Txapela merezi dute hondamendiek zailduriko New Yorkeko biztanleek! Izu-ikara erraldoia zabaldu beharrean, itzalean 31 gradu ditugunean eta 45 baino gehiago eguzkipean, elkar laguntzeko prestutasuna izan zen matxuraren eguneko ezaugarri nagusia: Eraikinetako hormen artean, edo autoen bozina-jotzeen eta autobusen kiratsaren artean harrapaturik, funtzionatzen zuten sakeleko telefono urriak erabiltzen uzten zuen jendeak. Ur botilak alderdik-alde zebiltzan, eta politikarien inguruko txantxak kontatzen ziren. «Enronitisak jota gaude», ekarri zuen gogora izerdiz blai zegoen 40 urte inguruko korbatadun batek, Madison Square Garden geltokira sartzeko ilara batean zegoela. Beste milaka lagun bezala itxoiten ari zen New Jerseyrantz joateko trena martxan noiz jarriko zuten. Orduak igaroko ziren, gauerdia pasatxo arte ziurrenera, goseak eta egarriak ziren milaka langileak berriz hiriaren kanpoaldeko auzuneetako etxeetara itzuli arte. 1977ko itzalaldi izugarrian ez bezala, ez zen arpilaketa antolatu handirik gertatu. Soilik Brooklyndik eman zuten hilketa baten eta etxe-lapurreta batzuen berri.
Times Square plaza, New Yorken tekno-handinahikeriaren ikurra, dinosauroen hilerria ematen zuen eguzkia sartu ondoren. New Yorkeko hiritarrei ere zorabioa eragiten dieten iragarki argitsu handienak, garestienak eta bizkorrenak normalean diren tokian, bizirik gabeko etxeorratz ilunak zeuden asfaltoan, iraganeko pizti basatiak bailiran. Jendea ilunpean zebilen espaloietan. Soilik Poliziaren argi urdin eta horiek hausten zuten apur bat iluntasuna.
40.000 polizia, Guardia Nazionaleko kide, suhiltzaile eta segurtasun zerbitzu pribatuetako kidek ordu estrak egin behar izan zituzten. Itzalaldiaren lehen minututan Jende askok izan zuen lehen pentsamendua, atentatua izan zela, alegia, gogoan ere izan zuten hiriko agintariek. Berehala jarri zuten indarrean larrialdi egoera. Aldekoak zein kontrakoak izan, denak ados zeuden Cops> (poliziak) deiturikoek lan ona egin zutela, laguntzeko nahiaz eta erabakikortasunez. Arpilaketa eta indarkeriarekiko beldurra aurki iragan ziren.
New Yorkeko bost auzoetako >Manhattan, Brooklyn, Queens, Bronx eta Staten Islandmilaka biztanleri ostiralean lanera ez joateko esan zieten irrati eta telebisten bidez, konponketa lanek «gutxienez sei edo zortzi ordu» beharko zituztelako. Jendeak sentipen nahasketaz begiratzen zion asteburuari. Autoa duenak ahalik eta lasterren hiritik urrundu eta aintzira batera edo itsasora freskatzera joaten saiatuko dira. Itzalean 35 gradu baino gehiago zeuden iragarrita. Ibilgailurik ez daukatenek, gehiengoak, alegia, etxean gelditu beharko dira. Dozenaka milak lorategietan eta parkeetan egingo zuten lo, kanpoan haizetxo freskoren bat hartzeko itxaropenez.
Erantzukizunak leporatzen
Lerrok idazteko ordurako ez zuten azalpen ofizialik eman itzalaldiaren arrazoien inguruan. George Bush Estatu Batuetako presidenteak adierazpen labur bat besterik ez zuen egin Los Angelestik. AEBetako argindar sarea «zaharkitua» dagoela eta iparekialdean gertaturikoa «oharra» dela esan zuen. Jean Chretien Kanadako presidenteak, bestalde, matxura Pensilvaniako (AEB) zentral nuklear batean izaniko gainkarga batek eragin zuela esan zuen atzo. New Yorkeko udalak matxuraren erantzukizuna Kanadak zuela esan zuen ostiralean. Izan ere, AEBetaz gain, eragin handia izan zuen atzoko itzalaldiak iparraldeko auzoan. Toronto hiriko lau milioi biztanleei astelehena arte argindarrik gabe izan daitezkeela esan zieten atzo. Argindarrik gabe, soilik 24 ordurako ur erretserbak ditu hiriak.
Ikerketa agindu dute Ottawak eta Washingtonek
Matxura gertatuz gero, bestearen argindar sarea erabiltzeko ituna dute Estatu Batuek eta Kanadak. Ostiralean, halere, akordioak huts egin zuen, eta bi herrialdeek elkarri leporatu zioten errua. Kanadak New Yorki behar baino argindar gehiago eskatu ziola esan zuen Bloomberg alkateak. Bi gobernuek ikerketa agindu zuten.