TEGUCIGALPA. Iazko azaroan, Hondurasko Auzitegi Gorenak zazpi gizonezko erruduntzat jo zituen Berta Caceres ekintzaile ekologista hiltzeagatik, eta, herenegun, kondenatuek bete beharko dituzten zigorrak jakinarazi zituen herrialdeko Zigor Auzitegiak. 30 eta 50 urte arteko espetxe zigorrera kondenatu zituen. Caceres hil zuten egun berean Gustavo Castro ekintzaile mexikarra hiltzen ahalegintzea ere egotzi diete.
Caceres 2016ko martxoaren 2an hil zuten, La Esperanzan, Honduras mendebaldean, lo zegoela. Haren etxean zegoen Castro ere, eta balaz zauritu zuten. Castro bertan zegoelako, ezinezkoa izan zen hilketa lapurreta ahalegin batekin lotzea.
Ekintzaile ezaguna zen Caceres. Copinh Hondurasko Elkarte Herrikoi eta Indigenen Kontseilu Zibikoko koordinatzaile nagusia zen, eta lenca komunitateko eta nekazari mugimenduetako burua. 2015ean, Goldman ingurumen saria eman zioten. Caceresek berak lenca komunitate indigenako buru ugariren hilketak salatu zituen.
Haren familiak eta Cipoinh elkarteak adierazi dutenez, nahikoa froga daude Atala sendiko zenbait kide —Desa enpresako akziodunak dira— eta beste hainbat susmagarri ere hilketagatik auzipetzeko. Gogorarazi dute giza eskubideen aldeko nazioarteko hainbat eragilek salatu dutela estatuaren jokabidea, muzin egin diolako auzia behar bezala ikertzeari. Misio independente bat galdegin dute hilketaren arduradunak auzipetuak izan daitezen.
50 urte arteko kartzela ezarri diete Berta Caceres hil zutenei
Ekintzailearen sendiak zigorgabetasuna salatu du, eta eskatu du auzipetu ditzatela arduradun nagusiak ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu