Afrikatik irten eta Europako kostara iritsi nahian gertatu den ezbehar larrienetakoa da. Aspaldiko migratzaile uholde handienari aurre egin behar izan dio Italiak aste honetan. Bost egunean, iragan larunbatetik asteazkenera, 10.000 lagunetik gora erreskatatu dituzte Italiako kostazainek. Urtea hasi denez gerotzik, ia 1.000 lagun baino gehiago bidean hil direla uste da, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren datuen arabera.
Italiako Lampedusako kostatik 200 kilometrora izan da ezbeharra. Matteo Renzi Italiako lehen ministroak esan du ezin dela zehaztu zenbat hildako izan diren, eta etorkinekin "dirua egiten duten mafiei" egotzi die ezbehararren ardura. Europako Batasunari erreferentzia eginez, afera honen aurrean Italia "bakarrik" uzten dutela deitoratu du. Horregatik eskatu du Europako goi bilera migranteen uholdeaz jarduteko. Bihar bertan Luxenburgon bilduko dira Europako atzerri ministroak.
Europako diplomazia arduradun Federica Mogherinik ere hitz egin du gaurko ezbeharraz: "Bada garaia EBk tragedia hauei hel diezaien behingoz".
Etenik gabeko tragedia
Joan den astelehenean, Libiatik irten ziren 550 etorkinetatik 400 galdu ziren itsasoan itsasontzia urperatu eta gero. Italiako kostazainek 114 lagun erreskatatu zituzten bizirik. Save The Children erakundeak esan zuen adingabeko asko zeudela desagertuen artean.
Iaz, 3.000 lagun baino gehiago galdu ziren Mediterraneoko uretan. Beste ia 200.000 lagunek erdietsi zuten Europara bizirik iristea.