Zimbabweko presidente aukeratu berriak karguaren zina egin zuen atzo. Zazpigarren agintaldiari ekin dio Robert Mugabek (Harare, 1924), eta jada hiru hamarkada daramatza boterean, 1980tik. Uztailaren 31nizendatu zuten presidente. Oposizioak hauteskundeen aurka helegitea jarri zuen, hauteskunde iruzurra gertatu zela argudiatuta. EB Europako Batasuneko eta AEBetako herrialde askorentzat, iruzur hori benetan nabaria izan zen, eta Europako Batzordeko presidente Herman Van Rompuyk azaldu zuen Zimbabwek hauteskunde «sinesgarriak» egiten ez dituen bitartean EBk Zimbabwerekin dituen harremanak ez dituela normalizatuko.
2008an egindako hauteskunde prozesuan oposizioko MDC Aldaketa Demokratikoagatik Mugimendua alderdiko 200 jarraitzaile hil eta milaka pertsona torturatu zituztela salatu zuen MDCk. Hauteskundeen ondoren, Mugabek esan zuen «Jainkoak soilik» ken dezakeela boteretik. Egoera oposizioko MDC alderdiaren eta Mugaberen ZANU-PF alderdiak osatutako batasun gobernu batekin konpondu zen.
1924an jaio zen, eta guztira sei titulu unibertsitario ditu: Zuzenbidekoa, beste batzuen artean. 36 urterekin ekin zion ibilbide politikoari: Zimbabwek Erresuma Batutik independentzia lortzearen aldeko talde batzuetako militante izan zen. Horregatik, 1964. urtean kartzelan sartu zuten. Bertan hamar urte egon ondoren, erbestean bizi izan zen. Zimbabweko Errepublikaren sorrera bermatu zuten akordioen sinatzaileetako bat izan zen, eta sortu berri zen errepublikako lehen ministro. 1987an kargu hori kendu eta presidentearena sortu zuten, eta orain arte bete du eta betetzen jarraituko du hori, ZANU-PF alderdiko buru gisa, oposizioarentzat sinesgarritasun gutxiko hainbat hauteskunde egin eta gero.•
Soslaia. Robert Mugabe
33 urtez boterean, iruzur susmopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu