%30 migratzaile gutxiago heldu ziren iaz OCDEko kide diren herrialdeetara

Pandemia hasi zen urtean, soilik Mexikora iritsi ziren orain bi urte baino etorkin gehiago: gorakada %40koa izan zen. Ekonomia Lankidetza eta Garapenareko Erakundeak migratzaileak integratzeko planak eskatu ditu

Joan den larunbatean Chiapastik irten, eta Mexiko Hirira heltzeko asmoa duen migratzaile taldeko hainbat kide, herenegun. JUAN MANUEL BLANCO / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Igor Susaeta
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Iaz, munduko herrialde gehienek mugak itxi zituzten, COVID-19aren aitzakian; ondorioz, ia ezinezkoa bilakatu zen migratzaileentzat haietara sartzea. Hori argi geratu da OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak migrazio jarioez argitaratutako urteroko txostenean, non nabarmentzen den erakundeko kide diren herrialdeetara %30 migratzaile gutxiago heldu zirela iaz duela bi urte baino.

Telematikoki aurkeztu zuten, atzo, eta pandemiak eragindako abagunea gorabehera, Mathias Cormann erakundearen idazkari nagusiak eskatu zien kide diren herrialdeei etorkinak integratzeko planak bil ditzatela izurriaren belarrondokotik altxatzekosuspertze egitasmoetan. Ohartarazi zuen pertsona horiek auzo jakin batzuetan pilatzea oztopo bat izan daitekeela integraziorako. «Epe luzera, arriskuak ditu integraziorako; haurrentzat batez ere».

Eta, txosteneko datu orokorren atzean, badira bestelako xehetasunak ere, egoera hobeto ulertzeko lagungarri direnak. AEBek izan zuten gainbehera handienetako bat migrazioetan, nahiz eta hain zuzen pandemiak eragindako krisi ekonomikoak bultzatuta milaka migratzailek Amerika hegoaldetik iparralderako bidea abiatu bizimodu hobe baten itxaropenarekin. Washingtonek, baina, mugak itxi zituen, eta hala eduki zituen urte osoan; horren ondorioz, %44 migratzaile gutxiago sartu ziren hara.

Arrazoi beragatik, alderantzizko egoera izan zuten mugaren hegoaldeko aldean. Mexiko izan zen OCDEko kide diren herrialdeen artean goranzko joera erakutsi zuen bakarra. Hark ere itxi egin zituen ateak, baina Mexiko eta Guatemala arteko muga hain da luzea, ia ezinezkoa baita erabat kontrolatzea. Horren eraginez, duela bi urte baino %40 pertsona gehiago heldu ziren hara.

Ozeano Atlantikoaren beste aldean ere, jaitsiera nabarmena izan zen. EB Europako Batasuneko kide diren herrialdeek sekula baino zorrotzago kontrolatu zituzten atzerritarren sarrerak, eta datuek islatzen dute hori: %35 gutxiago heldu ziren Italiara, %30 gutxiago Erresuma Batura, eta %21 gutxiago Frantziara.

Lan munduari nola eragin dion ere ikertu dute, eta izurriaren krisian handitu egin da bertakoen eta etorkinen arteko arrakala langabezia tasari dagokionez: hiru puntukoa da, oro har. Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa ere mintzatu zen aurkezpenean, eta azpimarratu zuen izurriak lanaren eta hezkuntzaren alorrean «neurriz kanpo» eragin diela errefuxiatuei. Aipatu zuen, adibidez, adingabeek eskolarik izan ez zuten hilabeteetan Interneterako askoz ere sarbide mugatuagoa eduki zutela beste ikasle batzuekin alderatuta, «askoz ere kalte handiagoa» jasan dutela horrenbestez, eta galera horiek konpentsatu behar direla.

Joera bat baieztatu da

Nolanahi ere, Johanssoni iruditzen zaio pandemiak eragindako krisiak agerian utzi duela migratzaileak «ezinbestekoak» direla lanpostu askotan. Are, Cormann OCDEren idazkari nagusiak hauxe esan zuen: «Etorkinak izan daitezke irtenbidearen zati bat».

Pandemiak baieztatu du, bide batez, azkeneko hamarkadan nabarmentzen ari zen joera bat, txostenaren arduradun nagusi Stefano Scarpettaren arabera: etorkinen integrazioan beherakada bat izan dela, eta zenbait herrialdetako biztanleei diskriminazio sentipen bat piztu zaiela immigranteekiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.