Presidentea hautatzeaz gain, AEB Ameriketako Estatu Batuetako hainbat estatutan erreferendumak ere egin zituzten atzo. Hamar estatuk abortatzeko eskubidearen inguruan bozkatu dute: Florida, Arizona, Nevada, Montana, Colorado, Hego Dakota, Nebraska, New York eta Maryland.
2022an, AEBetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen abortatzeko eskubidearen babes konstituzionala, eta estatuen esku geratu da horren inguruko legeak egitea. Missourin, adibidez, gogor egin zuten orduan eskubide horren aurka, eta abortua legez kanpo utzi kasu gehienetan: soilik amaren osasuna arriskuan dagoenean abortatu daiteke. Bada, haurdunaldiaren 24. astera arte abortatzeko eskubidea babestearen alde egin dute oraingoan estatu horretan.
Missourin ez ezik, abortatzeko eskubidea babestearen aldeko botoa gailendu da beste sei estatutan ere: Coloradon, Arizonan, New Yorken, Marylanden, Montanan eta Nevadan. Hori bai, Marylanden, baiezkoa gailendu den arren, ez da aldaketa handirik izango. Izan ere, estatu horretan jada babesturik dago abortatzeko eskubidea.
Arizonan, bestalde, haurdunaldiaren aurreneko hamabost asteetan abortatu daiteke. Edison Research Projecten arabera, eskubidea 24. astera arte luzatzearen alde egin dute herritarrek.
2026an bigarrena
Nevada da abortatzeko eskubidea babestearen alde egin duten beste estatuetako bat. AEBetako NBC News telebista kateak argitaratutako datuen arabera, herritarren %62,8k abortatzeko eskubidearen alde egin dute. Horrek, baina, ez du aldatuko egungo egoera. Izan ere, Nevadan ez dute behin bakarrik bozkatuko. Abortatzeko eskubidea bermatzeko, bi aldiz egin behar dute Nevadan: atzo eta 2026an.
Floridan, berriz, ia abortu gehienak legez kontrakoak dira haurdunaldiaren seigarren astetik aurrera. Galdeketan proposatzen zen tarte hori 24 astetara luzatzea. Botoen %60 behar zituzten onartzeko, eta, The Associated Press berri agentziak kaleratu duenez, %57 lortu dituzte soilik. Berri agentziak jakinarazi du Hego Dakotan aurka bozkatu dutela estatuko konstituzioan abortatzeko eskubidea babesteari.
Nebraskan ere egin dute abortatzeko eskubidearen aurka. Estau hartan egindako erreferendumaren emaitza dela eta, haurdunaldiko aurreneko hiru hilabeteetan soilik abortatu ahalko da.