40 urteko ibilbidearen ostean, aro berria

1984an Turkiaren aurkako borroka armatuari ekin zion PKK Kurdistango Langileen Alderdiak. Ordutik borrokaldiak, negoziazioak eta meniak tartekatu dituzte. Gaur armak uzteko deia egin du erakundeko buru Abdullah Ocalanek.

PKKren jarraitzaileak, Diyarbakiren (Kurdistan), artxiboko irudi batean. SEDAT SUNA / EFE
PKKren jarraitzaileak, Diyarbakiren (Kurdistan), artxiboko irudi batean. SEDAT SUNA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko otsailaren 27a
16:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Kurdistango askapen mugimenduarentzat mugarri izango da gaurko eguna. Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko sortzaile eta buruzagiak armak uzteko deia egin du, baita erakundea desegitekoa ere. Ocalanek 1978an sortu zuen ofizialki PKK, nazionalismo kurdua eta sozialismoa ardatz hartuta. Sei urte geroago, 1984an, erakundeak borroka armatuari ekitea erabaki zuen. Gaur, ordutik berrogei urte baino gehiago igaro ostean, PKKren sortzaileak uste du badela garaia etapa horri amaiera emateko.

Gerra Hotzaren garaian du jatorria PKK-k; deskolonizazio prozesuak goraldian zeuden 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta jokaleku horretan du jatorria Ocalanek sortutako mugimenduak. Turkiak eta Kurdistanek garai haietan pairatutako egoera sozioekonomikoak bultzatu zituen ezkerreko mugimenduak. Estatu kolpeek baldintzatu zuten urte haietan Turkiako politika: militarrek hiru estatu kolpe eman zituzten hogei urtean; 1960an lehena, 1971n bigarrena, eta 1980an azkena. 1971koaren ostean hasi zen Ocalan PKKren zutabeak eraikitzen, eta ofizialki 1978an sortu zuen alderdia. Kurduen eskubideak babesteko asmoz eratu zuen erakundea, eta haren helburu nagusia zen Kurdistan estatu independente sozialista sortzea.

Bi urte geroago, militarrek beste estatu kolpe bat eman zuten Turkian, eta kurduen eskubideak are eta gehiago zapaldu zituzten; besteak beste, legez kanpo utzi zituzten erakunde kurdu gehienak. Hala, PKK-k bide armatua hartzea erabaki zuen 1984an, eta ordutik Turkiaren aurka borrokan jardun du.

Halere, izan da PKK-k borroka armatua albora utzi duen unerik ere. 1980ko estatu kolpean agintea hartu zuen Kenan Evrenek, eta hura izan zen Turkiako presidente 1989an politika uztea erabaki zuen arte. Tarte horretan borroka gogorrak izan ziren PKKren eta Turkiako armadaren artean. Evrenek politika utzi ostean, presidente kargua hartu zuen 1983tik Turkiako lehen ministro zenak, Turgut Ozalek. Garai hartan iritsi zen PKK-k deklaratutako lehen su etena, 1993ko martxoan. Ozalek kurduera legeztatu zuen, eta PKKrekin negoziatzeari bidea ireki zion. Baina presidentea hilabete geroago hil zen, eta maiatzean menia albo batera utzi zuen PKK-k, Turkiako soldaduek erakundeko hamahiru kide hil ostean.

Ordutik 1999ra arte, Ankarak alderdi kurduari militarki eraso egitea lehenetsi zuen, eta Ocalanen mugimenduak ere eraso ugari egin zituen Turkiako militarren aurka. Tartean alde bakarreko su etena deklaratu zuen 1995ean, gobernu berriari negoziatzeko aukera emateko, baina ez zuen fruiturik eman. Eta 1999an Ocalan atxilotu zuten, Kenyan. Ordutik preso eduki dute segurtasun goreneko kartzela batean, Imraliko uhartean (Turkia). Otsailaren 15ean bete ziren 26 urte PKKren sortzailea ziegan sartu zutenetik.

1999an beste menia bat eman zuen PKK-k, eta 2004an hartu zituen berriro armak. Garai horretan aldaketa sakonak egin zituzten erakundearen barruan. Atzean geratu zen estatu kurdu independente eta sozialista bat osatzeko helburua, eta planteamendu politiko berri bat adostu zuten: konfederalismo demokratikoa deiturikoa. Proposamen horren arabera, Iranen, Iraken, Turkiaren eta Siriaren menpe dauden eremu kurduek gobernu autonomo bat izango lukete, eta horiek estatu konfederal baten antzerako egitura bat osatuko lukete. 2004an, baina, EB Europako Batasunak «erakunde terroristen» zerrendan sartu zuen PKK. Aurrez, AEB Ameriketako Estatu Batuek ere izendapen hori emana zioten. Gaur egun, oraindik ere, EBk eta AEBek «erakunde terroristatzat» daukate PKK.

2013-2015: azken negoziazio aldia

Zenbait menia eman zituen 2012ra arte Ocalanen erakundeak, eta 2009tik 2011ra Oslon hizketan aritu ziren PKK eta Turkiako Gobernua, baina negoziazioak eten egin zituzten. Eta 2012an gogortu egin zen Turkiako armadaren eta PKKren arteko gatazka. Urte berean, 688 presok 68 eguneko gose greba egin zuten, besteak beste Ocalan aske uzteko eta kurdueraz publikoki hitz egiteko eskubidea errespetatzeko eskatuz, eta 2013an, Recep Tayyip Erdoganen gobernuak —lehen ministro zen garai hartan— negoziazioak hasi zituen PKKren eta Ankararen arteko gatazkari amaiera emateko asmoz. 2015ean, ordea, elkarrizketak eten egin zituzten, eta borrokak berriz gogortu ziren.

Ordutik, Ocalanen bakartzea gogortu egin zuten, eta bisita bakan batzuk baino ez ditu jaso azken hamar urteetan. Iazko urrian familiakoen bisita jaso zuen, eta, aldi hartan, Ocalanek iragarri zuen «baldintza egokiak sortuz gero» prest zegoela «gatazkaren eta indarkeriaren bidetik politikaren bidera» jauzi egiteko. Turkiako Parlamentuan ere izan dute hizpide Ocalan, eta iazko urrian, Erdoganek berak lider kurduaren bakartzea amaitzeko proposamen bat babestu zuen. Abendu amaieratik, DEM alderdi kurduko ordezkaritza bat hiru bider bildu da Ocalanekin; eta azken bisitaren ostean iritsi da iragarpena. PKK-k 1984an hasitako bideari amaiera eman, eta armak uzteko deia egin du lider kurduak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.