Katalunia. Elkarrizketa. Ada Colau. Bartzelonako alkatea (Catalunya en Comu)

«%47 gainditzeko adostasunak lortzea da irtenbide bakarra»

Colauren ustez, Kataluniako gizartea bitan banatzearen erantzule ez da Espainiako Estatua, Kataluniako politikari independentistak baizik; uste du polarizazioak beren proposamena «zigortu» duela.

Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun

1974ko martxoaren 3an jaio zen Ada Colau, Bartzelonan. Ordu batzuk lehenago hil zuten Salvador Puig Antich Bartzelonako Model espetxean. Urtero-urtero amak gogorarazi dion gertaera izan zela dio Colauk, eta aldaketa sozialaren aldeko bere borrokan eragin zuzena izan duela. Filosofia ikasketak eta gizarte aktibismoaren masterra burututa, 2000. urtean hasi zen globalizazioaren kontrako ComunicAccio kanpainan parte hartzen. V de Vivienda mugimenduko kide izan zen, eta 2009an sortu zen PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformaren sortzailea eta bozeramailea ere izan zen. 2014an sustatu zuten Barcelona en Comu herri plataformaren sortzailea izan zen, iragarpen guztien kontra, 2015eko maiatzaren 24an Bartzelonako hauteskundeak irabazi eta alkate izendatu zuten arte. Catalunya en Comuren sorreran izan zen iaz, eta, legealdiaren azken txanpan ase du hiriaren aspaldiko eskakizun bat: Model espetxea izandakoa itxi, eta herritarrei zabaltzea. Inpunitate Frankistaren Kontrako II. Bileraren atarian solastatu da BERRIArekin.

Bitxia da, Model presondegia izandakoan ari gara egiten elkarrizketa, Kataluniak lau preso politiko dituen abagunean.

Asaldura handiko egunak ditugu hauek, eta, zoritxarrez, indarkeria inposatzen ari dira elkarrizketa politikoaren gainetik. Espainiako Gobernuak oraindik ere motibazio politikoak zigortzeko espetxeratzea diktatzen du. Are gehiago, Model eraikinean egon nintzen azkenaldian Omnium Culturalek antolatutako ekitaldi batean izan zen. Han zegoen gaur egun espetxeratuta dagoen Jordi Cuixart, eta gaur hemen egon beharko luke.

Espetxeratze zigorrak espero zenituen?

Tira, herri mugimendutik gatozenok aspalditik ezagutzen dugu gizarte hau ezaugarritzen duen defizit demokratikoa. Badago bat baino gehiago orain enteratu dena, baina, zoritxarrez, kontu hau aspalditik dator. Hori esanda, egoera oso larria da, oinarrizko eskubideak zapaltzen ari dira, eta saiakera bat dago preso dauden kideak kriminalizatzeko, tira, ideologikoki desadostasunak egon daitezke, baina nabaria eta jakina da espetxeratuta daudenak ez direla pertsona erasotzaileak. PPk arazo larria du, eta Katalunian egiaztatu da: indarkeriaz eta errepresioaz haratago, historiako emaitzarik okerrenak atera ditu parlamentuan. Edozein modutan, orain ezinbestekoa da Kataluniako erakundeak berreskuratzea, 155. artikuluaren aplikazioa amaitzeko. Eta, noski, espero dut presoak aurki aske gelditzea.

Errepublika aldarrikatu eta biharamunean Rajoyk 155. artikulua aplikatu ondoren, alderdi independentistako hainbat ordezkarik onartu zuten Katalunia ez zegoela prest aldebakarreko biderako. Zer duzu errateko?

Aldebakarreko apustua eraginkorra ez izateaz gain, Kataluniako gizartea behartu zuten, eta, nire aburuz, hori da larriena. Generalitateko gobernuko kide ororen erantzukizuna izan beharko luke herritarren kohesioa sustatzea, erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasunen gainean lan eginda, noski. Izan ere, ezin dugu ahaztu, adostutako erreferendumak batzen gaituela, independentismotik haratago. Gauza da Kataluniako Gobernuak, barne presioak direla tarteko, aldebakarreko bidetik joatea erabaki zuenean, herritarren erdiaren gogoz kontra jokatu zuela, eta biztanleria banatuta gelditu zen, ondorioz, hauteskundeetan. Zalantzarik gabe hori da Katalunian egin den huts egiterik handiena, eta erabaki horren ardura ez da Espainiako Gobernuarena, baizik eta tokiko politikariena.

Hala ere, herritarrek bere horretan eutsi diote alderdi independentisten babesari. Catalunya En Comu Podemen proposamena, aldiz, hertu da. Zein izan da arazoa?

Muturreko egoeran bizi izan gara hilabeteotan, eta sekula egon ez den polarizazioa nagusitu da. Testuinguru honetan, gure proposamena zigortuta gelditu da, nabarmenki, hauteskundeetan. Seguruenik, zer hobetu izango dugu, baina etorkizunerako gure proposamena inoiz baino gehiago berresten dut: zubiak eraikitzea. %47 gainditzeko adostasunak lortzea da irtenbide bakarra.

Adostutako erreferendumaren aldeko apustua egiten duzue, baina, jazarpenaren ondotik, Espainia ezkerrerantz aldatzea posible ikusten duzue?

Zalantzarik gabe argi dago azkenaldian, oro har, eskuineranzko desbideratzea nagusitu dela, ez bakarrik Katalunian, baizik eta Espainian, Europan, AEBetan… Tira, joera hori ez da kasualitatea. Baina, azken hiru urtetako analisia egitea ere garrantzitsua da, Espainiako panorama sekula baino irekiago baitago: lehenago dena kontrolatzen zuen bipartidismoa nagusi zen, eta orain, aldiz, erori bakarrik ez, indar berriek indarra hartu dute. Alde horretatik, esango nuke hurrengo udal hauteskundeak bereziki garrantzitsuak izango direla, aldaketa hori berresten den edo ez ikusteko.

Duela astebete inguru jakin zen Palau auzia-ren sententzia. Arduradun politikorik egongo da?

Gaur egun, PDeCAT deitzen den CDCko buruen erantzunik eza eskandaluzkoa iruditu zait. Palau auzia-ren sententziak argi eta garbi utzi du, gutxienez hamar urtez, eta agian gehiago, baina hamarkada bat asko da, Katalunia gobernatu duen alderdi politikoak agintea erabili zuela herritarrak engainatu eta iruzurtzeko. Baina, ez hori bakarrik, ilegalki finantzatzen, eta Palau de la Musica kultura elkarte entzutetsua alderdi interesen alde erabili zuten. Palau auzia-ren sententziak gertakari oso larriak utzi ditu agerian, eta, sententzia ezagutu zen egun berean, CDCren oinordekoa den PDeCATek ohar bat publikatu zuen sententzia errespetatzen zuela, baina CDCrekin harremanik ez zuela esateko. Herritarren adimenaren aurkako iraina da hori: hamar urte horietan kargudunak ziren, eta orain arte politikaren lehen lerroan egon diren guztiek barkamena eskatu eta azalpenak eman behar dituzte, zalantzarik gabe. Erantzukizun penalaz haratago ardura politikoa ere badagoelako eta onartezina delako inpunitatea. Ustelkeria salatu behar zaio Alderdi Popularrari eta CDCri, elkarren oso antzekoak direlako.

Bartzelonako Udaleko legealdia ere markatuta egon da Katalunian dagoen salbuespen egoeragatik. Nola bizi izan dituzu lehendabiziko hiru urteak?

Legealdi benetan zaila izaten ari da. Baina garrantzitsuena da erakutsi dugula politika egiteko modu berriak eta eraginkorrak egon badaudela. Agenda politika aldatu dugu, eta duela gutxi arte erakundeetatik at gelditzen ziren eskaerak gure egin ditugu. Adibidez, gardentasun neurriei dagokionez; Bartzelona gardentasun rankingen buru da, faktura denak eskuragarri daude Interneten, jokaera koderik zorrotzenetakoa sortu eta aplikatu dugu, irregulartasunak anonimoki salatzeko postontzi etikoa diseinatu dugu… Alegia, pentsaezinak ziren hainbat neurri barneratu ditugu eta, zalantzarik gabe, gelditzeko etorri dira. Baina, ez hori bakarrik, hiru urte hauetan lortu dugu Bartzelona izatea gizarte gastuan gehien inbertitu duen hiria.

Aurrekontuak sinatzear zaudete aurten, konfiantza moziorik gabe. Gutxiengoan gobernatzea zaila izaten ari da?

Gutxiengoan gobernatzen dugu, baina agerian gelditu da zenbait arlotan akordio gaitasun handia dugula ere. Elkarrizketa zabalik dugu alderdi politiko guztiekin, eta prest utzi ditugu sekula baino sozialagoa den aurrekontu hau onartzeko baseak. Beraz, aurrekontua arazorik gabe onartzea aurreikusten dugu. Edozein modutan, Katalunian nagusitu den norabide politikoak eragin zuzena izan du Bartzelonako Udalean. Esango nuke hauteskundeak irabazi genituenean pentsaezina zen testuinguru politikoa izan dugula. Gure erronka nagusia Bartzelonari ahalik eta biziena izan da, Katalunia baldintzatu duen blokeo egoerari aurre egiteko.

Batek baino gehiagok begi txarrez ikusi du aurrekontuak onartzeko zuen programari uko egitea. Zer deritzozu?

Gure programaren muina bere horretan gordetzen da, eta alderdi politikoen ekarpenek ez diote gure programari uko egiten. Negoziazioaren parte dira.

Programaren parte da frankismoaren ondorioak azaleratzea. Iruñeak Bartzelonari pasatu dio aste honetan Zigorgabetasun Frankistaren Kontrako Hirien Sarearen presidentetzaren lekukoa.

Balio bereziko ekitaldia izan da. Batetik, jardunaldiak frankismoaren errepresioaren habia izan zen Model presondegian egin direlako, eta, bestetik, ekitaldiaren bitartez elkartu ginelako Gasteiz, Iruñea, Madril, Zaragoza, eta beste hainbat udalerritako ordezkariak. Balio errepublikanoek ezaugarritzen gaituzte: askatasunak, berdintasunak eta senidetasunak, eta, azken hori azken boladan gutxien praktikatzen den arren, geuretzat etorkizuna hobetu nahi duen gizarte demokratiko ororen muina da. Beraz, orain sekula baino garrantzitsuagoa da, gaur egun dugun blokeo eta errepresio une honetan, behetik, alegia udalerrietatik, senidetasuna jostea. Gauza bat baita Espainiako Estatua, eta bestea tokiko herriak. Gehiago da batzen gaituena banatzen gaituena baino.

Memoria arduradunaren figura ere barneratu duzue Bartzelonako Udalean. Zergatik?

Gaur egungo defizit demokratikoari lotutako ahanztura asmodun gehiegi dagoelako. Memoria historikoa guretzat zutabe garrantzitsua da, eta ez hori bakarrik, inpunitatearen kontra bereziki ari gara lanean Jaume Asens zinegotziaren sailaren bitartez. Ezinbestekoa da ildo honetan aurkeztu diren kereiletan parte hartzea, gure kaleetan frankismoak utzitako hondarrak kentzea, edota gaur egun ulertezinak diren beste hainbat ekinaldi. Iraganik, memoriarik eta identitaterik gabe ez dugu ez askatasunik eta ez demokraziarik izango.

Bartzelonako Udalak babesten ditu, batetik, Buenos Airesen 1936an eta 1937an abiazio italiarraren bonbardaketaren kontrako akusazio popularra, eta, bestetik, eta Salvador Puig Antichen heriotza zigorraren sententzia sinatu eta gaur egun aktibo dagoen Carlos Rey Gonzalez abokatuaren kontrako kereila. Justizia egiteko asko falta al da?

Lan asko dago egiteko oraindik. Iraganean justizia egitea ez bada erraza izan, orain ere ez da samurra. Argi dago, gainera, urte askotan egin ez den hori lau urtetan gauzatzea ezinezkoa izango dela, baina garrantzitsuena da ez nekatzea. Gure ardura nagusia da hainbeste urteko borroka antifrankistan murgilduta egon direnen lekukoa hartu eta aurrera jarraitzea. Denbora asko pasatu da, frogak suntsitu dira, eta oztopo asko jarri dizkigute bidean. Baina, hori bai, injustizia eta hondamendiak zigorrik gabe ez gelditzeko nahimenak ez du etenik izan, eta, beraz, erakundeon ardura da herritarren eskaera horri irtenbideak bilatzea. Gure esku dagoen guztia egingo dugu.

Urte anitzetako eskaera bat ase berri duzue: Model presondegia itxi eta herritarrentzako zabaltzea. Zein izango da eraikinaren funtzioa hemendik aurrera?

Memoria hornikuntza gisa gordeko dugu hein batean, eta, horretaz gain, hiriaren birika berdea izango da, hainbat elkarterentzako hornikuntza eta errenta soziala sustatzeko ere erabiliko dugu. Hori guztia borroka honetan parte hartu duten elkarteen parte-hartze prozesu baten bitartez erabakiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.