Koronabirusa

250 milioi kasu atzeman dituzte dagoeneko

Delta aldaerak azkartu egin ditu kutsatzeak, eta azken hiru hilabeteetan 50 milioi kasu atzeman dituzte munduan. AEBak dira oraindik kutsatze eta hildako gehien duen herrialdea.

Pertsona bat txertoa jasotzen Belgraden. ANDREJ CUKIC, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 8a
10:28
Entzun

Kutsatzeak azkartu egin dira azken hiru hilabeteetan, eta beste 50 milioi kasu atzeman dituzte uztailetik —COVID-19a agertu zenetik urte bat behar izan zen kasu kopuru horretara heltzeko—; horiekin, 250 milioi pasa dira pandemia hasi zenetik atzemandako koronabirus kasuak. AEBak daude oraindik ere zerrenda beltzaren lehen tokian, eguneko 72,474 kasu berrirekin eta 1.229 hildakorekin. Europa ekialdeko herrialdeetan, baina, egoerak okerrera egin du azken asteetan: Errusian egunero 40.186 kutsatze zenbatzen dituzte, eta 1.182 hildako. Han itxi egin dituzte enpresa asko, eta langileak oporrak hartzera behartu azaroaren 11ra arte, baina gobernuak ez du baztertzen murrizketa gehiago egitea.

Egoerak okerrera egin du Europako beste hainbat herrialdetan ere, besteak beste Alemanian eta Bulgarian. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen joan den astean Europa bilakatu dela beste behin pandemiaren erdigune. Txertaketa motel doa Europa ekialdeko herrialdeetan. Munduan atzematen diren kutsatzeen ia erdiak Europako herrialdeetan detektatzen dira —lau egunetik behin milioi bat kasu atzematen dituzte—.

«Orain eta datorren urte amaiera bitartean, birusa kontrolpean hartu beharko genuke. Tarte horretan gai izan beharko genuke gaitzaren ondoriorik larrienak eta heriotzak saihesteko», adieraz zuen OMEko epidemiologo Maria Van Kerkhovek, joan den astean egindako agerraldi batean. Horretarako, baina, txertaketa azkartu beharko litzateke nabarmen. Our World in Data atariaren arabera, munduko populazioaren erdiak ez du oraindik hartu txertoaren dosi bakar bat ere; garatzeko bidean diren herrialdeetan, soilik herritarren %5ek hartu dute dosiren bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.