43 urteko diktadura

Munduan boterean denbora gehien daraman presidentea da Teodoro Obiang Ekuatore Gineako estatuburua. «Kleptokraziatzat» jotzen dute haren erregimena.

Teodoro Obiang Ekuatore Gineako presidentea, iaz, Malaboko Presidentetza Jauregian. MARIO CRUZ / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ekuatore Gineak Espainiaren menpeko kolonia izateari utzi zionean, 1968an, 24 urteko militar gazte bat zen Teodoro Obiang. Manuel Fraga Espainiako ministro frankistak independentziaren dekretua sinatu zuenean, Malabon, Obiang ez zen oso urruti ibiliko, bere osaba Francisco Macias bihurtu baitzen Ekuatore Gineako lehen presidentea. Ziur aski militar gazte hark, une horretan, ezingo zukeen aurreikusi munduan boterean denbora gehien daraman presidentea bihurtuko zela, errege izan gabe. 80 urte ditu, eta 43 daramatza Ekuatore Gineako diktadorea izaten.

Azaroaren 20an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Ekuatore Ginean. Obiangen alderdiak —Ekuatore Gineako Alderdi Demokratikoak— botoen %94,9 lortu zituen, hau da, ontzat eman zituzten 411.081 botoetatik 405.910; Ekuatore Gineak 1,45 milioi biztanle inguru ditu. Herrialdeko parlamentuak eta tokiko erakunde guztiek Obiangen alderdiaren menpe egoten jarraituko dute. «Bagenekien Obiangek egingo zuela. Berak ere ez du sinisten herritar guztiek maite dutenik. Horregatik, botoak lapurtu behar ditu, ez duelako sinisten herriaren borondatean. Indarkerian sinisten du; horrekin heldu zen boterera», esan zuen Andres Esonok, herrialdean onartuta dauden oposizioko alderdi gutxietako bateko buruak. «Diktadore bat da», nabarmendu zuen, eta «iruzur masiboa» salatu.

Oposizioak hauteskundeak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta bozak berriz egiteko. Afrikako Batasuneko behatzaileen arabera, «nazioarteko arauak» bete zituzten bozek. EB Europako Batasunak, berriz, adierazi zuen ez zirela «hauteskunde demokratiko, plural eta parte hartzaileak» izan. AEB Ameriketako Estatu Batuek bat egin zuten EBrekin, eta ohartarazi «zalantza handiak» dituztela hauteskundeen «sinesgarritasunaren» inguruan. Teodoro Obiang, ordea, beste zazpi urterako «hautatu» dute Ekuatore Gineako presidente.

Estatu kolpe baten bidez

Hizkuntza ofiziala gaztelania duen Afrikako herrialde bakarra da Ekuatore Ginea. Izan ere, Espainiaren menpeko kolonia izan zen 1968ra arte. Independentzia lortzean, errepublika presidentzialista bat osatu zuten; Macias bihurtu zen presidente. 1969an botere guztia bere gain hartu zuen, eta diktadore bihurtu zen. 1979an, ordea, Maciasen aurkako estatu kolpe bat egin zuten, Obiangek zuzenduta.

Askatasunaren kolpea deiturikoak arrakasta izan zuen, eta, bere osaba fusilatu ostean, presidente bihurtu zen Obiang. «Askatasuna eta demokrazia» ezarriko zituela agindu zuen, baina, 43 urte geroago, ez du bere zina bete. 1991n oposizioaren zati bat legeztatu zuen, baina hauteskunde guztiak irabazi ditu, iruzur mehatxuekin. «Diktadore lapur bat» da oposizioarentzat, eta nazioarteko komunitateak ez du ukatzen. Gainera, oposizioko kide ugarik atxiloketa arbitrarioak eta torturak jasan dituzte, Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera. «Jainkoarekin harreman zuzena» duen gizon moduan definitu izan dute hedabide ofizialek.

1996an, «bedeinkapena» izan zuen Ekuatore Gineak, Obiangen hitzetan. AEBetako enpresek petrolioa aurkitu zuten herrialdeko itsasertzean. Gaur egun, petrolioak osatzen du herrialdeko barne produktu gordinaren %60, eta esportazioen %86. Petrolioari esker, Afrikan per capita errenta altuena duen herrialdea da Ekuatore Ginea; Portugalgoaren parekoa du.

Hala ere, aberastasunaren banaketa oso desorekatua da. Ekuatore Gineako Gobernuak pobreziaren inguruko datu gaurkoturik argitaratu ez duen arren, Afrikako Garapenaren Bankuak argitaratu ditu: biztanleriaren %67 dago pobrezian. Bizi itxaropena munduko baxuenetako bat da: 59 urtekoa, Munduko Bankuaren arabera. Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak kalkulatzen duen Giza Garapenaren Indizea oso baxua du Ekuatore Gineak: 191 herrialdeen artean 145. postuan dago. Gainera, biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez du eskura edateko urik, Unicefek salatu duenez.

Ustelkeriaren erregea

Teodoro Obiangek, ordea, 600 milioi dolar ditu bere esku, Forbes aldizkariak argitaratu zuenez. Horregatik, Nazioarteko Gardentasuna GKEaren arabera, Ekuatore Ginea «kleptokrazia» bat da. GKE horrek munduko ustelkeria ikertzen du, eta, ondorioztatu duenez, Ekuatore Ginea da Afrikako herrialde ustelenetako bat.

Gainera, Obiangi eta haren senideei leporatzen die zuzenean ustelkeria. Adibidez, harenº seme bati: Gabriel Mbega Obiang Lima Meatze eta Hidrokarburoen ministroari. Nazioartean ustelkeria ikertzen dabilen kazetarien erakunde batek 2021ean argitaratu zuenez, estatuarenak ziren milioika dolar atzerrian gorde zituen Mbegak.

Hala ere, Obiangen beste seme baten ustelkeria kasuak dira ezagunenak: Teodoro Nguema Obiang Manguerenak. Teodorin izenez da ezaguna, eta 2016tik da Ekuatore Gineako presidenteordea. Sare sozialetan maiz argitaratzen ditu bere luxuzko etxeen eta autoen argazkiak.

Frantziako Auzitegi Korrekzionalak hiru urteko kartzela zigorra ezarri zion Ekuatore Gineako presidenteordeari 2017an, Frantzian dozenaka milioi euro zuritzeagatik legez kanpoko komisioen eta ustelkeriarekin loturiko bestelako jokabideen bidez. Ez zen kartzelara joan, baina, epailearen aginduz, Frantzian zituen ondasunak bahitu zizkioten. Tartean ziren luxuzko etxebizitza bat, hainbat auto eta artelan ugari; guztira, 110 milioi euro baino gehiagoko balioa zuten ondasunek. Gainera, Brasilgo Polizia Teodorin ikertzen ari da. Ustezko diru-zuriketa delitua leporatzen diote, luxuzko etxebizitza baten erosketarekin lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.