2030erako deforestazioa geldiaraztera konprometitu dira ehun estatu baino gehiago

Basoak babestu eta berreskuratzeko 19.000 milioi dolarreko inbertsioa aurreikusi dute. Brasil, Indonesia eta Kongoko Errepublika Demokratikoa daude horien artean.

arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 2a
11:03
Entzun

Klima larrialdiaren aurkako COP26 goi bilera hasia da lehen emaitzak ematen. Atzo iluntzean heldu zen lehen akordioa, ehun herrialdek baino gehiagok sinatutakoa, eta basoak babestea helburu duena. Hitzarmenaren arabera, sinatzaileek konpromisoa hartu dute 2030erako baso eremuen suntsitzea eta lurren degradatzea geldiarazteko, eta helburu horrekin 19.000 milioi dolarren inbertsioak egingo dituzte.

Sinatzaileen artean daude Errusia, Indonesia, Brasil eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. Soilik lau herrialde horiek biltzen dituzte mundu osoko basoen %85. Akordioa sinatu duten herrialdeetako basoek 33 milioi kilometro koadroko eremua hartzen dute.

Itunak jasotzen du, gainera, herrialde aberatsek 12.000 milioi dolarreko funts bat sortuko dutela 2021 eta 2025 urteen artean garapen bidean dauden estatuei laguntzeko; besteak beste, horiek lur kaltetuak lehengoratu ditzaten eta suteak gutxitzeko proiektuak abian jar ditzaten. Horrez gain, beste 7.200 milioi euro jarri beharko ditu arlo pribatuak, eta konpromisoa hartu beharko dute 2025erako basoen ustiaketarekin lotutako egitasmoak bertan behera uzteko.

Biomas Carbon Monitor proiektuaren arabera, 2011tik basoek 760 milioi tona karbono dioxido xurgatzen dituzte urtero; hau da, isurtzen denaren %8 inguru. Baina urtetik urtera baso eremua txikituz doa, eta horrek zuzeneko eragina du klima larrialdian. Greenpeacek gogor kritikatu du Glasgowko egitasmoa, eta salatu du basoak babesteko bainoago deforestazioari beste hamarkada bateko bizia emateko balio duela. «Indigenek eskatzen dute Amazoniako %80 babestuta egotea 2025erako, eta arrazoi dute. Hori behar dugu», argudiatu du Greenpeaceren Brasilgo zuzendari Carolina Pasqualik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.