Katalunia. Agusti Alcoberro. ANCko presidenteordea

«30eko arazoa izan zen ez zegoela 31koa hitz eginda»

Bi indar subiranista nagusiei haien arteko «arazo emozionala» konpon dezatela eskatu die elkarte zibil independentistako kideak, eta zintzo joka dezatela herritarrekin, «eusteko prest» dauden horiekin. Puigdemonten hautagaitza babesten du, baina ez du «heroirik» nahi.

ANC.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Kataluniako errepublikaren aldeko herritarrak «apur bat etsita» nabaritzen ditu Agusti Alcoberro ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordeak (Pals, Katalunia, 1958). Baina baita indartsu ere aurrera egiteko. Kontrajarrita dauden bi kontzeptu dirudite, baina ezetz dio. «Batak denbora erritmo bat du, eta besteak, beste bat». Indar subiranistei, ordea, eskatu die «ados» jar daitezela«ezinbestekoa da», eta, Katalunia azken asteetan bizitzen ari den noraeza aintzat hartuta, iruditzen zaio kataluniarrek eskertuko luketela alderdien arteko eta herritarrekiko «zintzotasun» ariketa bat. «Azal diezagutela».

Joan den asteartean, urtarrilaren 30ean, gertatutakoa azken hilabeteotan beste bi aldiz bizi izan duelakoan dago elkarte zibil independentistako kidea. Urriaren 10ean, Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa egin eta, Madrili elkarrizketa eskaintzeko asmoarekin, etetea erabaki zuenean; urriaren 27an, legebiltzarrak independentzia aldarrikatu eta hurrengo egunean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenaren ondorioz, gauzatzeari uko egin zionean; eta joan den asteartean, Roger Torrent (ERC) parlamentuko presidenteak Carles Puigdemont (JxC) Generalitateko presidente inbestitzeko saioa atzeratzea erabaki zuenean. «30eko arazoa izan zen ez zegoela 31koa hitz eginda. Hala detektatu genuen. Urriaren 10ean eta 27an ere gauza bera gertatu zen». Zehaztapen bat egin nahi du: «Kataluniako errepublika deklaratu dugunez, ezar dezagun, ahal den neurrian».

155. artikuluaren aurretik presidentea zelako eta boto gehien lortu duen hautagaia izan delako, Puigdemont berriro Kataluniako presidente izateko hautagaitza babesten du Alcoberrok. «Ez dago beste alternatibarik. Bestela, urte askotarako egingo dugu atzera». Eta hori eragozteko ahaleginean, herritarrak, «animoz gora eta behera dabiltzan arren», eusteko prest daudela uste du. Historian doktorea da, eta ondokoa nabarmendu du: «Espainiak klixe bat darabil, zeinaren arabera katalanok, azkenean, beti amore ematen dugun, 1714ko gerratik askotan garaitu gaituztelako».

Independentziaren aldeko mugimendua, hala ere, zabaldu eta indartu egin da azkeneko urteotan. «Eta urriaren 1etik aurrera, atzerapausorik ez emateko lerratu da jendea». Dena den, joan den asteartean parlamentuaren bueltan ANCk eta CDR Errepublika Defendatzeko Batzordeek deitutako mobilizazioek ez zuten prozesuaren beste egun seinalatu batzuetako jendetzarik bildu, eta biltzarrak erabaki zuen parlamentuaren aurrera ez joatea. «Ondo azalduta ez zeuden albiste kontraesanezkoen berri eduki genuen goizean bertan, eta Omnium Culturalek bertan behera utzi zuen bere deialdia». ANCk eutsi zion bereari, «autobusez zetorren jendearekiko errespetuagatik». Jende gutxiago erakarri zuen astearteko elkarretaratzeak, eta mobilizazioen maiztasunak behera egin du azken bi hilabeteotan. Espainiako Auzitegi Gorenak kartzelatuta dago Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, eta estatuak elkartearen mugimendu oro zelatatzen du. Mobilizazio gutxiago deitzeak eta CDRkoekin parlamentuaren atarira ez iristeak ez du zerikusirik, Alcoberroren esanetan, horrekin guztiaren. «Gure izatea da errepublika eraikitzea, eta bide orri bat mantendu beharra daukagu».

«Turkiaren antza du»

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak egintzat jo zuen, herenegun, Puigdemont eta matxinadaz akusatutako guztiak inhabilitatu egingo dituela Gorenak, auzipetze autoa egiteko orduan. Horren harira, Alcoberrok dio Espainiako Estatuak zuzenbide estatuaren eta botere banaketaren muga guztiak «gainditu» dituela. «Egiptoren eta Turkiaren geroz eta antz handiagoa du». Eta indar independentistek hori kontuan eduki beharko luketeela pentsatzen du.

CUPeko diputatu Vidal Aragonesentzat, ordezkari politikoek askatasun kolektiboengatik «sakrifikatu» behar dute. Alcoberrok zehaztu du: «Puigdemont inbestitu eta kostu pertsonalak saihestu nahi ditugu, baina ez dugu heroirik nahi. Sakrifikatzeko garaia helduko da. Horretarako gaude hemen».

Bitartean, ERCri eta JxCri eskatu die aspalditxotik duten «arazo emozionala» konpondu dezatela, «hautsitako zubiak» atzera jaso ditzatela, eta «izenetatik eta alderdietatik» harago, Kataluniako errepublikaren interesak izan ditzatela gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.