Gaurtik abuztuaren 11ra bitarte Parisen egitekoak diren Olinpiar Jokoak inauguratu baino ordu batzuk lehenago, ezustekoa izan da Frantziako hiriburuan eta haren aldirietan: TGV abiadura handiko trenaren sareak sabotatu dituztela jakinarazi du SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoak. Konpainiaren arabera, 04:00 aldera izan da erasoa: suteak piztu dituzte trenbideen inguruan, seinaleztapena hornitzeko kableen eta komunikazioen hodietan, eta hainbat elementu tekniko hondatu dituzte. Hortaz, uste dute egileek «ezagutza teknikoak» dituztela.
Parisko lau lineetatik hiruri eragin die «eraso masiboak»: iparralderantz doazenei, hau da, Londresekin, Bruselarekin, Amsterdamekin eta Alemaniarekin lotura dutenei; mendebalderantz doazenei, Bretainarekin eta Bordelerekin lotura dutenei; eta ekialderantz egiten dutenei, Frankfurtekin eta Estrasburgorekin lotura dutenei. Konpainiak jakinarazi duenez, litekeena da egun batzuk behar izatea ohiko jardunean hasteko berriz.
Foule très importante à la gare Montparnasse à Paris.
— Luc Auffret (@LucAuffret) July 26, 2024
Le trafic SNCF est très perturbé suite a des actes de sabotage coordonnés sur plusieurs lignes.#Paris2024#JOParis2024#SNCF#ceremoniedouverturepic.twitter.com/5kdKUQ5hSl
Horiek horrela, ahal duten heinean euren bidaia «atzeratzeko» eskatu die herritarrei SNCFk, X sare sozialaren bitartez. Denera, 800.000 bidaiari ingururi eragingo die; hori bai, konpainiak argitu du bertan behera utzi ahal izango dituztela erositako txartelak, eta ordaindutakoa itzuliko dietela.
«[Olinpiar] Jokoei eraso egitea Frantziari eraso egitea da»
AMELIE UDEA-CASTERAFrantziako Kiroletako ministroa
«Gaitzetsi egiten ditut ekintza kriminalok, zeinek frantses askoren oporraldiei eragingo dieten», esan du Frantziako Garraio ministro Patrice Vergrietek. Parisko eskualdeko presidente Valerie Pecressek, halaber, salatu du herrialdea «ezegonkortzeko» saiakera bat izan dela erasoa, aintzat hartuta Olinpiar Jokoak ordu batzuk barru direla hastekoak. Horrekin lotuta, zera esan du Kiroletako ministro Amelie Udea-Casterak: «[Olinpiar] Jokoei eraso egitea Frantziari eraso egitea da».
Zapuztutako planak
Montparnassekoa abiadura handiko trena iristen den Parisko geltoki nagusietakoa da. Hara iristen da, adibidez, Hendaiatik abiazen dena. Egunero ohikoa izaten da bidaiarien joan-etorri handia. Are gehiago egun hauetan, Olinpiar Jokoak direla eta. Baina gaur goizean, geltoki kanpoaldean ere bidaiari ugari pilatu dira, baita kazetari mordoa ere, sabotajea zela eta. Maletak alboan, zain zeuden euren trenekin zer gertatuko zen argitu nahian. Asko sakelako telefonoari begira zeuden denbora-pasa; beste batzuk, elkarrekin hizketan. Jokoak direla eta, geltokietan bidaiariei laguntzeko jarri dituzten langileak geratu gabe ari ziren lanean, kezkak eta zalantzak argitu nahian».
Bidaiari horietako bat zen Veronique Dupont. Arroxelara zihoan. «Geltokira iritsi naizenean jakin dut zer gertatu den, eta handik gutxira iritsi zait eskuko telefonora mezua, nire trena bertan behera utzi dutela esanez». Lan kontuak direla-eta pare bat egun egon da Parisen, eta etxerako bidaia zuen. «Azkenean, bihar arratsalde arte ezingo naiz bueltatu».
Lagunekin hitz egin behar izan du. «Hasieran, nahiko urduri jarri naiz. Izan ere, etxean animaliak ditut, eta gurasoak gaur oporretara zihoazen; beraz, ezin ziren geratu haiek zaintzen. Azkenean, lagun bati eskatu diot mesedea, eta baietz esan dit. Orduan lasaitu naiz». Sakelakora begira ari zen Dupont. «Ostatua bilatu behar izan dut. Oso garesti dago, eta, azkenean, Booking bidez hartu dut. 160 euro ordaindu dut gau bat». Bidaiaren asegurua hartua zuen, baina ez diote argitu ostatuagatik ordaindu duena itzuliko dioten. «Atzerapena ez denez haien errugatik izan, ikusi beharko dugu».
Geltokiaren barruan zegoen Elisa Lambert. Parisen egiten du lan, baina Bretainiako herri txiki batekoa da. «Oraingoz ez didate ezer argitu nire trenaren inguruan, arratsaldean irtetekoa baita. Baina aurreko guztiak atzeratuta daude. Beraz, uste dut gaur hemen geratu beharko dudala. Guztiz ziurtatu arte hemen itxarongo dut».
Irrikaz zegoen etxera bueltatzeko. «Nire urtebetetzea da bihar, eta etxekoekin eta lagunekin ospatu nahi nuen. Baina uste dut ez dela posible izango. 30 urte beteko ditut, eta festa handi bat egiteko asmoa neukan. Bihar ez bada, igandean edo datorren asteburuan egin beharko dugu». Gainera, bi asteko oporraldia hasiko du. «Jokoak zirela-eta hemendik joan nahi nuen, eta egun batzuk lasai igaro jaioterrian». Parisen geratu behar bazuen, bazuen plana. «Telebistatik hasiera ekitaldia ikusiko dut, lasai-lasai, etxean. Hiria jendez beteta dago, eta nahiago dut horrela egin».
Francoise Bernad patxada handiagoz zegoen. «Halakoetan jendea urduritu egiten da, baina nik nahiago dut lasai hartu. Azken finean, ez dago nire esku konpontzea». Arcachonera zihoan, hura ere oporretara. «Lagun batzuk ditut han, eta haiek bisitatzera nindoan. Dagoeneko abisatu diet gaur ez naizela iritsiko, eta pentsatua genuen parranda batzuk egitea. Izango ditugu egun gehiago horretarako».
Zain zegoen ea informazioa ematen zioten noiz hartu ahal izango zuen trena. «Ordubete barru zerbait esango didatela esan didate. Ea zer geratzen den. Bitartean mokadutxo bat egingo dut, etxetik ezer gosaldu gabe irten bainaiz».