Australia

Aborigenak konstituzioan aitortzearen kontra bozkatu dute australiarrek

Erreferendumean ezetzak irabazi du herrialdeko sei estatuetan.

Australiako oposizioburu Peter Dutton eta bere alderdiko aborigenenetarako aferen senatore Jacinta Price, gaur, erreferendumaren emaitzak baloratzen. JONO SEARLE / EPA / EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 14a
13:57
Entzun

«Nahi duzu lege proposamen bat onartzea, Australiako jatorrizko herriak konstituzioan aitortzeko, eta horiek parlamentuan aholkularitza talde bat izateko?». Galdera horri baietz edo ezetz esateko erreferenduma egin dute gaur 17 milioi australiarrek. Inoizko parte hartzerik handiena izan da gaurko galdeketan, hots, herritarren %97,7k eman dute boza —aintzat hartu behar da Australian derrigorrezkoa dela erreferendumetan parte hartzea–. Proposamenak aurrera egiteko, bi baldintza hauek bete behar ziren: herrialde osoan baiezkoa gailentzea, eta gutxienez sei estatutik lautan baiezkoak irabaztea. Oraindik daturik eman ez badute ere, porrot egin du proposamenak, ezetza izan baita nagusi estatu guztietan.

Herrialdea batzeko ariketa gisa aurkeztu zuen galdeketa lehen ministro Anthony Albanesek, iragan martxoan. Geroztik, kanpainan murgilduta izan dira bi aldeak. Halere, hainbat talde aborigenek ere ezetz bozkatzeko eskatu dute hilabeteotan. «Galdeketaren oinarria bera bortitza eta iraingarria da. Gure lurrak lapurtu dituzte bozkatuko duten herritar ia guztien arbasoek. Lapurtu, eta horien kontura aberastu», esan zuen aurrekoan Gunaikurnai eta Wotjobaluk komunitate aborigenetako kide Ben Abbatangelo kazetariak.

Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa deitu nahi zioten aborigenek Australiako Parlamentuan izango luketen taldeari. Delako talde horrek aholkuak emango zituen aborigenei buruzko aferetan, baina haren ebazpenak ez ziren lotesleak izango. Gainera, proposamenak aurrera egitekotan ere, gobernuak bost urteko epea izango luke talde hori eratzeko, eta, oraindik, ez zegoen argi ez nork ez zenbatek osatuko luketen.

Galdeketak bitan zatitu du herrialdea: batetik, proposamena «historikotzat» eta aborigenen eskubideen aldeko «sekulako aurrerapausotzat» zuten kanpainaren aldekoek; bestetik, «azalekoegia, faltsua eta inolako fundamenturik gabekoa» zela iritzi zioten kontra egin zuten askok.

Aspaldiko eskaera

Galdeketak Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena du oinarri. 2017ko maiatzean 250 lider indigenatik gora bildu ziren Uluru hareharrizko haitzean —leku sakratua da aborigenentzat, eta Gizateriaren Ondare 1987tik—. Bilkura hartatik sortu zuten dokumentuan eskatu zuten indigenek osatutako talde bat aitortzeko Australiako Konstituzioan.

Izan ere, gaur-gaurkoz, lurraldeko jatorrizko herriekin akordio ofizialik ez duen Commonwealtheko herrialde bakarra da Australia. Estatuko biztanleen %3,2 dira aborigenak, hau da, europarrak heldu aurretik herrialdea populatzen zutenen ondorengoak. Gobernuak egindako zenbait inkestaren arabera, gainontzeko herritarrek baino heriotza eta pobrezia tasa handiagoak dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.