uste baietz, nahiz eta presio handia egon den eskuinetik. Pentsio sistema oso pribatizatuta dago Txilen, eta orain konstituzio berriak gizarte segurantza publikoa ezarriko du, baita etxeko langileentzat ere. Baina hori legeekin zehaztu beharko da, berandu baino lehen; ze pandemian pentsio funtsetatik dirua atera behar izan zuen jendeak, diru sarrerak galdu zituelako, eta orain batzuek ez dute ezer.
Eskuinak kritikatzen du ez dela nahikoa diru egongo gastu soziala ordaintzeko.
Aberastasuna badago Txilen, eta, hori banatzeko, eskubide sozialak bermatzeko eta estatua handitzeko, beharrezkoa da zerga sistema ere aldatzea: aberastasunaren gaineko zerga, enpresa handien zerga, meatze konpainiek ustiatzeagatik ordaindu beharreko saria... horiek gaur egun hutsaren hurrengoa dira. Lotsagarria da Txilen dagoen aberastasunaren banaketa eskasa.
Alondra Carrillo konstituziogilearen taldean egon zara. Zer izan da zuretzat zailena?
Ariketa berri bat izan da, eta zailtasunak izan ditu. Sekula ez dut parte hartu prozesu instituzional batean, ezta hauteskunde batzuetan edo horrelako organo politiko batean ere. Ikasketa handi bat izan da: aliantzak nola egin, negoziazio bat nola eraiki...
Nekatuta?
Lana egiteko epeak oso motzak izan dira, eta horrek ekarri dituen lan kargak eta ordutegiak, eromena. Batez ere zaintza lanak egin behar zituztenentzat, emakumeak asko. Goizaldeko hiruak arte aritu gara lanean, eta hori ez da jasangarria. Ez dira horiek guk nahi ditugun forma politiko berriak. Epika konstituziogilearekin batera, prekaritate hori errealitate bat izan da.
Camila Higuera Interferenciako kazetariak dio emakumeek izan dutela Biltzarraren lema.
Bai, hori da. Eta ez bakarrik emakume konstituziogileek, baita beste emakume batzuek ere: euren taldeetan aritu garenak, kazetariak, funtzionarioak... Eta, horien lan kargaren ondorioz, beste gainkarga bat izan duten emakumeek ere bai: amak, ahizpak... Haurtzaindegirik ez da egon. Gutxieneko baldintzarik ere ez da egon lana sostengatzeko. Manuela Arroyok alaba eraman behar izan du. Guk ez dugu hori nahi. Prozesuaren hasieran ohar batean azpimarratu genuen epe hauekin oso zaila zela zaintzak uztartzea, eztabaida demokratikoan sakontzea eta kanpotik eztabaida aztertzea. Oso azkar joan da.
Emakumeen babesa izango du zirriborroak irailaren 4an?
Hori da gure lana. Mugimendu feministak bat egiten du emaitzarekin, eta emakumeak giltzarri izango gara plebiszituan, presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian bezala.
Zerbait gehitu nahi duzu?
Guretzat oso inportantea da prozesu hau beste herrialde batzuekin lotzea, eta deszentralizazioaren arloan asko begiratu dugu Euskal Herrira: autonomia erkidegoen aitortza, ogasun sistema, antolaketa politikoa, hizkuntzen eta hizkuntza eskubideen aitortza... elkarrengandik ikasten ari gara. Urrun egonagatik, herrien arteko loturak daude, eta bat egiten dugu eraldaketa helburuetan.
Ikusi gehiago:«Gobernu progresista hau aurrekoa bezala ari zaigu jazartzen kalean»