Trumpek Biden «ustela» egin du ezarri dioten kondenaren erantzule

AEBetako presidente ohia 34 deliturengatik kondenatu dute 'Stormy Daniels auzian'. Lehenbiziko aldia da Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohi bat zigor arloko judizio batean kondenatzen dutena. Zigorra uztailaren 11n jakinaraziko dute.

Donald Trump AEBetako presidente ohia, Alderdi Errepublikanoaren ekitaldi batean. SHAWN THEW / EFE.
Donald Trump AEBetako presidente ohia, Alderdi Errepublikanoaren ekitaldi batean. SHAWN THEW / EFE
Isabel Jaurena - Igor Susaeta
2024ko maiatzaren 31
18:00
Entzun

Zinpeko epaimahai bateko hamabi kideek Stormy Daniels auzian erruduntzat jo eta biharamunean, Donald Trumpek, hau da, 2017 eta 2021 artean Etxe Zuriko maizterra izandakoak, Joe Biden AEBetako presidente «ustela» jo du berriro horren erantzuletzat. «Etxe Zuria dago denaren atzean. Inoiz eduki dugun presidente ergelena da Biden», adierazi du, gaur, akusazioa egiaztatzeko frogarik plazaratu gabe, New Yorkeko Trump Dorrea hotelean eman duen galderarik gabeko prentsaurrekoan. AEBetako presidente ohiari egotzi diote dirua ordaindu izana Stormy Daniels pornografia aktoreari, hark ez zezan zabaldu hamar urte lehenago harremanak izan zituztela, eta, gainera, ordainketa horiek ezkutatzen ahalegindu zela. 34 delitu egozten dizkiote, eta guztietan errudun dela ebatzi du epaimahaiak. Presidente ohiak dio «errugabea» dela. «Hau niri egin badiezadakete, edonori egin diezaiokete».

AEBetako presidente ohi bat zigor arloko judizio batean kondenatu duten lehenbiziko aldia da. Gainera, herrialdeko bozak ate joka daudenean plazaratu dute sententzia, bortz hilabete bertzerik ez baita falta AEBtako hauteskundeetarako. Horiek gogoan, Trumpek adierazi du «faborito nagusia» dela. Hala erakusten dute inkestek. «Edozer egiteko prest nago gure herrialdea salbatzeko». Baieztatu du helegitea jarriko duela.

Zigorra bera datorren uztailean jakinaraziko du epaitegiak, hilaren 11n. Juan Merchan da kasuaren epailea, eta Trumpek gaur aurpegiratu dio Bidenekin eta AEBetako Justizia Departamentuarekin «erabat bat eginda» jokatzea. 34 faltsifikazio delituetako bakoitzarengatik lau urteko zigorra jarri ahal diote, baina, epaileak erabakiko balu aldi berean bete daitezela, guztira lau urteko zigorra izanen luke. Zigorra zehazteko orduan, epaileak kontuan hartzen ahal ditu bertze zenbait faktore ere: Trumpen adina, zigor aurrekaririk ez izatea, eta presidente ohi guztiek eskubidea izatea zerbitzu sekretuen babesa edukitzeko —baita kartzelan ere—.

Trumpen jarraitzaileek adierazi izan dute babestu eginen dutela, edozein dela ere epaimahaiaren erabakia; halere, ezinezkoa da jakitea herritarrek zer jarrera hartuko duten eta Merchanen erabakiak nola eragingo duen botoa emateko orduan. AEBetako Politico hedabideak modua izan du Trumpen aholkularien txosten bat ikusteko, eta horretan nabarmendu dute, barne zundaketa batzuk oinarritzat hartuta, azkenean zigortzen badute bi puntu galduko dituela; orain, hain zuzen, bizpahiru punturen aldea ateratzen dio Bideni.

Kondenatzen badute ere, presidente izan daiteke; AEBetako konstituzioak ez baitu erraten zigor aurrekariak dituztenak ezin direla hautagai izan. Dena den, epaileak erabaki dezake Trump behin-behinean aske uztea, eta, hala, ez luke sekula espetxera joan beharko. Horrez gain, buruzagi errepublikanoak badu oraindik helegitea jartzeko aukera, eta horrek izugarri luzatuko luke auzia; modu horretan, presidentetzarako kanpainarekin jarraitu ahal izanen luke.

Trumpek akusazioa ukatu badu ere, fiskaltzaren ikerketak zera dio: 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpaina betean zirela, buruzagi errepublikanoak, kanpainako funtsak erabiliz, 120.000 euro ordaindu zizkiola pornografian aritzen zen Stormy Danielsi, Michael Cohen abokatuaren bitartez, Danielsek ez zezan zabaldu Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Presidente izandakoak errana du ez zuela sexu harremanik izan Danielsekin, baina aktoreak baietz dio. Berez, isilik egotearen truke diru kopuru bat ordaintzea ez da legez kanpokoa, baina Manhattango fiskal Alvin Braggek uste du Trumpek bere enpresaren kontuak faltsutu zituela ordainketa hori ezkutatzeko.

Hiru gehiago

Stormy Daniels  auzia Trumpen kontrako auzibideetako bat bertzerik ez da, bertze hiru baititu zabalik: Georgian 2020ko bozak manipulatzeagatik, sekretupeko dokumentuak Miamiko bere etxean ezkutatzeagatik, eta 2021ean AEBetako Kapitolioan izaniko istiluengatik.

Halaber, lortu du zenbait auzitatik zigorrik gabe irtetea. Etxe Zurian zela, Kongresuak bi ahalegin egin zituen impeachment prozeduraren bidez hura kargugabetzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Batean, 2016ko bozetan bere kanpainak Errusiarekin izan zituen loturengatik egin zioten epaiketa politikoa, eta bigarrenean, Kapitolioaren kontrako erasoan ustez izandako erantzukizunagatik.

ETA ORAIN, ZER?

Trump kondenatzen badute, hauteskundeetan bozkatu dezake?
Bai. AEBetako zenbait estatutan, zigortuek mugatuak dituzte hauteskunde eskubideak; baina Floridan ez, eta han dago erroldatuta Trump. Hango araudiak zehazten du Trump kondenatua izan zen tokiko araudiak agintzen duela, hau da, New Yorkekoak. Eta estatu horretan ez litzaioke debekatuko botoa ematea.

Kartzelara joan daiteke?
Aukeretako bat da. Teorian, 34 delitu horietako bakoitzagatik lau urte bitarteko zigorra jartzen ahal dio epaileak, edo aldi berean bete ditzala ebatzi, eta guztira lau urteko zigorra izan. Ordea, posible da Trump behin-behinean aske uztea, eta, hala, ez luke sekula espetxera joan beharko.

Presidentetzarako hautagai izan daiteke zigortuta ere?
Bai. AEBetako konstituzioak ez du zehazten zigor aurrekariak dituztenak ezin direla hautagai izan. Hiru baldintza bertzerik ez ditu jartzen: 35 urte baino gehiago izatea, AEBetan jaioa izatea eta herrialdean gutxienez hamalau urtez bizi izana.

Eta kartzelan balego presidente hautatu ahal dute?
Ez dago argi. Arlo judizialaren ikuspuntutik, posible da, ez baitago kontrakoa dioen araurik. Ordea, lehenbiziko aldia litzateke horrelako zerbait gertatzen dena, eta adituek diote «krisi juridiko» bat ekarriko lukeela. 

Halere, posible da Trump presidente tituluaz gabetzea, legediak zera baitio, presidentea «ez bada gai bere boterearekin eta zereginekin betetzeko» presidenteordeari emanen zaiola kargu hori. Ordea, hori gertatzea ia ezinezkoa da. Litekeena da Trumpek berak auzi eske bat egitea aske uzteko eskatuz, horrek bere betebehar instituzionalak betetzea eragozten diolako.

Presidente balitz, bere buruari indultua eman ahalko lioke?
Ez, New Yorkeko –Stormy Daniels– eta Georgiako –2020ko bozetako kanpainari lotutakoa– estatuetako kasuetan bederen. Izan ere, presidenteek ez dute botererik estatu delituetan beren buruari indulturik emateko. Bertze biak arlo federalekoak dira, eta indultua ematea aukera bat da. Halere, ez dirudi horien epaiak bozak baino lehen iritsiko direnik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.