Aborigenen aitortza dago jokoan

Australian gaur bozkatuko dute aborigenak konstituzioan aitortzeaz, eta haien aferen inguruan aholkatzeko talde parlamentario bat eratzeaz. Azken inkesten arabera, ez dute aurrera egingo.

Erreferendumaren aldeko manifestazio bat, Melbournen (Australia), irailean. DIEGO FEDELE / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Galdera honi erantzungo diote gaur Australiako herritarrek: «Nahi duzu lege proposamen bat onartzea, Australiako jatorrizko herriak konstituzioan aitortzeko, eta horiek parlamentuan aholkularitza talde bat izateko?». Herrialdeko lehen ministro Anthony Albaneseren arabera, «herrialdea batzeko» balio dezake erreferendumak. Baina galdeketa «tresna politiko bat» besterik ez dela iritzi dio Gunaikurnai eta Wotjobaluk komunitateetako kide eta kazetari Ben Abbatangelok. «Kanpaina guri buruzkoa omen da, baina ez du zerikusirik gurekin».

Albanesek joan den martxoan aurkeztu zuen galdeketa. Bi proposamenak onartzeko, bi baldintza hauek bete beharko dira: herritarren erdiek baino gehiagok alde bozkatzea, eta gutxienez sei estatuetatik lautan baiezkoa gailentzea. Emaitza hori —baiezkoa, alegia— aurreikusten zuten inkesta gehienek joan den abuztuan, baina, azken asteotako inkesten arabera, irudi du ezekoa izango dela nagusi gaurkoan.

Martxotik hona, etenik gabeko kanpainan murgildu dira bi aldeak, eta, orain, «nekea» baino ez da gelditzen. «Zaila da galdeketaren aldeko edo kontrako kanpaina batean parte hartzen ari ez den norbait aurkitzea. Eta horrek asko gaiztotu du giroa», azaldu du Abbatangelok. Argitu du berak ez duela ez aldeko, ez kontrako kanpainetan parte hartu; baina, komunitate aborigena baten parte izanagatik ere, ezezkoaren alde lerratzen da. «Galdeketaren oinarria bera bortitza eta iraingarria da. Gure lurrak lapurtu dituzte bozkatuko duten herritar ia guztien arbasoek. Lapurtu, eta horien kontura aberastu».

Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa deitu diote jatorrizko herrietako kideek Australiako Parlamentuan izango luketen taldeari. Horrek eskumena izango luke haien aferekin zerikusia duten neurrietan aholkuak emateko, baina ez litzateke loteslea izango. «Azken finean, gobernuak aholku eta iritzi horiek entzuteko eta horiei erantzuteko asmoa izan behar du. Gobernuak ilusio bat balitz bezala aurkezten du proposamena, baina ez du aldaketarik eragingo», dio Abbatangelok.

Aborigenen bizi baldintzak hobetu nahia bainoago, «zuriek euren erruduntasun sentipena ezabatzeko desira» ezkutatzen da galdeketaren oinarrian, Abbatangeloren ustez. Eta, hein batean, horri egozten dizkio erreferenduma izaten ari den oihartzun eta parte hartze handiak: «Ezkerraren eta eskuinaren arteko bataila politiko bat bihurtu da, eta gure eskubideen auzia hor nonbait gelditu da, airean». Botoa emango duten horien artean zenbait profil bereizten ditu: batetik, beren iritzia emateko «irrikan» dauden Z belaunaldietako gazteak —hamahiru eta 30 urte bitarte dituztenak—; bestetik, aborigenen alde izan litekeen «edozeren aurka» egingo luketenak; eta, azkenik, oraindik zer bozkatuko duten ulertzen ez dutenak.

Aborigenak, pobreenak

Australiako biztanleriaren %3,2 dira aborigenak, eta gobernuak egindako zenbait ikerketaren arabera, gainontzeko herritarrek baino heriotza eta pobrezia tasa handiagoak dituzte. Delako aholkularitza talde parlamentario batek «ezer gutxi» egin dezake datu horiek hobetzeko, Abbatangeloren ustez. «Gobernuak berak bultzatzen gaitu etengabe pobrezian egotera».

Gaur-gaurkoz, Australia da lurraldeko jatorrizko herriekin akordio ofizialik ez duen Commonwealtheko estatu bakarra. Halere, Abbatangelok ez du gisa horretako itun bat sinatzeko asmorik. «Guk [aborigenek] ez dugu nahi gobernuaren eta gure arteko harremana parodia bilakatzea, munduko beste herrialde batzuetan gertatu den bezala. Guk autodeterminaziorako eskubidea nahi dugu. Hau gure lurra da». Edonola ere, aborigenen autodeterminazio eskaera«ez dator bat» Australiako Gobernuaren interesekin. Besteak beste, komunitate horien lurretan dauden baliabide naturalak ustiatzen dituelako gobernuak.

Herritarren %97,7k eman dute izena galdeketan —aintzat hartu behar da Australian derrigor dela erreferendumetan parte hartzea—, eta zenbaitek dagoeneko eman du botoa, urriaren 2an hasi baitzen korreoz bozkatzeko aukera. Izango dira eta badaude, halere, oraindik galdeketaren inguruan ezer gutxi dakitenak. Horien artean, adibidez, landa eremu bakartuetan bizi diren indigenak: «Deskonexio eta informazio falta handia dago zenbait komunitatetan».

Emaitza dena dela, biharamuneko aurreikuspenak ez dira onak, eta Abbatangeloren iritziz, bakarra izango da irabazlea: Australiako Gobernua. «Erreferenduma aurrera badoa, beste bost urteko epea izango dute aholkularitza talde hori sortzeko. Bertan behera geratzen bada, berriz, esango dute 'tira, saiatu gara', eta afera atzean utziko dute beste hamarkada batez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.