28 afganiar deportatu ditu Alemaniak

2021ean talibanek agintea berreskuratu zutenetik, lehen aldiz deportatu ditu Berlinek afganiar batzuk euren sorterrira. Solingengo atentatuari erantzutzeko asmoz, neurriak hartuko dituela iragarri du Alemaniako Gobernuak.

Eskuin muturreko manifestari bat Alemaniako Solingen hirian, iragan astean hiri horretan gertatutako atentatuaren harira protestan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
Eskuin muturreko manifestari bat Alemaniako Solingen hirian, iragan astean hiri horretan gertatutako atentatuaren harira protestan. CHRISTOPHER NEUNDORF / EFE
2024ko abuztuaren 30a
16:13
Entzun

28 afganiar euren sorterrira deportatu dituela jakinarazi du Alemaniako Gobernuak gaur. 2021eko abuztuan talibanek agintea berreskuratu zutenetik lehen aldiz egin du gisa horretako operazio bat Berlinek. Leipzigeko (Alemania) aireportutik irten da deportazio hegaldia goizean, eta hegaldi horretan zihoazenak «Alemanian bizitzeko eskubiderik ez duten gaizkileak dira», Steffen Hebestereit gobernuaren bozeramaileak ohar batean adierazi duenez. Olaf Scholz sozialdemokrata buru duen gobernuak migrazio politikak gogortuko dituela iragarri zuen atzo, iragan astean Solingenen gertatu zen atentatuari erantzuteko asmoz.

Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen erasoa, zeinean gizon batek 11 pertsona sastatu zituen labanaz, eta horietako hiru hil ziren. Solingenen ospatu behar zen jaialdi baten aurretik gertatu zen atentatua; hain zuzen, Alemaniako Gobernuak ezarriko duen neurrietako bat izango da ekitaldi publikoetara labanarik eramatea debekatzea. Horrez gain, Alemaniak «islamismoaren aurkako borroka» gogortuko du, eta asilo eskatzaileen deportazioa azkartu, herrialde horretako Barne ministro Nancy Faeserrek atzo eginiko prentsaurreko batean esan zuenez.

AI Amnesty Internationalen hitzetan, Afganistanen «inor ez dago seguru», GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek argitaratu duen idatzi batean salatu duenez: «Denok ditugu giza eskubideak, eta ez da zilegi torturak jasan ditzaketen herrialde batera deportatzea». Alemaniako Justizia ministro Marco Buschannen hitzetan, Solingengo atentatuaren egilea deportatzeko asmoa zuen gobernuak, baina prozesu guztia prest eduki ostean ezin izan zuten kokatu. Hortaz, deportazioak «azkarrak eta eraginkorrak» izatea du xede Scholzen gobernuak hartutako neurriek, Buschannen arabera.

AfDren mehatxua

Datorren igandean hauteskundeak egitekoak dira Alemaniako Saxonia eta Turingia estatuetan. Azken horrek 2020an orduko herrialdeko presidente Annegret Kramp-Karrenbauerrek (CDU Batasun Kristau-Demokrata) dimisioa ematea eragin zuen: Die Linke ezkerreko alderdiak irabazi zituen hango bozak, baina ez zuen gehiengo osoa eskuratu. FDP Alderdi Demokratiko Liberalak ere hautagaia aurkeztu zuen, eta, ezustean, AfD Alemaniarentzako Alternatibak haren alde egin zuen. Eskuin muturraren botoei ezezkoa eman beharrean, onartu egin zituen FDPko hautagaiak, eta horrek krisia eragin zuen.

Datorren igandeko bozetan ere, eskuin muturrak baldintzatuko ditu Turingiako bozak. Agintea eskuratzeko inoiz baino aukera gehiago dituzte, boto asmoari dagokionez ehunekorik handiena baitute inkesta gehienetan: Alemaniako INSA institutuak eginikoan, esaterako, %32ko boto asmoa du AfDren hautagai Bjorn Hockek: Alemaniako eskuin muturraren pertsonaia garrantzitsu bat da, eta zazpi aldiz kendu diote immunitate parlamentarioa.

Iragan ekaineko Europako Parlamenturako hauteskundeetan botoen %16 lortu zuen alderdi ultraeskuindar horrek, eta migrazioaren aurka duen jarrera irmoarengatik da ezaguna. Solingengo atentatuari etekina atereaz, Turingiako bozen atarian Solingen edo Hocke leloa errepikatu dute behin baino gehiagotan euren sare sozialetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.