Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea oso kritiko agertu da gaur AEB Ameriketako Estatu Batuekin, NBE Nazio Batuen Erakundean betoa jarri diolako Palestina estatu kide bilakatzeari. Abbasen ustez, erabaki hori «ez da bidezkoa», eta «ez du justifikaziorik». Komunikatu baten bitartez, PANeko presidenteak zera adierazi du Washingtonen jarreraz: «Erronka jo dio nazioarteko komunitatearen nahiari; hau da, Palestina erabateko kide bilakatzea babesten duela».
NBEren Segurtasun Kontseiluan bozketa egin aurreko orduetan iragarri bezala, AEBek betoa jarri diote bart Palestina erakundeko kide bihurtzeari. Washingtonen Segurtasun Kontseilurako enbaxadore ondoko Robert Wooden esanetan, «uneotan» horri buruz bozkatzeak «ez dio ekarpenik egiten bi estatuen irtenbideari». Organo horretako kide iraunkorrek —AEB, Erresuma Batua, Txina, Frantzia eta Errusia— betoa jartzeko eskubidea dute, eta horietako batek egitea nahikoa da erabaki bat ez onartzeko. Estatus hori baliatu dute AEBek, eta, horrenbestez, beste keinu bat egin dio Israel aliatuari.
Abbasek esandakoaren bide beretik, erreakzio gehienak kritikoak izan dira AEBekin. Egiptok eta Jordaniak —Israel aitortzen duten estatu arabiar bakarretarikoak—, kasurako, beren «atsekabea» helarazi dute Segurtasun Kontseilua Palestina estatu kide gisa izendatzeko «ezintasuna dela eta». Egiptoko Kanpo Arazoetarako Ministerioak kaleratutako ohar batean, AEBen jarrera kritikatu du, «bakearen alde ekiteko momentua zela» adierazita: «AEBen erabakia momentu kritiko batean heldu da. Herrialdeok palestinarren eskubideak babesteko jarrera hartu behar dugu, prozesuari bultzada eman eta gatazkari behin betiko irtenbide bat eman bi estatuen logikarekin». Era berean, adierazi du betoak ez duela bat egiten «okupazioa amaitzeko xedearekin».
Ekialde Hurbiletik harago ere entzun dira arbuio hotsak. Japoniaren ustez, esaterako, Palestinak «nahikoa babes» du estatu kide legez onartua izateko: «Segurtasun Kontseiluak NBEn kide guztien iritziak kontuan hartu behar zituen afera honetan. Penagarria da horrela jardun ez izana». Japoniak ez du Palestina estatu gisa aitortzen; hori dela eta, adierazpenen ostean, Japoniak aitorpen hori egingo duen galdetu diote kazetariek Kanpo Arazoetako Ministerioaren bozeramaileari. Hark erantzun du bi gauza ezberdin direla, nahiz eta azpimarratu ulertzen dutela «palestinarrek nazio independente bat ezarri nahi izatea», eta babesten dituztela haien ahaleginak.
Aljeriak aurkeztu zuen proposamena Segurtasun Kontseiluan, NBEko Talde Arabiarraren izenean, eta, AEBek betoa jartzeaz gain, Erresuma Batua eta Suitza abstenitu dira. Segurtasun Kontseiluko beste hamabi kideek alde eman dute botoa.
2011n ere NBEko kide bihurtzeko ahalegina egin zuen Palestinak, eta orduan bertan behera utzi zuten prozesua, AEBak horri betoa jarriko ziotela plazaratu zutelako. Dena den, erakundeko behatzaile iraunkor estatusa eman zioten Palestinari. Orain, urriaren 7az geroztik Israel Gazan egiten ari den setioaren testuinguruan, PAN berriro ahalegindu da. Horren NBErako enbaxadore Ziad Abu Amrrek defendatu du segurtasun kontseiluan Palestina kide bihurtzeak erraztuko lukeela «justizian oinarritutako benetako bake baterako bidea». Nabarmendu du, gainera, «estatu independente batean bizimodu duin bat» edukitzeko «itxaropena» emango liekeela horrek palestinarrei.
Israelen NBErako ordezkari Gilad Erdanen esanetan, berriz, onartzeak «txikizioa» eragingo zukeen hurrengo urteetan, eta etorkizuneko elkarrizketa prozesu posible bati «kalte» egingo lioke. Gainera, PANi leporatu dio Gazaren gaineko kontrolik ez izatea, eta «arrazoi politikoengatik» egitea eskaera eta prozedura hastea.
Batzar Nagusian, babestua
Behin Segurtasun Kontseiluak eskaera onartuta, herrialde bat ez da automatikoki bihurtzen kide. Izan ere, prozesua erakundearen Batzar Nagusian bukatzen da. Han, asanbleako 193 kideen bi herenen babesa behar da; hori bai, aintzat hartu behar da 140 estatuk babesa agertu izan diotela Palestinari. Beraz, hor, berez, PANen eskaera onartuko zuketen. Egoera hori, oraingoz, ez da jazoko.
PANeko ordezkariak eskatu dio Segurtasun Kontseiluari bere gain har dezala «bere erantzukizun historikoa». Eta galdera erretoriko bat planteatu du bere argudioa azaltzeko: «Nola aitortu zen Israelgo Estatua? NBEren ebazpen baten bidez». Azken asteetan itxaropentsu agertu izan dira PANen ordezkariak, martxo amaieran Gazarako berehalako su eten bat eskatu baitzuen Segurtasun Kontseiluak lehen aldiz, AEBen abstentzioarekin.
Hala ere, PANen eskariak ez du bere bidea amaitu. 2022ko apiriletik aurrera, Segurtasun Kontseiluko kideren batek betoa jarrita ere, eskariek Batzar Nagusietara igaro behar dute. Bertan erabakitakoa ez da loteslea izango, baina NBEko estatu kideek beren borondatea erakusteko aukera izango dute. Bi asteren buruan emango dute Palestinaren inguruko botoa. Hainbatek, ordea, ez dute bozketa horretara arte itxaron nahi izan, eta AEBen betoa arbuiatu dute jadanik.