2023a izan da inoiz neurtu den urterik beroena, ia 1,5 gradu beroagoa

Ekainetik abendura bitarte, hilabete guztiek gainditu zituzten garai horietako tenperatura markak. Urteko egunen erdiek gainditu dute 1,5 graduko berotzea. Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena da.

Arrautza frijitu bat irudikatzen duen artelan bat, Brasilgo Sao Paulo hiriko etorbide batean. ISAAC FONTANA / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko urtarrilaren 9a
15:35
Entzun

Lurraren ohiko tenperaturetatik nabarmen aldendutako urtea izan zen iazkoa. Inoiz neurtu den urterik beroena izan da mundu osoan. Industriaurreko datuekin konparatuta (1850-1900), batez beste ia 1,48 gradu berotu zen planeta. Tenperatura igoera orokortua izan zen urte osoan; gutxienez, gradu bat beroagoak izan baitziren urteko egun guztiak, industriaurreko balioen aldean. Gainera, egunen erdiek gainditu zuten 1,5 graduko berotzea, eta azaroko bi egunetan lehenengoz gainditu zen bi graduren langa.

Berotzea urteka
Lurraren tenperatura igoerak, urteka.

Copernicusen (C3S) Europako Batasunak klima aldaketa aztertzeko sorturiko zerbitzuaren datuak dira. Atmosfera ikertzeko Europako Batasunaren agentziak Lurraren klimaren egoerari buruzko urteko txostena aurkeztu du gaur. Ondorioztatu duenez, 2023a ezohiko urtea izan da, alde handiz. «Klimarekin lotutako markak domino fitxak bezala erori dira 2023an», Copernicusen zuzendariondoko Samantha Burgessen hitzetan. «2023ko tenperaturak ziurrenik gutxienez azken 100.000 urteetako beroenak izan dira». C3Sko zuzendari Carlo Buontemporen ustez, datuek agerian utzi dute «zein urrun gauden gure zibilizazioa garatu zen klimatik». Haren esanetan, klima larrialdiari aurre egin ahal izateko, «lehenbailehen deskarbonizatu egin behar dugu ekonomia eta, aldi berean, klimari buruzko datuak eta haren gaineko ezagutza erabili, etorkizunerako prestatzeko».

Zerbitzuaren zientzialariak ekainean hasi ziren antzematen 2023a bereziki beroa izango zela. Hilabetearen hasieran, zenbait egunez gainditu ziren aurretik erregistratutako balioak: lehendik baino 1,5 gradu beroagoak izan ziren. Urte amaierara arte ohiko kontua bihurtu zen. Ekainetik abendura arteko hilabete guztiek apurtu dituzte tenperatura markak. Hilabete horien batez besteko tenperaturak garai berean jaso diren beroenak izan dira. Europan, erregistratutako urterik beroenetan bigarrena izan da iazkoa.

Tenperaturak hilabeteka
2023ko eta aurreko hamarkadetako tenperaturen bilakaera, hilabeteka, industriaurreko balioekin alderatuta.

Klima krisiari aurre egiteko erreferentziazko muga bat da 1,5 graduko berotzea; zientzialarien arabera, hortik gorako tenperaturekin, klima aldaketak dakartzan kalteak askoz ere gehiago direlako eta azkarrago areagotzen direlako. Hori dela eta, Parisko Hitzarmenaren estatu sinatzaileek konpromisoa hartu zuten Lurraren berotzea bi graduren «oso behetik» mantentzeko, betiere 1,5 gradura mugatzea helburu hartuta.

Iazko balioek ez dute esan nahi Lurrak muga hori gainditu duenik. Parisko HItzarmenak eta zientzialariek erreferentziatzat daukaten berotzea epe luzeko bilakaera bati dagokio, eta ez egun, hilabete edo urte jakin bateko tenperaturari. Planeta 1,5 gradu berotu dela zehazteko, hogei urteko tenperaturen batezbestekoak gainditu behar du datu hori.

'El Niño'-ren eragina

Tenperaturen gorakadak zerikusi zuzena du atmosferan gero eta gehiago pilatzen ari den berotegi gasekin, baina 2023ko balioak beste faktore batekin ere lotu ditu Copernicusek: El Niño klima fenomenoarekin. Haren eraginez, ozeanoetako urak berotu egin dira apiriletik aurrera. Iazkoaren ondoren, 2016koa izan zen neurtutako urterik beroena, eta hura ere El Niño-reneraginpean egon zen. Fenomeno horren ondorioz, batez bestekotik gora berotzen dira Ozeano Bareko ur tropikalak, eta aldaketa horrek eragina du mundu osoko eredu meteorologikoetan.

Hala ere, 2023ko tenperatura beroak ezin dira soilik El Niño-rekin azaldu, txostenaren arabera. Ozeano Barearen eremu ekuatorialetik kanpo ere ezohiko tenperaturak izan baitituzte itsasoetako urek: Mediterraneoan, Mexikoko golkoan eta Kariben, Indiako ozeanoan, Ozeano Bare iparraldean eta Atlantikoaren iparraldean, batez ere. Ur horien berotze egonkorra berotegi gasen ondorioa da.

Hain justu, gas horien kontzentrazioak handitzen jarraitu du atmosferan: 2023an ere inoiz erregistratu den kantitaterik handiena neurtu dute. Copernicusen datuen arabera, karbono kontzentrazioa 419 milioiko partera (ppm) heldu zen iaz —2022an baino 2,4 ppm gehiago—, eta metanoarena 1.902 bilioiko partera (ppb) —2022an baino 11 ppb gehiago—. Hau da, karbono kontzentrazioak azken urteetako erritmo bertsuan jarraitzen du handitzen, eta metanoarena apaldu egin da azken hiru urteetako datuen aldean.

Tenperatura igoera nabaritu da Antartikan ere. Haren itsasoko izotz geruzak inoizko azalerarik txikiena izan du 2023ko zortzi hilabeteetan, aurreko urteetako garai berekin alderatuta. Kopuru absolutuetan, berriz, azalera horren inoizko baliorik apalenak neurtu ziren iazko otsaileko bi egunetan.

Horrez gain, muturreko fenomeno meteorologiko ugari izan ziren: bero oldeak, uholdeak, lehorteak eta suteak, besteak beste. Azken horiei dagokienez, baso suteei lotutako karbono emisioak %30 handitu ziren iaz, Kanadako suteen ondorioz nagusiki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.