Aborigenak konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute Australian

Galdeketan baiezkoak irabazten badu, Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa izeneko batzordeak ordezkatuko ditu indigenak parlamentuan.

Indigenen Gaietarako ministro ohi eta aborigen Ken Wyatt, haren izendapenean, Canberran (Australia). LUKAS COCH / EFE
maddi iztueta olano
2023ko martxoaren 23a
13:03
Entzun

«Ez bada orain, noiz?». Horrela aurkeztu du bart Australiako lehen ministro Anthony Albenesek urte amaieran egingo duten erreferenduma. Herritarrek baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzun beharko diote galdera honi: «Lege proposamen bat onartzea konstituzioa aldatu eta Australiako jatorrizko herriak aitortzeko, eta Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa taldea sortzeko. Onartzen duzu proposatutako aldaketa?». Gaur-gaurkoz, ez dute zehaztu noiz egingo duten erreferenduma, baina Albanesek aurreratu du urriaren eta abenduaren artean egingo dutela.

Erreferendumak herrialdeko gehiengoaren babesa beharko du aurrera egiteko. Baiezkoa gailentzen bada, aborigenei eta Torres itsasarteko uharteetako herritarrei aitortza emango diete Australiako Konstituzioan. Gainera, indigenek osatutako talde batek, Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsak, ordezkaritza izango du parlamentuan, eta ahalmena izango du indigenen aferekin lotutako legeetan eta proiektuetan iritzia emateko.

Emateko daude taldearen eskumenen eta osaeraren inguruko xehetasunak. Hala ere, aurreratu dute aborigenek eta Torres itsasarteko komunitateek hautatuko lituzketela batzordeko kideak. Taldeak ez luke betorako eskumena izango parlamentuan, baina hitza izango luke haiei dagozkien aferetan.

Erreferendumak Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena du oinarri. 2017ko maiatzean 250 lider indigenatik gora bildu ziren Uluru hareharrizko haitzean —leku sakratua da aborigenentzat, eta Gizateriaren Ondare 1987tik—. Bilkura hartatik sortu zuten dokumentuan eskatu zuten indigenek osatutako talde bat aitortzeko Australiako Konstituzioan.

Albanesen arabera, eskakizuna egia bihurtzeko lanean ibili dira ordutik. Prentsaurrekoan berretsi zuen Australiako ehunka komunitate indigenekin zehaztu dituztela erreferendumaren nondik norakoak. Haren esanetan, iraganeko hutsegiteak «konpontzeko» balio dezake bozketak.

Egun, Australiako biztanleriaren %3,2 dira indigenak. Hala ere, ez dituzte behin ere aitortu konstituzioan, eta 122 urte ditu. Gobernuak egindako ikerketen arabera, indigenek osasun arazo gehiago dituzte, eta heriotza eta pobrezia tasa handiagoak. «Parlamentuan Ahotsaren gisako talde bat izateak nabarmen hobetu ditzake aborigenen eta Torres itsasarteko uharteetako herritarren bizitzak. Jatorrizko herrietako indigenek ahotsa izango dute beren aferetan egiten diren proiektuetan eta politiketan», adierazi du Linda Burney Australiako Indigenentzako ministroak.

Denetariko erreakzioak

Lehen ministroak espero du galdeketak herritarren gehiengoaren «babesa» lortuko duela. Baina orain arte egin dituzten 44 erreferendumetatik zortzi bakarrik onartu dituzte, eta, gaur-gaurkoz, denetariko iritziak daude oposizioan.

Galdeketa babestu dute Berdeen Alderdiak eta zenbait legegilek. Baina Alderdi Liberalak «xehetasun gehiago» jakin behar ditu erreferendumaren «aurka edo alde» egin erabakitzeko, alderdiko buru Peter Duttonen arabera.

Alderdi Nazionalak, berriz, dagoeneko adierazi du ez duela aldaketaren alde egingo. Haien arabera, «beste tirita gorri burokratiko bat besterik ez da».

Proposamenaren protagonisten artean ere, alde bateko zein besteko iritziak daude. Komunitate indigena batzuen arabera, «neurria ez da nahikoa», eta salatu dute tokiko indigenekin itunik sinatu ez duen Commonwealtheko herrialde bakarra dela Australia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.