Myanmar eta Thailandia «hondamendi eremu» izendatu dituzte lurrikararen ondorioz

7,7 graduko lurrikara bat izan da Myanmar iparraldean, eta dardara Thailandiaraino iritsi da. 144 pertsona aurkitu dituzte hilik eraikin artean, eta 730etik gora zauritu; desagertuen bila jarraitzen dute.

Lurrikararen ondorioz, eraikitzen ari ziren etxe orratz bat erori da Bangkoken, epizetrotik 1.200 kilometrora baino gehiagora. NARONG SANGNAK / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Iratxe Muxika Karrion
2025eko martxoaren 28a
09:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Lurrikara bat izan da gaur Myanmar iparraldean, eta 144 pertsona hil dira, Myanmarko albiste agentziek jakinarazi dutenez. 730etik gora zauritu zenbatu dituzte, eta desagertuen bila jarraitzen dute eraikin erorien artean. Myanmarren ez ezik, Thailandian ere jasan dute lurrikararen eragina; herrialde hartako lehen ministrordeak baieztatu duenez, bederatzi lagun hil dira Bangkoken. Epizentrotik 1.200 kilometro baino gehiagora dago Thailandiako hiriburua, eta eraikitzen ari ziren 30 solairuko etxe orratz bat erori egin da. Gutxienez 81 pertsona daude hondakinen artean harrapatuta, eta hustu egin behar izan dituzte inguruko zenbait eraikin eta garraiobide. USGS Ikerketa Geologikorako AEBetako Zentroak «hondamendi eremu» izendatu ditu bi herrialdeak. 

Han 12:40 zirenean gertatu da ezbeharra —Euskal Herrian 07:10 zirenean—, eta lurrazaletik hamar kilometroko sakoneran izan du epizentroa, Mandalay hiritik 17 kilometrora. USGSren arabera, Richter eskalako 7,7 graduraino heldu da, eta hamar-hogei segundoz sumatu da dardara. Myanmarko hiririk handienetan bigarren da Mandalay, eta milioi eta erdi biztanle ditu gutxi gorabehera. 

Langileak, gaur, Bangkokeko hondamendian. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Langileak, gaur, Bangkokeko hondamendian. RUNGROJ YONGRIT / EFE

Lurrikara horren ondotik, baina, intentsitate apalagoko bertze lurrikara batzuk gertatu dira, Thailandiako Meteorologia Sailak ohartarazi duenez. 3 gradukoa izan da azkena, Thailandiako Chiang Mai hirian gertatu da, eta ez du dardararik eragin. Kaltetutako eremu gehienetan argindarrik gabe geratu dira, iturri ofizialek kontatu dutenez. Hortaz, oraindik zaila da zehazki jakitea zenbat biktima izan diren. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak kezka adierazi du; batik bat, eraikinak eta azpiegiturak kaltetzeaz gain, balitekeelako zenbait presa haustea eta herrialdeen arteko lotura zailtzea ere. 

Lurrikararen ondorioak epizentrotik ehunka kilometrora ere nabaritu dira: hala nola kalteak izan dira Naypyidaw Myanmarko hiriburuko errepideetan eta eraikinetan, epizentrotik 250 kilometro baino gehiagora. Hiriburu horretako ospitale batean «biktima anitz» izan dira, hainbat berri agentziak iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez. Milaka zauritu artatu dituzte larrialdi zerbitzuaren kanpoaldean, barrenean lekurik gabe gelditu direlako. 

Txinaraino ere ailegatu da dardara; hango hedabideek jakinarazi dutenez, Myanmarrekin muga egiten duen Ruili hirian kalteak eta zaurituak eragin ditu lurrikarak, baita Yunnan eta Sichuan probintzietan ere. 

Laguntza eskaintza 

Myanmarko armadak «larrialdi egoera» ezarri du sei eskualdetan, eta Telegram sare sozialeko mezu baten bidez erran du estatua ahaleginduko dela egoera «azkar» kudeatzen, eta beharrezko erreskate operazioak eginen dituela. Laguntza humanitarioa ere emanen du armadak. 

Bide batez, Bangkokeko Udalak jakinarazi duenez, Thailandiako hiriburua «hondamendi eremu» izendatu dute. Goizean goizik, Paetongtarn Shinawatra Thailandiako lehen ministroak biztanleei eskatu die kasu egiteko soilik gobernuak igorritako informazioari, «berri faltsuak» zabaldu ez daitezen. 

Narendra Modi Indiako lehen ministroak X sare sozialean idatzi du India prest dagoela ahal bezainbat laguntza emateko, eta agintariei eskatu die «adi» egon daitezela, «guztion segurtasunaren eta ongizatearen mesederako». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du Copernicus satelite bidezko behaketa programa aktibatu dutela, eta prest daudela bi herrialdeetara babes gehiago bidaltzeko ere. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere jakinarazi du «larrialdiak kudeatzeko sistema» martxan jarri duela.  

Kataluniako Institutu Kartografiko eta Geologikoak Myanmarreko lurrikararen uhinak erregistratu ditu gaur goizean, X sare sozialaren bidez zabaldutako mezu batean jakinarazi duenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.