NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du 2023an inoiz baino langile humanitario gehiago hil zituztela mundu osoko gatazketan: 280, hain zuzen, 33 herrialdetan. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak egin eta Laguntza Humanitarioaren Mundu Egunean —herenegun— argitaratutako txostenean adierazten da 2022an baino %137 boluntario gehiago hil zituztela iaz, horien erdiak baino gehiago Israelek Gazaren aurka urriaz geroztik gogortutako oldarraldian.
Aurten ere langile humanitarioen hilketak «areagotzen» ari direla kexatu da OCHA: azkenekoz abuztuaren 7an eguneratutako datuen arabera, 176 hil dituzte. Erakundearen buru Joyce Msuyarek atzo prentsa agerraldi batean esan zuenez, boluntarioen aurkako biolentzia normalizatzen ari da azken urteetan, eta boluntarioak hiltzen dituztenen inpunitatea «onartezina eta arriskutsua» da mundu osoko gatazketan laguntza humanitarioa eman nahi dutenentzat. Gainera, dei egin zien hainbat herrialdetako buruei, eta auzi horretan laguntzeko «zer gehiago» behar duten galdetu.
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak bere sare sozialetan atzo azpimarratu zuenez, Sudanen eta Gazan langile humanitarioak hiltzen eta atxilotzen dituzte, eta, hala, eskatu. zuen eraso horiek egiten dituztenak zigortzeko. Hain zuzen, iazko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 280 boluntario baino gehiago hil dituzte Israelgo armadak eginiko bonbardaketetan eta erasoetan. Gehienak UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko kide ziren: 207, agentzia horren buru Philippe Lazzariniren arabera, eta 885 osasun langile baino gehiago ere hil dituzte. Halaber, urtarrilean zazpi herrialdek —besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuek— UNRWA finantzatzeari utzi zioten, Israelek NBEren agentzia horretako hamabi kideri leporatu ondoren iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoetan parte hartu izana.
Nahiz eta Sudanen nagusi den gatazkak ez duen Gazakoak bezainbesteko oihartzuna, OCHAk apirilean ohartarazi zuen gauzek horrela jarraituz gero litekeena dela han «ehunka mila pertsona hiltzea», gosetearekin lotutako arrazoiengatik. Gainera, adierazi zuen Sudanen 25 milioi lagun inguruk behar dutela laguntza humanitarioa bizirik irauteko; horien artean hamalau milioi haurrak dira. Herrialde horretako armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko borroketan 30.000 lagun inguru hil dituzte iazko apirilaz geroztik —NBEren arabera, ezinezkoa da jakitea zehazki zenbat diren—.
Bestalde, mundu osoko 413 GKE gobernuz kanpoko erakundek —horien artean MSF Mugarik Gabeko Medikuak taldea— gutun bat bidali zieten atzo NBE osatzen duten 193 estatu kideei, «zibilak eta erakunde horietako langileak babestea» galdegiteko: «Mundu osoko gatazketan nabarmentzen ari den biolentziak erakusten du inpunitate garai batean gaudela», adierazi dute. Izan ere, «statu quo-a lotsagarria» da, haien ustez, eta aldatu behar da, «gerrako arauen urratze gehienek» ez baitute zigorrik jasotzen azkenaldian.
«Eraso sistematikoak»
Al-Jazeera telebista katearen arabera, Israelek Gazako bostehun eskolari baino gehiagori eraso egin die iazko urritik, jakinik gehienak gerrak desplazatutako errefuxiatuen babesleku direla; abuztuaren lehen hamar egunetan, esaterako, bost eskola bonbardatu zituen, eta horietako batean gutxienez ehun lagun hil eta hamaika zauritu. Zerrendako ikastetxeen %40 inguru UNRWAren administraziopean daude, eta, NBEren agentzia horren iritziz, horien aurkako erasoak «sistematikoak» dira: «Askorentzat, eskolak izan ohi dira aukera bakarra babesleku bat izateko eta jakiak eta ura eskuratzeko».
UNRWAren administraziopean dauden eskolen aurka soilik ez, agentziaren langileen aurka ere oldartu da Israel, zuzenean: iragan uztailaren 22an salatu zuten UNRWAk laguntza humanitarioa garraiatzeko erabiltzen dituen ibilgailuei tiro egin zietela Gaza hirira bidean. Lazzariniren hitzetan, ezbeharrak hildakorik eragin ez zuen arren, NBEren printzipio humanitarioen aurkako eraso «larria» izan zen hura.
Nikaraguak legez kanpo utzi ditu 1.500 GKE
Nikaraguako Gobernuak 1.500 GKE gobernuz kanpoko erakunde legez kanpo utzi zituen atzo, eta horien ondasunak estatura bideratu. Horrela, 2018ko apirilean herrialdean izandako istiluetan laurehun lagun baino gehiago hil zirenetik, 5.200 GKE legez kanporatu ditu Erdialdeko Amerikako herrialde horrek. Duela egun batzuk, Daniel Ortega buru duen gobernuak erreformak egin zituen gizarte zibileko erakundeen egituran, eta, hala, estatuaren menpe dauden instituzioekin «elkartze aliantzak» egin beharko dituzte hemendik aurrera. Barne Ministerioak argudiatu du erakunde horiek ez zutela euren «finantza egoeraren» berri «zehazki» eman luzaz.