Muha Brahimek (Tinduf, Aljeria, 1982) plastikozko poltsa hori batean dakar adobezko etxearen parean dagoen dendatxoan erositako apurra: «Tomate kiloak euro bat balio du, gerraren aurretik 25 zentimo kostatzen zen. Sagar kiloa 1,5 euro, eta platano kiloa hiru». Dirhametan ordaintzen du, baina aski ondo daki eurotan zenbatzen. Prezioak bikoiztu eta hirukoiztu egin direla dio. Oilaskoaren prezioa garestitu egin da, eta arrainarena zer esanik ez, baina gaurkoa aparteko eguna da. Marhut prestatu du bazkaltzeko, arroza eta burbinarekin egindako plater tipikoa.
IRAKURRI GEHIAGO
Senarra Mauritanian ari da lanean, eta, hark bidalitako sosei esker biziraun dezakete. «Gerraren aurretik diru pixka bat genuen, baina orain ezer ez. Ez dago lanik eta ez dago dirurik». Brahimek Medicus Mundiren programa batean egin zuen lan iaz arte, baina, dioenez, hilean hogei euro baino ez zituen jasotzen. «Neskek azala zuritzeko jartzen dituzten kremen arriskuaz ohartarazteko kanpaina zen. Oso zabalduta dago ohitura hori, eta oso kaltegarria da». Ezkondu ostean utzi zuen lana; «sabel barruan nuen haurra erori egin zitzaidan».
Hondarrezko patioa zeharkatu, eta alboko etxean bizi den lehengusinarenera doa tea hartzera. Aho batez diote askotan ez dutela afaltzen. Tauaf Mouleren seme-alabak gosaldu gabe doaz eskolara. Didiha, Chej eta Hamsari bi galleta ematen dizkiete gelara sartzean. Bojadorko Lemsid herrixkan bizi dira, errepide ertzean. Bi emakumeak hilabetean behin joaten dira nazioarteko laguntza banatzen den dairako bilketa puntura. Saskia gero eta urriagoa da. Hilabete honetan kilo erdi bat arroz, kilo erdi bat dilista, kilo erdi bat garbantzu, sei kilo irin, litro erdi bat olio eta kilo bat azukre jaso dituzte pertsonako. «Lehen, halako bi jasotzen genuen. Bi kilo azukre ematen zizkiguten, eta espagetiak eta arrautzak. Garai batean, atun latak ere bai».
Mende erdi bat
Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetako egoera humanitarioa gero eta latzagoa da. Datorren urtean mende erdi bat egingo dute sahararrek basamortuen basamortuan errefuxiatuta, eremu idor honetan abandonatuta. Marokok 1975eko azaroaren 6an okupatu zuen Mendebaldeko Sahara. Martxa beltzarekin ezagutu zuten sahararrek zein den exodo eta gerra hitzen esanahia. Munduko errefuxiatu gunerik zaharrenetakoan ondorena luzatzen ari da. 1991n, su etena sinatu zutenean, jaioterrira itzultzeko kutxak prestatu zituzten, baina erreferendumaren promesa ezerezean geratu zen.
Embarka Salehek (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1954) adobezko etxe xume baten atzealdean gordetzen du itzulerarako kutxa, gameluen gainean jartzeko erhal-aren alboan. Uralitazko eta egurrezko kutxa herri hau bezain abandonatuta dago. Nayat 4 urteko alabarekin egin zuen erbesterako bidea, bigarren alabaz haurdun zegoela. «Senia hemen jaio zen. Tifaritin bonbardatu egin gintuzten, eta azalean hegazkin baten markarekin jaio zen. Mohamed, berriz, hemen jaio eta bi urtera hil zen. Ume asko hil ziren lehen urteetan. Hemen ez zegoen ezer. Melhfa-rekin babesten genituen seme-alabak».
Zinkezko kutxa horien barruan geratu zen esperantza, harrapatuta, baina, hala ere, zirrikituetatik egiten du ihes. Salehek euliak uxatzen dituen bitartean dio, irmotasunez, badakiela zein den jaioterrira itzultzeko bidea: «Espainiak traizionatu egin gintuen, guri baimena eskatu gabe sartu zen gure lurraldean, baina gurea da oraindik ere, eta egunen batean itzuliko gara. Ni ez banaiz, nire bilobak izango dira».
Hobi komunez hasi da hizketan, eta nola, napalm eta fosforo zuriko bonbardaketetatik babesteko, hondar azpian zuloak egin behar izan zituzten. «Martiriak» ere ez ditu ahaztu. Oraingo gerrari ere erreparatu dio, begiradan bizitzako pasarte ankerrak islatzen zaizkiola. Mendebaldera seinalatu du. Kilometro eskasera dago isilarazitako eta ahaztutako gerra honen «lehen martiriaren etxea».
Isilarazitako gerra
Fronte Polisarioak 2020ko azaroaren 13an abiarazi zuen bigarren gerra; Bani Saleh handik hiru hilabetera hil zuten. «Otsailaren 23an hil zuten. Ohore bat da gurean sheikh bat izatea. Askatasunarengatik ordaindu beharreko prezioa da. Familia batzuetan lau martiri dituzte». Sumeia Brahimek (Tinduf, Aljeria, 1975) 12 eta 25 urte bitarteko sei seme-alabekin geratu da alargun. Harrotasunez hartu du esku artean martirien senideei ematen dieten agiri markoztatua. «Nire semerik zaharrena ere gerran dago, senarra hil zuten eremu berean, laugarren sektorean, Meherisen. Saleh espedizio batean zegoenean hil zuten, drone batekin».
Marokok Guergerateko eremuan dagoen buffer zone edo eremu neutroan sartzean urratu zituen su etenaren baldintzak, hau da, berez kasko urdinek kontrolatutako eremuan. Mendebaldeko Saharatik Mauritaniarantz elikagaiak esportatzeko erabiltzen duen bidea asfaltatzeari ekin zion, eta, urraketa hori ikusirik, sahararrek protestak abiatu zituzten. Okupazio indarren erantzuna bortitza izan zen. Fronte Polisarioak armak hartu zituen.
Intentsitate apaleko gerra da, higadura gerra, oihartzunik ez duena, baina dagoeneko 120 zibil hil dituzte droneen bonbardaketetan. Mendebaldeko Saharako lurraldea bitan zatitzen duen harresiaren hegoaldeko lurralde liberatua droneen lurraldea bilakatu da. Fronte Polisarioaren esku dagoen eremu horretan bizi ziren nomadek kanpalekuetara desplazatu behar izan dute, halabeharrez, eta sahararren behinolako bizimodua galzorian da.
Said Lehbid eta Aziza Fadij Smarako kanpalekuaren kanpoaldean babestu dira, ezerezaren erdian, oihalez egindako bi agaitun arinetan. Gerra hasi eta gutxira bonbardatu zituzten droneekin, eta zortzi egunez harkaitz batzuetan ezkutatuta egon ostean erabaki zuten ihes egitea: «Gau eta egun eraso ziguten, eta dena suntsitu zuten. Gameluak galdu genituen, ahuntzak, haima... Dagoeneko ez da inor geratzen han, militarrak baino ez».
Askatasunean bizitzera ohituta dagoen nomadak irribarrea galdu gabe bota du basamortuko zeharkaldi hori dela bere herriaren patua. Fadijek sig jokoa hartu du esku artean. Egurrezko makilatxoak lurrera botatzen dituen bitartean, senarra badia-z mintzatzen hasi da, malenkoniaz, mesuag-arekin hortzak garbitzen dituen bitartean: «Euri asko egin du, eta berde-berde egongo da. Alhaga belarra oso ona da ahuntzentzat, goizaldean jaten dute».
Uholdeak
Hodeien seme-alabentzat, euriak zoriona dakar, baina aurten zorigaiztoa ekarri du. Hamar urtetik behin euri jasak egoten dira hamada-n, eta udazken honetako euriteek hondamendi bat eragin dute; hondamendi bat hondamendian bizi den herriarentzat. 2015ean izan ziren azkenekoak, baina aurtengoak larriagoak izan dira.
Nurdin Embareken (Tinduf, Aljeria, 2006) familia izan da kaltetuetako bat. Dakhlako wilayako hiru dairetan eragin dituzte bereziki kalteak irailaren 22 eta 23ko euriteek: Arguub, Um Draiga eta Echraifian. Antzinako ibai bat pasatzen da bertatik, eta urak erabat hartu zuen.
Dakhla kanpalekuetako hegoaldekoena eta urrunekoena den wilaya da. Uholdeetan 3.000 lagun izan ziren kaltetuak, modu batera edo bestera; 627 familia. Horietatik 117k dena galdu dute. Nurdinek dio etxe asko erori zirela, ospitalea eta eskola tartean, eta jende ugari eremu altuetan babestu zirela: «Behin-behineko haimetan bizi dira. Zutik geratu diren adobezko etxeetan sartzeko beldur dira, arrisku handia dago lehortzen direnean erortzeko». Haima bitan bizi da orain familia, eta espero dute hurrengo etxea porlanezkoa izatea. «Inshallah», dio.
Nurdinek askotan entzun du nola iritsi ziren bere arbasoak kanpalekuetara. Amona haurdun zegoela egin zuen zeharkaldia, eta bonbardaketen lekuko izan zen. Aitona, berriz, gerran hil zuten. «Zemmurren zegoen eta haren zapatila bat baino ez zuten aurkitu». Kanpalekuetan jaio diren gazteek ez dute euren lurraldea ezagutzen, baina badakite han itsasoa eta belarra dagoela: «Saharan, Saharan». Behin eta berriz diote ez dutela ogirik nahi, askatasuna baizik.