Abian da Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionala, Harrisen hautagaitza indartzeko asmoz

Ostegunean bukatuko da kongresua, eta espero da AEBetako presidenteordea orduan izendatzea demokraten hautagai presidentetzarako bozetarako. Protestak antolatu dituzte datozen lau egunetarako, AEBek Gazaren aurkako oldarraldian duten rola salatzeko.

Kamala Harrisen kanpainako kartel batzuk, gaur, Chicagon (Illinois). WILL OLIVER / EFE
Kamala Harrisen kanpainako kartel batzuk, gaur, Chicagon (Illinois). WILL OLIVER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 19a
16:00
Entzun

Kolore urdinez jantziko da asteon Chicago (AEB), Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalaren topalekua. Gaur hasi eta ostegunean bukatuko da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako Alderdi Demokrataren hautagaia ofizialki izendatzeko zeremonia, eta horixe izango da: zeremonia hutsa. Izan ere, dagoeneko jakina da Kamala Harris AEBetako presidenteordea lehiatuko dela azaroaren 5ean egitekoak diren bozetan Donald Trump hautagai errepublikanoarekin. Halere, herrialdeko eta nazioarteko arreta demokraten bilkuran jarrita egongo da, eta Harrisek indar erakustaldi bat egiteko baliatu nahi du hori.

AEBetako presidente Joe Bidenek uztailaren 21ean hautagaitzari uko egin eta berehala jo zen Harris haren ordezkotzat. Gero, hil hasieran alderdiko ordezkariek egin zuten bozketa telematikoan aise lortu zuen bere hautagaitza onartzeko behar zen babesa: 1.976 ordezkariren botoak behar zituen, eta 3.923 lortu zituen. Litekeena da kongresuan bozketa berriz egitea; dena den, Harrisek zenbateko babesa duen aintzat hartuta, bozketa hori erabat sinbolikoa izango litzateke.

Alderdi barruan jasotako babes zabalaren erakusgarri da datozen lau egunotarako prestatu duten agenda, Harrisen aldeko hitzaldiak ematekoak baitira Alderdi Demokratako kiderik esanguratsuenak: Biden gaur da hitz egitekoa, bihar AEBetako presidente ohi Barack Obama (2008-2017) da agerraldia egitekoa; eta, etzi, berriz, Nancy Pelosi, Ordezkarien Ganberako presidente izandakoa. Koreografia neurtu horren azken ekitaldia Harrisek egingo du, ostegunean.

Horiek horrela, Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalak gehiago dirudi hauteskunde kanpainako ekitaldi bat, presidentegaia aukeratzeko izapide bat baino. Horren erakusgarri da, adibidez, Trumpek Chicagon duen dorrea erabili izana Harrisen eta haren presidenteorde izango litzatekeenaren, hau da, Tim Walzen aldeko mezuak jartzeko.

%50

Zenbateko babesa jasoko lukeen Kamala Harrisek AEBetako presidentetzarako bozetan.The Washington Post egunkariak, ABC News hedabideak eta Ipsos ikerketa enpresak elkarlanean egindako azken inkestaren arabera, Kamala Harris AEBetako presidenteordeak botoen %50 lortuko lituzke azaroaren 5ean egitekoak diren presidentetzarako bozetan. Donald Trump hautagai errepublikanoak, berriz, botoen %45 bilduko lituzke.

Jende oldea elkartuko da Chicagon: espero da 50.000 jarraitzaile eta 5.000 ordezkari demokrata inguru han izatea. «Historikoa izan litekeen zerbait dugu aurrean: AEBetako lehenengo emakume presidentea hautatzea, eta munduari erakustea zer den posible herrialde gisa batzen garenean», esan zuen atzo kongresuko presidente Minyon Moorek, prentsa ohar baten bidez.

Gazako oihartzuna

Batzuek Harrisi eta Alderdi Demokratari kritika egiteko ere probestuko dute egunotako programazioa. Israelek iragan urriaren 7an Gazaren aurka areagotutako oldarraldiaren harira, Palestinaren aldeko protestak antolatu dituzte aste honetarako. Egunero egingo dituzte, Alderdi Demokratak Kongresu Nazionala egingo duen eraikinaren inguruetan, eta Poliziaren presentzia nabarmen handitu da eremu horietan.

AEBak dira Israelen aliaturik handiena, eta azken hilabeteetan gero eta jarraitzaile demokrata gehiagok —eta, batez ere, unibertsitateko ikasleek— kargu hartu diote Bidenen administrazioari, Gazaren aurkako oldarraldian izaten ari den rolagatik. Azken asteetan egindako agerraldietan, Harris zertxobait kritikoago agertu da Israelekin Biden baino; halere, berretsi du Israel «babestuko eta defendatuko» dutela.

Aste honetarako deitutako protestek gogora ekarri dute duela 56 urte gertatutakoa: 1968an Alderdi Demokratak egindako Kongresu Nazionalean, manifestazio jendetsuak egin zituzten Vietnamgo gerraren aurka protesta egiteko, garai hartan abian baitzegoen. Istilu larriak izan ziren, ehunka lagun atxilotu zituzten, eta manifestari bat hil zen.

Trump, kanpainan murgilduta

Alderdi Errepublikanoak iragan uztailean egin zuen kongresua, Milwaukeen, eta hor baieztatu zuten Trumpen izendapena. Ordutik, Etxe Zuriko maizter izandakoa erabat murgilduta dago bozetarako kanpainan, eta lau estatutan izango da asteon: Pennsylvanian, Michiganen, Ipar Carolinan eta Arizonan. Hain justu, demokraten kongresuak iraungo duen lau egunetan, mitinak egingo ditu estatu horietan, egunean bat.

Trumpek ohiko duen tonu oldarkorrari eusten dio, eta Harrisen aurkako adierazpenak egin ditu egunotan ere; azken hauek, herenegun: «Inoiz kargu publiko baterako aurkeztu den ezkertiar erradikalena da Harris. Errazagoa izango da hari irabaztea, Bideni irabaztea baino». Are, esan zuen Bidenek «gorroto» duela Harris, postua «hartu» diolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.