Analia Bruno. Argentinako medikua

«Abortua ez dago bermatua lurralde guztietan»

Mediku eta ekintzaileak salatu du Argentinako Gobernuak ez zuela inolako kanpainarik egin haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen inguruan informazioa emateko.

ROMINA LEMA.
Buenos Aires
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Analia Bruno duela 18 urte hasi zen abortua legezkoa, segurua eta doakoa izateko eskubidearen aldeko kanpaina nazionalean, eta Erabakitzeko Eskubidearen Aldeko Osasun Profesionalen Sarean ere aritzen da. Mediku gisa, auzitara eraman zuten zenbaitetan, nahi gabeko haurdunaldiak eteteko prozesu batzuetan parte hartzeagatik, eta aurre egin behar izan zien kartzela urte batzuei.

Datu ofizialen arabera, legea onartu zenetik urtebetera, 32.000 abortu seguru baino gehiago egin dira Argentinan osasun sistema publikoaren bitartez. Edonola ere, erakunde feministek eskatu dute legea modu eraginkorragoan aplikatzeko, abortuarekin lotuta preso daudenak aske uzteko —1.500 pertsona baino gehiago—, eta estatu laikoa ezartzeko.

Nolakoa da zuen lana legea onartu zenetik?

Eskubide bat lortzea beti da zoragarria, eta legeak aldatu egin du lan egiteko orduan daukagun egoera. Gazte gehiago etortzen dira orain informazioa jakinda: badakite zer metodo erabiltzen diren eta pilulak zein diren. Etortzen direnerako jakitun daude eskatzen ari direna eskubide bat dela. Hala ere, errudun sentipen handia dago oraindik.

Alde positibo asko daude, baina lege bat indarrean jartzean beti egoten da trantsizio bat. Abortuaren inguruan lehen zeuden jarrerak are muturrekoagoak dira orain. Izan ere, legez bermatua daukazu eskubide bat, baina toki batzuetan ez da betetzen.

Legearen puntu batzuk ez daude indarrean?

Batzuk ez. Esaterako, bi metodoak erabilgarri izatea: umetoki barneko xurgatzea eta pilulak. Toki gehienetan misoprostol pastilla bakarrik eskaintzen dute, baina zer metodo erabili aukeratzeko eskubidea ere aitortzen da berez.

Beste puntu bat ere funtsezkoa da: Sendagaien, Elikagaien eta Teknologia Medikoaren Administrazio Nazionalak oraindik ez du onartu misopristona. Urtebete pasatu da legea onartu zenetik, eta oraindik ez daukagu farmako hori, zeinak %98ko eraginkortasuna baitu. Pilula horrek ez ditu sortzen misoprostolak huts egiten duenean izaten diren arazo izugarriak. Misopristona da tratamendurik laburrena, eraginkorrena eta min gutxien ematen duena. Mundu osoan erabiltzen da, eta ez dauka nahi gabeko ondoriorik. Aukera hori azaltzen da lege berrian, eta oso gauza iluna da oraindik onartuta ez egotea.

Osasungintzako langileak trebatzen al dituzte?

Buenos Aires hirian, trebatze saio birtual bat baino ez zen izan 2021ean, eta ez zen derrigorrezkoa izan; nik parte hartu nuen saio horretan, umetoki barneko xurgatzeari buruzko informazioa ematen. Hogeita hamar lagun inguru izango ginen.

Aurreko batean, 18 urteko neska batek deitu zidan, eta esan zidan abortatzen ari zela eta gaizki azaldu ziotela pilulak nola hartu. Gizarte ekintza pribatu bateko ginekologo batek gaizki esplikatu zion pastillen tratamendua nola egin, eta hori bakarrik ez: lasaigarririk ere ez zion eman. Are, min emango ziola ere ez zion esan. Eta hori askotan pasatzen da.

Kontsultatik «hiru orduan behin lau pilula» dioen paper huts batekin ateratzen direnek beste sare batzuetara jo behar izaten dute gehienetan, eta ia beti sare feministetara jotzen dute. Izan ere, min handia izaten dute, gorputza dardarka, eta ez dute jakiten zergatik. Gainera, batzuetan buruko mina ere izaten dute, baita beherakoa eta gorakoa ere. Eta informazio guztia ez badaukate, larritu egiten dira. Are gehiago kontuan hartuta zer esan nahi duen abortatzeak jendearen iruditerian.

Trebakuntza faltagatik bakarrik gertatzen da hori?

Kontsulta bati modu egokian erantzuteko, genero ikuspegia kontuan hartu behar da. Eta hori ez da hala izaten medikuntzan, eta are gutxiago ginekologian. Ez naiz ari feminista izateaz; esan nahi dudana da tratu txar asko izaten direla, eta gai hauetan are okerragoa izaten da. Ginekologiako espezialitatea ikuspegi misogino batetik sortua izaten da askotan: naturalizatu egiten da min izatea erditzean, hilerokoan, abortatzean. Ginekologiako zentro batean, aspaldi, hau azaltzen zieten lehen prestakuntza saioan: «Kontuan izan zuek denok kontzientzia eragozleak zaretela». Eta ospitale publiko bat zen.

Egoera bera al da Argentina osoan?

Leku batzuetan ez dago ekipamendu egokirik haurdunaldiaren borondatezko etena bermatzeko. Esaterako, Esteban Echeverriako neska bat artatu nuen behin: hemendik oso urrun dago hori. Eta hori gertatzen da abortua ez dagoelako bermatua lurralde guztietan. Eskubide hori bermatu behar dutela sinetsita dauden profesional trebatuak falta dira, edo behintzat ziur dakitenak osasun egoera horretan daudenak artatu egin behar dituztela.

Legea oso argia da epeei dagokienez. Abortua eskatu eta 10 egun baino lehenago egina egon behar du. Eta hori ez da hala izaten. Argentina barnealdean, eskualde askotan ez daukate kontsulta egiteko gertuko osasun etxerik ere. Eta, baldin badago ere, osasun langileek kontzientzia eragozpena erabiltzen dute, edo hala egiten ez dutenak jazarriak izaten dira.

Nola egin aurrera lurralde horietan?

Informazioa zabalduz. Estatuak ez zuen inongo kanpainarik egin haurdunaldia borondatez eteteko eskubidearen inguruan informazioa emateko. Guk zabaltzen dugu informazioa, baina askori ez zaie iristen. Gazte batzuek oraindik ez dakite eskubide hori dutela. Eta kontsultara iristen direnean izaten dute horren berri. Ez dakite abortatzea legezkoa dela orain Argentinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.