55 pertsona hil dira asteburuan Kanarietara bidean

Horietatik 48 Mauritaniatik ateratako txalupa batean zihoazen. Itsas salbamenduak 1.893 pertsona salbatu ditu.

Asteburuan Kanarietara iritsi diren lagun batzuk. ADRIEL PERDOMO / EFE
Asteburuan Kanarietara iritsi diren lagun batzuk. ADRIEL PERDOMO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko azaroaren 4a
09:35
Entzun

55 lagun hil dira asteburuan Kanarietara bidean (Espainia). Itsas salbamenduak 31 esku hartze egin ditu, eta 1.893 pertsona salbatu. Hierro eta Lanzarote uharteetatik hurbil gertatu dira ezbeharrak.

Larunbat arratsaldean, merkataritzako ontzi batek txalupa bat ikusi zuen Hierro uhartetik 370 kilometrora, eta itsas salbamenduari abisua eman. Txalupa Mauritania iparraldetik zetorren, eta 58 pertsona zeramatzan. Duela hiru aste atera ziren handik. Bidaian, baina, 48 lagun hil dira. Itsas salbamenduak bizirik zeuden hamar pertsonak salbatu zituen igande goizaldean, eta Hierroko La Restinga portura eraman. Lau lagun ospitaleratu behar izan zituzten.

Atzo arratsaldean, berriz, txalupa pneumatiko bat ondoratu zen Lanzarotetik 90 kilometrora. Itsas salbamenduak bost gorpu erreskatatu zituen. Horrez gain, emakume baten gorpua aurkitu zuten beste txalupa batean. Larunbatean Hierrora iritsitako beste lagun bat hil zen atzo, ospitalean.

Itsas salbamenduak ia 2.000 pertsona salbatu ditu asteburuan; horien artean 96 emakume eta 50 adingabe. Lanzarotera, Hierrora eta Fuerteventurara eraman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.