SERIEA. Ocalanek 25. urtea kartzelan (I). Espetxealdia.

Abdullah Ocalan, 25 urte espetxean

Buruzagi kurduak 22 hilabete daramatza erabat bakartuta, eta gero eta kezka handiagoa dago haren inguruan.

Abdullah Ocalan aske utz zezatela eskatzeko iaz Erroman egindako protesta bat. GIUSEPPE LAMI / EFE.
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Bihar, 25. espetxe urtea hasiko du Abdullah Ocalanek, kurduen askapen mugimenduko buruzagiak. Turkiako Estatuak bahiturik dauka segurtasun goreneko kartzela batean, Imraliko espetxe-uhartean.

Ocalan harrapatzeko, nazioarteko konspirazio korapilatsu bat antolatu zen, Turkiako Gobernuari atsegin emateko ez ezik, baita oztopoa jartzeko ere Ekialde Hurbilean ardaztuta dagoen interes eta gerra korapilo bihurriaren konponbide politiko eta demokratikoei.

Turkiako zerbitzu sekretuek bahitu zuten Ocalan, Kenyako hiriburuan, Nairobin, Greziaren enbaxadatik irteten ari zela, ordurako Hegoafrikak onartua zuelarik hura iheslari politiko gisa hartzea. Legez kanpo, Turkiara eraman zuten airez, konspirazioan tartean ziren gobernu guztiak jakinaren gainean zirela.

Ocalan, Kenyara iristerako, bide zail bat egina zen, eta haren kasua zein korapilatsua den eta haren figura politikoa zein inportantea den argi islatzen du bide horrek. 1998ko azaroaren 12an, Erromara iritsi zen; hurrengo urteko urtarrilean, ordea, Italiatik alde egin behar izan zuen. Garai hartan, Massimo D'Alema zen hango lehen ministroa. Herbehereek eta Bielorrusiak ez zioten sartzen utzi, eta, Turkiak eta Mendebaldeko beste gobernu batzuek presio izugarria egin ondoren, Ocalanek Greziara itzuli behar izan zuen, eta handik, Kenyara. Hantxe bahitu zuten.

Uharte-espetxean

Imraliko uharteko kartzela hustu egin zuten Ocalan izan zedin hango preso bakarra —2009an beste bost preso sartu zituzten han—. Epaiketa sumarisimo bat egin zioten, eta hiltzera kondenatu, baina zigor hura azkenean ez zen bete, Mendebaldeko gobernuek gogotik esku hartu zutela eta; izan ere, kontzientzia txarra zuten haren bahiketan konplize izateagatik. Nolanahi ere, Turkiako Estatuak bahitu politiko bilakatu zuen Ocalan, ederki baitzekien haren buruzagitza, eragin handikoa, ezinbestekoa zela kurduen auziari edozein aterabide politiko emateko.

Kartzelatu zutenetik, erabat bakartuta eduki dute Ocalan. Turkiako agintariek nahieran maneiatu dute haren bakarraldia, koiuntura politikoen eta negoziazioen arabera, non Ocalan bera izan baita beti protagonista nagusi eta funtsezko figura. Horren erakusgarri, 2015etik, hots, bertan behera geratu zirenetik lider kurdu horrek eta Recep Tayyip Erdoganen gobernuak 2013an hasitako negoziazioak, izugarri gogortu dira Ocalanen eskubideen urraketak eta haren bakarraldia, eta buruzagia ezin izan da bere abokatuekin egon azken 22 hilabeteetan; are, 2021eko martxoan baino ez zioten baimena eman bere anaiarekin telefonoz hitz egiteko, hiru minutuz. Eta gaur egun Imralin dauden beste hiru presoak antzera dauzkate: eskubideak urratuta, eta bakartuta.

Kezka handia dago Ocalan nola ote dagoen osasunez. Apirilaren 4an 74 urte beteko ditu. Aurtengo urtarrilaren bukaeran, abokatuz eta politikariz osatutako nazioarteko ordezkaritza bat Istanbulen, Ankaran eta Diyarbakirren izan da, eta bilerak egin ditu Ocalanen abokatuekin, presoei elkartasuna erakusteko zenbait elkarterekin eta HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren ordezkari batzuekin. Alderdi horrek, hain justu, 32 eguneko bijilia bat egin du justiziaren alde, gobernuari eskatzeko baimendu diezaiela abokatuei eta senideei Imraliko presoei bisita egitea.

Turkiako Kartzeletako eta Atxilotze Zentroetako Zuzendaritza Nagusiaren datuen arabera, 399 espetxe daude gaur egun herrialde hartan, eta 288.798 lagun kartzelatzeko tokia dago; 2022ko abenduan, ordea, 336.315 preso zeuden denera; 1.517 eritzat joak daude, eta horietatik 651 larri daudela diote. 2021ean eta 2022an, bi urte horietan bakarrik, 30 espetxe eraiki dituzte Turkian.

Esparru politikoan urte garrantzitsua da hau Turkian, eta, Erdogan presidenteak iragarri duenez, hauteskundeak izango dira maiatzaren 14an, orokorrak eta presidentetzarakoak. Presidentearen beharrak kontuan harturik erabaki dute bozak aurreratzea, baina erabaki hori berresteko dago oraindik, parlamentuan edo dekretu bidez. Nolanahi ere, hauteskunde kanpaina aspalditik hasia dute gobernu koalizioa osatzen duten alderdiek, hots, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiak —2001ean sortu zuten, eta, 2002tik, sei hauteskunde orokorretan irten da garaile— eta eskuin muturreko MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak. 2022aren bukaeran, oposizioko 89 kazetari zeuden kartzelan, eta aurtengo urtarrilaren amaierarako beste dozena bat ere atxilotua zuten.

HDP, legez kanpo

Bestalde, sumario bat abian da hauteskundeak baino lehen HDP alderdia legez kanpo uzteko. Bien bitartean, parlamentuan bertan, presidentetza bulegoak Batzorde Judizial eta Konstituzionalari dozenaka aldiz aurkeztu dizkio mozioak hainbat parlamentariri immunitatea ken diezaieten: hiru alderditako hemezortzi diputatu dira, zeinetatik hamasei, jakina, HDPkoak baitira. Hain zuzen ere, Turkiako Estatuak azken urteetan disidentzia politiko oro deuseztatzeko erabili dituen baliabide usuenetako bat da hori, oposizioko diputatuei immunitatea kentzea, hartara gero haiek kartzelan sartu ahal izateko.

2018an hautatuak izan ziren bi diputatu, adibidez, espetxeratu egin dituzte, eserlekua kenduta. 2019ko udal hauteskundeetan, HDP nagusi izan zen 65 udalerritan, baina gobernuak eskua sartu du guztietan seitan izan ezik, eta de facto-ko administratzaileak jarri HDPkoen ordez, milioika biztanleren botoa paper erre bihurturik.

Halako jokabide etengabeak ikusirik, HDPk Lana eta Libertatea koalizioa bultzatzen dihardu 2022aren hasieratik, ezkerreko alderdi batzuk bildu daitezen: TIP Turkiako Langileen Alderdia, EMEP Alderdi Laborista, EHP Mugimendu Laboristaren Alderdia, TOP Libertate Sozialaren Alderdia eta SMF Kontseilu Sozialisten Federazioa. Koalizio horren helburua da Turkian gaur egun dagoen korrelazio politikoa iraultzea, herrialdea demokratizatu dadila sustatuz.

Ocalan espetxeratu zuteneko 25. urteurrena dela medio, eta kontuan harturik zein garrantzitsua den buruzagi hori hala Turkian nola Ekialde Hurbilean irtenbide demokratiko bat aurkitzeko orduan, BERRIAk elkarrizketa sorta esklusibo bat argitaratuko du egun hauetan, jakinarazteko nola dagoen gaur egun Ocalan eta zertan den Turkiaren eta herrialde hartako kurduen errealitate politikoa.

Bihar: Sabri Ok Kurdistan askatzeko mugimenduaren sortzaile izandakoari elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.