Migrazioa

63 migratzaile hil dira Cabo Verden hondoratu den ontzi batean

Zazpi hildako topatu dituzte, eta hiltzat jo beste 56, ez baitituzte aurkitu. 38 migratzaile salbatu dituzte. Uztailaren 10ean atera ziren Senegaldik, Kanaria uharteetara iristeko asmoarekin.  

Migratzaileak Kanarietako Fuerteventura irlan joan den ekainean, artxiboko irudi batean. CARLOS DE SáA / EFE
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko abuztuaren 17a
14:48
Entzun

Astelehenean ehun migratzaile inguru zeramatzan ontzi bat aurkitu zuten Cabo Verden; uztailaren 10ean atera zen Senegaldik, Kanaria uharteetara heltzeko helburuarekin. 38 pertsona salbatu dituzte —denak senegaldarrak, Ginea Bissauko bat izan ezik—. Zazpi gorpu aurkitu dituzte, eta gainontzekoak –topatu ez dituzten 56 lagunak– hiltzat jo dituzte autoritateek eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak. «Ontzi bat hondoratzean jendea galtzen bada, hiltzat jotzen ditugu normalean», adierazi du IOMko bozeramaile Safa Msehlik.

IOMk adierazi du ez dakitela zer pasatu zen ontziarekin. Msehlik esan duenez, nahiz eta ezer ez gertatu, itsasoan denbora luzez galduta gelditzeak ere arriskuak ditu, «hipotermia eta deshidratazioa», esaterako.

Astelehenean, arrantzale batzuek Cabo Verdeko Sal irlatik 320 kilometrora aurkitu zuten ontzia, eta herrialde hartako autoritateei abisua eman. Osasun zerbitzuen arabera, salbatu zituzten lagunetatik zazpi ospitalera eraman behar izan zituzten. Gainontzekoak eskola batera eraman zituzten, eta laguntza jasotzen ari dira.

Ontzian zirenen senide batzuek ohartarazi zuten uztailaren 20an galdu zutela haien arrastoa, hamar egun baitzeramaten berririk gabe. Hala azaldu du Helena Maleno Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko arduradunak. Migratzaileak irten ziren Fass Boye herriko arrantzaleen elkarteko lehendakaria da senideetako bat, eta san du bere bi iloba desagertu direla: «haiek Espainiara iritsi nahi zuten».

Afrika mendebaldetik ateratzen direnek eta Kanariak helmuga dituztenek geldialdia egin ohi dute Cabo Verden, gero handik Kanarietara joateko zuzenean. Bidaia oso arriskutsua da. Urtarrilean, 90 migratzaile salbatu zituzten Cabo Verdeko erreskate zerbitzuek atzemandako itsasontzi batetik: Senegalgoak, Gambiakoak, Ginea Bissaukoak eta Sierra Leonakoak ziren. Bi hildako zeuden ontzian. IOMren kalkuluen arabera, 140 migratzaile hil dira itsasbide horretan. 2014. urtetik, 650 hildako erregistratu dira, baina gobernuz kanpoko erakundeak uste du gehiago direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.