Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidenteak hauteskundeak irabazi zituen 2022an, baina haren garaipenak harrabotsa eragin zuen, eta herrialdeko eskuin muturreko zenbait eragilek hamaika saiakera egin zituzten hura boterera ez heltzeko. Herrialde horretako Poliziak uste du Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia (2019-2023) izan daitekeela Lularen aurka egin zuten horietako bat. Poliziak gaur argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez, 37 lagun akusatu ditu, tartean Bolsonaro.
Poliziaren salaketa Auzitegi Gorenaren esku dago orain, eta hark fiskaltzari helaraziko dio. Azken instituzio horren ardura izango da erabakitzea salaketa aintzat hartzen duen edo artxibatzen duen. Bolsonaro aurrez ere inhabilitatu zuten, eta debekatu egin zion 2030era arte bozetara berriz aurkeztea, botere gehiegikeriagatik. Aldi hartan, bere karguaz baliatuta hauteskunde sistema zalantzan jartzea egotzi zioten.
Leporatzen diotenaren arabera, Lula hautetsontzietan gailendu zitzaionean estatu kolpe bat prestatu zuen Bolsonarok, bere gobernuko beste zenbait kideren eta hainbat militarren laguntzarekin; Bolsonaroren gobernuan Defentsa ministroa zen Walter Braga Netto, esaterako. 2023ko urtarrilaren 8an, hau da, Lulak boterea hartu eta egun gutxira, milaka lagunek Hiru Botereen Plazan egin zuten protesta, Brasilian. Han daude presidentetzaren egoitza, Brasilgo Kongresua eta Auzitegi Gorena. Manifestariek estatu kolpe militar baten alde egin zuten oihu, eta ordutik zalantza egon da, Bolsonarok protesta horiek sustatu ote zituen.
Ikerketaren arabera, ordea, estatu kolpeak ez zuen arrakastarik izan, haren bultzatzaileek ez baitzuten izan lurreko eta aireko armadaburuen babesik. Martxoan, Poliziak deklaratzera deitu zituenean, bi buruzagi militar horiek Bolsonaro jo zuten estatu kolpea emateko saioaren erantzuletzat.
Ez da azken egunetan Lularen aurkako operazioen inguruan Brasilgo Poliziak egin duen urrats bakarra. Herenegun, bost lagun atxilotu zituen 2023aren hasieran presidentea hiltzeko saiakerak prestatzeagatik. Poliziak atxiloketak egin ostean jakinarazi zuenez, militarrak ziren bostak, eta haien helburua zen Lulak kargua ez hartzea.