Abian da Illaren inbestidura saiorako atzerako kontua

Gobernua osatzeko nahikoa babes duela jakinarazi dio PSCko hautagai Salvador Illak Kataluniako Parlamentuko presidente Josep Rulli. Puigdemontek baieztatu du inbestidura saiorako itzuliko dela.

PSCko presidentetzarako hautagai Salvador Illa, alderdiak Bartzelonan duen egoitzan, gaur. ANDREU DALMAU / EFE
PSCko presidentetzarako hautagai Salvador Illa, alderdiak Bartzelonan duen egoitzan, gaur. ANDREU DALMAU / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 3a
16:15
Entzun

Erlojuaren kontran aritu dira Katalunian iragan maiatzean parlamenturako bozak egin zituztenetik; baina irudi du, azkenean, garaiz iritsiko direla beranduenez ere hil honen 25ean egin behar zuten inbestidura saiora. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako hautagai Salvador Illak gaur goizean jakinarazi dio Kataluniako Parlamentuko presidente Josep Rulli badaukala nahikoa babes inbestidura saioa gainditu, Generalitateko presidente izan eta gobernua osatzeko. Urrats hori egin ahal izan du ERC Esquerra Republicanarekin aurreakordioa hitzartu, eta testu horri alderdi subiranistaren oinarriko %53k oniritzia eman ondoren, atzo iluntzean.

Hain justu, gaur egin ditu Illak bozketa horren inguruko lehen adierazpenak, PSCko zuzendaritzarekin ezohiko bilera batean bildu ondoren, alderdiak Bartzelonan duen egoitzan: «Politika ona eskuzabala da, ez berekoia; eta horrek irabazi du». Negoziazioetan adostutakoa beteko balitz, Illak 68 —horiek dira gehiengo osoa lortzeko behar dituen botoak— parlamentariren babesari esker gaindituko luke inbestidura saioa: PSCk 42 ditu, ERCk hogei eta Comunsek sei. PSCko hautagaiaren arabera, hiruko aliantza horrek «blokeotik haratagoko itxaropenezko etorkizun kolektibo bat» eraikitzeko bidea zehazten du.

Comunsek bozen emaitzak ezagutu eta berehala ireki zion atea PSCrekin eta ERCrekin hiruko aliantza bat osatzeari, argudiatuta horixe litzatekeela hauteskundeak berriro ez egiteko eta arlo sozialean aurrerapausoak emateko «modurik logikoena». Baina ERCren sostengua lortzea gehiago kosta izan zaie. Alderdi subiranista eta PSC asteak egon dira negoziazioetan murgilduta; iragan astelehenean jakinarazi zuen ERCko zuzendaritzak lotu zutela aurreakordioa, eta asteartean jakinarazi zituzten adostutakoaren xehetasunak.

Besteak beste, aurreakordioak barne hartzen du —Espainiako Gobernuan dagoen PSOE Espainiako Alderdi Sozialistaren oniritziarekin— Kataluniarentzat finantzaketa sistema «berezi» bat abian jartzea. Neurri horrek oihartzun handia izan du Kataluniako zein Espainiako paisaia politikoetan, eta zenbait sektoreren haserrea eragin du; bereziki, eskuineko alderdiena. Egunotako kritiken harira, erreforma hori defendatu du Illak: «Kataluniar guztien hobe beharrez da, gure finantzaketa hobetzea du helburu, beste inori kalte egin gabe».

«Kataluniar guztien hobe beharrez da, gure finantzaketa hobetzea du helburu, beste inori kalte egin gabe»

SALVADOR ILLAPSCko burua eta hautagaia

PSCko hautagaiaren eskaera jasota, espero da Rullek etzi, astelehenean, hastea inbestidura saiorako data finkatu aurreko bilera sorta. Lehenbizi, Illarekin bilduko litzateke; gero, ERCko eta Comunseko ordezkariekin; eta, ondoren, gainontzeko talde parlamentarioekin.

Eta egun horretan, etzi, erabakiko dute Jovent Republicako —ERCren ildoko militantzia talde bat— militanteek euren parlamentari Mar Bessesek Illaren inbestidura babestu behar ote duen ere. Alderdi subiranistako oinarriaren bozketaren emaitzek agerian utzi dute PSC babestearekiko sortu den barne zatiketa, militanteen %53,5ek egin baitzuten horren alde, eta %44,8k aurka. Erabakitzen dutena erabakitzen dutela, «errespetatu» egingo dutela esan zuen atzo Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak.

Mila kilometro atzera

X sare sozialean argitaratutako hiru orriko gutun baten bidez baieztatu du Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemontek Bartzelonara itzuliko dela inbestidura saiorako. «Nahi dutena lortzen badute, badakit zer daukadan zain, eta badakit zer egin behar dudan», idatzi du. Espainian oraindik ere indarrean dago hura atxilotzeko agindu bat, Espainiako Auzitegi Gorenak argudiatuta Amnistia Legeak ez duela barne hartzen «diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik» egozten dioten delitua.

«Badakit nire itzulerak zer eragin dezakeen: ni atxilotzea eta kartzelan sartzea, nork daki zenbat denborarako», adierazi du gutunean. Halere, zehaztu du ez duela «negoziazioetarako objektu bat» bihurtu nahi, ezta bere atxiloketarengatik Kataluniaren independentziaren aldeko borroka «bertan behera» utzaraziko lukeen erabaki politikorik hartzea ere. Hori bai, halakorik gertatuko balitz, Espainiako sistema judiziala litzateke horren «erantzule»: «Espainian, epaile batzuk prest daude legea ez betetzeko, eta Espainiako Gobernuak etsita dagoenaren nagikeriarekin begiratzen die».

Bestalde, kritiko agertu da ERCk PSCren inbestidura babesteko hartutako erabakiarekin: «Izaera espainolista duen gobernu batek kalte egingo dio Kataluniari, eta ERC horren konplize izango da». Puigdemontek 2017an egin zuen ihes Bruselara, eta han egon da erbesteratuta azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.