Kataluniako erreferenduma. Jordi Sanchez. Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidentea

«%42k botoa eman ahal izatea heroikoa da»

Nabarmendu du nazioarteko zenbait «ahots oso esanguratsuk» bitartekaritza aurkeztu dutela irtenbide bat bilatzeko

SUSANNA SÁEZ / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Agenda estua du egunotan Jordi Sanchez Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidenteak (Bartzelona, 1964), herrialdearen une politikoan gertaerak arrapaladan kateatzen baitira. Sant Jaume plazan izan zen atzo, igandean Poliziak erabilitako indarkeria salatzeko elkarretaratzean, eta nekez egin zitzakeen hiru pauso herritarren batek eskerrak eman gabe.

Zein da jokalekua erreferendumak azaleratutako emaitzak eskuan?

Jokalekua oso argia da; Kataluniako Gobernuak iragarri du jarraituko duela diseinatutako bide orria, eta legebiltzarrak datozen egunetan, ez dakit noiz, eztabaidatu beharko du errepublikaren deklarazio bati buruz. Hori nahi dugu katalan gehienok, eta hori da gertatuko dena. Bestalde, Europa hasi da dagoeneko bitartekaritza eskatzen, eta badago bere burua eskaini duenik ere. Oraingoz ez da publikoa, baina badira nazioarteko komunitateko ahots oso esanguratsuak diotenak soilik bitartekarien bidez saihestu daitekeela atzo Espainiako Estatuaren aldetik ikusi genuena. Azkenik, Espainiako Gobernuaren erantzuna dugu: Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena, jazarpen handiagoa eta espetxeratze mehatxuak.

Hortik aurrera, datozen egunak intentsuak izango dira, baina ziur nago, gertatzen dena gertatzen dela, Katalunian irabaziko dutela jarrera baketsuak, demokraziak eta politikak. Hori da gure konpromisoa, eta atzo ikusi ahal izan genuen.

Kontuan izanik igandean botoa emateko oztopoak, parte hartzea ez zen iritsi %50ra. Zilegi da aurrera egiteko?

Gutxieneko parte hartzea ez dago jasoa Erreferendumaren Legean, ez du gomendatzen Veneziako Batzordeak, ezta jasotzen Espainiako legerian ere. Espainian eginiko ezein erreferendumetan ez da ezarri gutxieneko parte hartzerik ezarri.

Hortaz, parte hartzeak ez du inolako eraginik izango Erreferendum Legearen inplementazioan?

Ez du baldintzatuko, lehenik, aipatutako arrazoi horiengatik, eta, bigarrenik, uste dugulako %42a, erromantizismotan erori gabe, emaitza epikoa dela. Guardia Zibilak jipoituak izanda, hamar pertsonatik lau bozkatzera joan eta lortu izana heroikoa da. Sarea eta komunikazioak boikotatzen egon zirelako une oro.

Estatuaren inteligentziak erreferendumaren aurka erabilitako indarkeria, gerra zikin eta boikot horien gainetik, %42k botoa eman ahal izatea heroikoa da. Zilegitasuna hor dago, legaltasuna ere bai, eta, dakigunagatik, gobernua ziurtatzeko moduan dago %42 hori bozkalekuetara joan zela.

Bide orriak dioenez, aurrena dator prozesu eratzaile bat, gero hauteskunde konstituziogileak eta, azkenik, konstituzioa berresteko erreferendum bat. Horrek negoziazio prozesu bat eskatuko du.

Errepublikaren deklarazioarekin, jada egongo gara independentziaren jokalekuan. Ez da posible izango prozesu eratzaile bat, hauteskunde konstituziogile batzuk edo konstituzioa berresteko erreferendum bat, aurretik Kataluniako botere politikoek independentzia deklaratu ez badute, atzo ikusi baikenuen Espainiako Gobernuaren jarrera biolentoa. Hori da egutegia, eta bide orri horrek ez du ukatzen negoziazioa eta elkarrizketa.

Ez dago ezer hoberik helburu politiko bat lortzeko elkarrizketa baino. Guk elkarrizketa nahi dugu; guk proposatu genuen erreferenduma gatazkari irtenbide bat emateko, eta eskatu genuen estatuarekin adostutakoa izatea, herritar guztiek, independentzia nahi dutenek eta nahi ez dutenek, merezi dutelako instituzioen errespetua, lasai joan ahal izan daitezen botoa ematera. Beraz, gure konpromisoa da beti egongo garela hitz egiteko prest, baina elkarrizketa horrek ez du, hasteko, umiliazio bat izan edo ukazio batetik abiatu behar. Prest gaude hitz egiteko, baina ez autodeterminazio eskubidea gauzatzeari uko egiteko. Herrialde hau izango da bere herritarrek nahi dutena.

Bihar [gaur] greba orokorra dago.

Langileen, enpresarien eta, oro har, herritarren lan etenaldi orokor bat egongo da. Eskatzen duguna da jarrera zibikoa izatea eta salatzea oinarrizko eskubideak urratu direla.

Manifestazioak eta greba herrialde demokratiko guztietan aitortutako eskubideak dira. Atzo [herenegun], herri honek umiliazioa jasan zuen indarkeria erabili zutenen aldetik, eta herritarrek eskubidea dugu horregatik protesta egiteko. Inportantea da sindikatu nagusiek, independentistak ez izanda ere, uler dezaten herrialde hau eta bere herritarrak ezin direla izan gaizki tratatuak, eta beren eskubideak, urratuak, atzo gertatu zen bezala.

Hauteskunde gauean, Puigdemonti mintzatu zintzaizkion: «Ez hutsik egin». Ohar bat zen?

Mezu argia zen: president,ez hutsik egin. Orain arte ez digu hutsik egin, eta ziur nago ez duela egingo, baina espazio publiko batean zaudenean, bidali behar dituzu ziurtasun mezuak. «Ez hutsik egin» hori Puigdemontek berak konpartitutako mezu bat da, hark ere eskatzen digu guk hutsik ez egiteko. Uste dut konplizitate bat dagoela gizartearen eta erakundeen artean, oso indartsu egiten gaituena. Gobernuak eta parlamentuak ez digute hutsik egingo, ezta guk horiei ere, askatasuna eta demokrazia defendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.