Munduan 75,9 milioi barne desplazatu zeudela hasi zen 2024a

Barne Lekualdaketen Behatokiak argitaratutako txostenaren arabera, Sudan da munduan barne desplazatu gehien duen herrialdea. 2023an 26,4 milioi lagunek utzi zuten etxea beharturik, hondamendiak zirela eta.

Al Nuseirat eta Al Bureije errefuxiatu esparruetan (Gaza, Palestina) zeuden palestinarrak ihesean, iazko abenduaren 23an. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko maiatzaren 14a
14:00
Entzun

Palestinako gatazka, Sudango gerra eta Turkiako uholdeak. 2023an herritarrak etxea atzean utzi eta herrialde barruan lekualdatu behar izatea eragin duten hiru arrazoi baino ez dira; hau da, barne desplazatuak eragin dituzten hiru gertakari. Horrelako beste hamaika adibide daude. Horien eraginez, 75,9 milioi barne lekualdatu zeudela hasi zen 2024a. Bi talde nagusitan banatu daitezke horiek: alde batetik, uholde, lurrikara eta antzeko natur hondamendien ondorioz lekualdatu behar izan dutenak, eta, bestetik, gerra edo gatazken eraginez etxetik ihes egin dutenak. 7,7 milioi daude lehen taldean, eta, beste 69,3 milioi bigarrenean.

IDMC Barne Lekualdaketen Behatokiak eman ditu datuok, gaurargitaratu baitu urteroko txostena. 2008an hasi zen datuak biltzen, eta, orduz geroztik, iaz zenbatu zuten barne desplazatu gehien. Gaur egun 75,9 milioi barne desplazatu daude munduan, erakunde horren arabera.

Barne lekualdatuen %46 Saharaz hegoaldeko Afrikan zeuden. Sudan da eskualdean —eta munduan— barne desplazatu gehien duena: 9.100.000. Iaz, 6.097.000 lagun  lekualdatu ziren beharturik; haietatik gehienek iaz hasi zen gerra zibila dela medio egin behar izan zuten ihes. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, guztira —barne desplazatuak eta iheslariak— zortzi milioi lagunek baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik.

«Azken bi urteetan, gatazkengatik eta indarkeriagatik etxetik ihes egin behar izan dutenen kopuru kezkagarria izan dugu». ALEXANDRA BILAKIDMCko zuzendaria

Sudango datuak hautsak harrotu ditu ikerketa taldearen barruan. Izan ere, IDMC txostenak argitaratzen hasi zenetik urte bakar batean erregistratutako barne lekualdatuen kopururik handienetan bigarrena izan da. Ukrainan soilik egon ziren barne lekualdaketa gehiago: 16,9 milioi inguru —2022an, Errusiak erasoaldia hasi zuenean—. Bi datu horiek kontuan harturik, IDMCko zuzendari Alexandra Bilakek egoeraren larritasunaz ohartarazi du, «izozmendiaren gailurra» baino ez direlakoan: «Azken bi urteetan, gatazkengatik eta indarkeriagatik etxetik ihes egin behar izan dutenen kopuru kezkagarria izan dugu, baita joerak hobera egin duen eskualdeetan ere». Etxetik joan behar izateak, «askotan, urteetan bizimodua berreraikitzea galarazten die barne desplazatuei», Bilaken aburuz.

IDMCk azpimarratu du azken bi urteetan areagotu direla gehien herrialde barneko lekualdaketak, baina esan du ez dela 2022ko eta 2023ko joera bakan bat. Izan ere, azken bost urteetan okerrera egin du egoerak, %49 handitu baita kopurua.

Palestina, %17

Barne desplazatu hainbatek erbestera jotzea erabakitzen dute maiz —edo, gauzak ondo bidean, etxera itzul daitezke—. Palestina da horren adibide. Hamasek eta Palestinako beste zenbait miliziak Israeli eraso egin ostean, iazko urriaren 7an, Israelek gogor erantzun zuen, eta Palestinan bizi ziren bost milioi lagun ingurutik (2022ko datuak) 3.438.000k etxetik ihes egin behar izan zuten 2023an. Hiru hilabeteren buruan, gerra edo gatazka batengatik iaz etxetik ihes egin behar izan zutenen %17 ziren palestinarrak. Urte bukaeran, ordea, Palestinako barne desplazatuak 1,7 milioi inguru ziren. Gazan daude barne lekualdatu gehienak, Tel Aviv zerrendari egiten ari zaion setioa dela medio. Rafahn, gaur egun, 1,5 milioi lagun daude, eta gehienak barne desplazatuak dira.

2023an 26,4 milioi lagunek utzi zuten etxea, uholdeengatik, euriteengatik, lurrikarengatik eta suteengatik, besteak beste. Hondamendien kalteak gehien pairatu dituztenak txinatarrak dira. IDMCren datuen arabera, 4.702.000 lagunek hondamendiengatik egin zuten ihes etxetik Txinan. Turkia da bigarrena, 4.053.000 barne lekualdatu izan baitziren.

Turkian, ordea, eragina handiagoa izan da; izan ere, biztanleriaren %4,76 izan dira lekualdatzera behartuak 2023ko uneren batean hondamendiengatik; Txinan, berriz, %0,33. Ikerketak ez du Kurdistan estatutzat hartzen, eta, hortaz, Turkiaren kopuruetan sartzen dira Kurdistan mendebaldeko herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.