Fatima Djarra Sani. Ekintzailea

«Ablazioaren tabua apurtu beharra dago»

Emakumeen sexualitatearen aurkako praktika gisa definitzen du ablazioa Djarrak. Errespetua eta pazientzia ditu tresnarik garrantzitsuenak bitartekari lanetan; sentsibilizazioa helburu.

Jone Amonarriz
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Urteetako borroka isilari indarra, oihartzuna eta ahotsa eman nahi dizkio Fatima Djarrak (Bissau, Ginea, 1968). Ablazioaren aurka lanean ari diren ekintzailerik konprometituenetakoa da; Munduko Medikuen erakundeko bitartekaria Nafarroan, 2008az geroztik. Baginaren zati handi bat erauzi zioten haurra zela. Geroztik «odolean errebeldia» daroala dio. Gaur arte. Emakumeen ablazio genitalen aurkako nazioarteko eguna.

Nola gogoratzen duzu ablazioa egin zizuten unea?

Eguna festa baten moduan hasi zen. Nik 4 urte besterik ez nuen. Goizean goiz esnatu gintuzten ahizpa eta biok, eta esan ziguten festa eguna zela. Dutxatu, jantzi, eta amonaren etxera joan ginen. Ustez egun handia zenez, pozik irten nintzen kalera. Hara iritsi ginenean, emakume ugari zeuden, abesten eta dantzan. Ahizpa eraman zuten lehenik, eta ni ondoren. Ahizparen negarrak entzun orduko hasi ziren nire susmoak. Zer gertatzen ari zen galdetu nien, behin eta berriro, baina inork ez zidan erantzun. Nire txanda heldu zenean, lurrean etzan ninduten. Galdezka hasi nintzen, oihuka, negar batean. Minutu gutxi batzuk iraun zuen.

Zein orbain utzi dizkizu?

Nire lurraldean, nire herrian etanire etxean egonik, ez nintzen kontziente izan gertatutakoaz luzaroan. Ez sufritzen erakusten diete emakumeei han. Errealitatea ezagutzen ez nuenez, pentsatzen nuen emakume guztiak berdinak ginela. Eskolan, 12 urte ingururekin hasi nintzen jabetzen ezberdintasunez; genital normal batzuk nolakoak diren eta ablazioa egin ondoren zein itxura duten. Baina egoera berean dauden emakumeen komunitate batean nengoenez, ezin nion buruari buelta gehiegi eman. Urteak pasatu ahala hasi nintzen ikusten errealitatea, eta sentitzen ondorioak, sexualak eta harremanei dagozkienak. Arazo estetikoak, fisikoak, eta psikologikoak uzten ditu ablazioak, bizitza osoa baldintzatzen dutenak.

Nola justifikatzen dute halako astakeria?

Astakeria hori egiten dutenek ez dute ikusten hala denik. Ez dira kontziente egiaz praktika hori denaz. Uste dute egiten dutena ona dela euren familiarentzat, ona euren alabentzat, euren haurrentzat, ilobentzat eta bilobentzat. Hezkuntza ideia horretan oinarritzen da. Gure ardura da pertsona horiek guztiek kontzientziatzea eta ikusaraztea emakumeen osasunarentzat kaltegarria dela, min handia egiten duela bai unean bertan eta bai ondoren; erditzeko unean, besteak beste.

Tradizio horrek funtsean ez duela oinarririk diozu.

Ez du oinarri sendorik, inondik inora. Komunitateari galdetuz gero, guztiek erantzun bera ematen dute: emakumearen purutasuna dela, batetik; birjintasunaren kontrola, bestetik... Baina, funtsean, emakumearen sexualitateri erasotzen dio. Argi dago emakumearen aurkako indarkeria eta diskriminazioa besterik ez duela oinarrian.

Legez kanpokoa da ablazioa Afrikako herrialde askotan, baina legea ez da betetzen. Ez al da kontraesana?

Dudarik gabe. Afrikako 24 herrialdetan debekatu dute ablazioaren praktika. Ostera, ez da betetzen. Zergatik? Gizartean oso barneratuta dagoelako ablazioa ona den ideia. Gainera, ez daude baliabideak hori eragozteko eta, besteak beste, gaiaren inguruko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa landa eremuetara heltzeko. Urrats hori egin ezean, jendeaktradizioa mantentzen segituko du, informaziorik ez delako iristen leku horietara. Aurrerapausoak eman dira urteotan, baina oraindik lan handia dago egiteko.

Hain sustraituta dagoen tradizio bat nola desagerrarazten da?

Munduko Medikuen elkartean bitartekarien bidez egiten dugu lan alor horretan. Ezinbestekoa da aurrez aurre eta hizkuntza berean hitz egingo duen jendea egotea, familia horietara iristea ahalbidetzeko. Nik jasan dudan sufrimendua azaleratzen diet, are hobeto islatzeko errealitatea.

Gizartean onartuta dagoen ohitura bada, zergatik da horren zaila horri buruz hitz egitea?

Gai tabua da. Hemen orain 50 urte ere ez zen sexualitateari buruz hitz egiten. Afrikako emakumeen artean ez dute aipatu ere egiten ablazioa. Apurtu beharra dago harresi hori, hitz egiten hasteko, errespetuz, noski, estereotiporik eta kriminalizaziorik egin gabe, tolerantziatik eta pazientziaz.

Zergatik egiten zaie ablazioa gero eta haur txikiagoei?

Ikusten dutelako erakundeak lanean ari direla ohitura hori desagerrarazteko. Emakume askok ez dute tradizioa eten nahi, eta, horregatik, ablazioa egiteko umeen adina jaisten dute, edoskitze garairaino. Aldaketa horren inguruan ematen duten beste argudio bat da haurtxoek ez dutela sufritzen, umeak ez duela sentitzen pertsona helduek bezala.

Asko dago egiteko, baina, hala ere, baikorrak izateko arrazoiak daudela uste duzu.

Aurrera egiten ari gara. 2008tik hona asko aldatu dira gauzak.Duela zortzi urte oso zaila zen ablazioaz hitz egitea; are gehiago Afrikako pertsonengana iristea. Gaur, 2016an, pertsona horiek topatu ditzakegu, inongo taburik gabe hitz egiteko prest direnak, mugarik gabe jarduteko gai direnak eta, formazio prozesu oso baten ondoren, prest direnak esateko ezetz ablazioari eta ezetz emakumearen sufrikarioari. Bilakaera esanguratsua da.

Indomable: de la mutilación a la vida (Menderaezin: erauzketatik bizitzara) jarri diozu izena iaz argitaratutako liburuari.

Ablazioaren inguruko iritzi publikoan eragitea du helburu; milioika emakumeri eragiten dien praktika honen inguruan sentsibilizatzea eta, bereziki, jendeak ezagutzea Afrikako emakumeon errealitatea, aukera bat eman diezaguten gu geu izateko. Afrikako emakumeei ere ohartarazi nahi diet nahikoa dela, agintea hartu behar dugula eta ezetz esan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.