JAPONIA

7,6 graduko lurrikara baten ondorioz, tsunami alerta ezarri dute Japonian

Herrialdearen mendebaldeko bost prefekturatako 50.000 herritar ingururi ebakuatzeko eskatu diete. Kalte materialak eragin ditu dardarak.

JAPONIA. LURRIKARA.
Lurrikarak eragindako arrakala bat, gaur, Toyaman. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 1a
18:03
Entzun

Richter eskalako 7,6 graduko lurrikara batek Japonia mendebaldea astindu du gaur, eta, horren ondorioz, herrialdeko bost prefekturatako 50.000 herritar ingururi ebakuatzeko eskatu diete, dardar horrengatik tsunami alerta bat ezarri baitute. Toki batzuetan bost metroko olatuak espero dituzte, eta Japoniako Agentzia Meteorologikoak ohartarazi du Richter eskalako 7 gradu inguruko indarra duten lurrikarak gertatuko direla, ziurrenik, datozen egunetan.

Lurrikararen ondorioz, pertsona bat hil da, eta sei hondakinen azpian daude atera ezinik. Gainera, kalte material handiak eragin ditu, batez ere Ishikawa prefekturako Wajamima hirian —Tokio hiriburutik 500 kilometro ingurura dago—. Gutxienez 30 etxek kalte larriak nozitu dituzte, eta bat erori egin da.

Ishikawan 16:10 inguru zirenean gertatu da lurrikara —Euskal Herrian baino zortzi ordu gehiago—, eta hurrengo bospasei orduetan beste 60 dardar erregistratu dituzte bertako erakunde ofizialek. Hipozentroa 16 kilometroko sakoneran kokatu dute.

Fukushimako zentral nuklearrean 2011ko martxoan gertatutako istripua tsunami batek eragin zuen, eta, horiek horrela, lurrikara gertatu eta berehala, Japonian inoiz ezarritako tsunami alerta mailarik gorena ezarri dute. Lau ordu geroago, ordea, «tsunami alerta garrantzitsua» zena «tsunami alerta» bilakatu da. Agintariek nabarmendu dute, bide batez, herrialdeko zentral nuklearrek —hamabi ditu— ez dutela kalterik jasan lurrikararen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.