Departamendu eta eskualde bozak. Frantzia

2022rako bideak, baldintzatuta

Frantziako Estatuko eskualdeetako bozen lehen itzuliak aldarazi egin ditu alderdien estrategiak bigarren itzulirako eta datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako

Macron Frantziako presidentea, iragan igandean, eskualdeetako bozen lehen itzulian botoa ematen, Le Touquet-Paris-Plagen, Frantzia iparraldean. C. HARTMANN / EFE.
ander perez zala
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Iragan asteazkenean, Frantziako Ministroen Kontseiluaren aurretik, ez zen giro Eric Dupond-Moretti Justizia ministroaren eta Gerald Darmanin Barne ministroaren artean. Lehena Frantzia iparraldeko Pas-de-Calais departamenduko bozetara aurkeztu zen, eta ez zuen lortu gaurko sailkatzea; bigarrena beste kantonamendu batean lehiatu zen, eta haren lankidearen haserrea eragin zuen Frantzia Garaia eskualdeko presidentegai bat, «lagun bat» zoriontzeagatik —departamendua eskualde horretan dago—. Hautagai hori ez da preseski edonolakoa: Xavier Bertrand da, Frantziako Gobernuak babesten zituen zerrendaburuen aurkaria, eta, ezer aldatu ezean, Emmanuel Macron presidentearen lehiakideetako bat datorren urteko apirileko presidentetzarako hauteskundeetan.

LREM Errepublika Martxan-en, Macronen alderdiaren porrota erabatekoa izan da Frantziako Estatuko eskualdeetako bozetan. Sustrai lokalik gabe, anbizioak ez ziren sekulakoak, baina iragan asteko lehen itzuliak utzitakoak bat baino gehiagoren itxaropen urriak zapuztu ditu: %11,4ko babesa estatu mailan, 2020ko herriko bozetan baino gutxiago (%15), eta eragin eta pisurik ez gaur egitekoak diren bigarren itzulian. LREM, hortaz, aldi elektoralik garrantzitsuenera begira da jada: datorren urteko presidentetzarakoak. 2017an berritasuna zen Macron, baina 2022an ezingo du karta hori jokatu.

Inkestek diotena betetzen bada, Frantziako presidentea Marine Le Pen ultraeskuindarraren kontra lehiatuko da aldi horretan. Le Penentzat ere asteotako bozak 2022koei begirakoak ziren, joera bat sendotu eta bere estrategiaren arrakasta berresteko; baina, haren kasuan ere, aurreikusitakoak eta hautetsontzietan gertaturikoak ez dute bat egin.

Eskuin muturreko zerrendak faboritoak ziren sei eskualdetan, eta azkenean Batasun Nazionalak soilik bakarrean amaitu du lehen postuan, hego-ekialdeko Proventza-Alpeak-Kosta Urdinan (PACA); eta ikusteko dago, halere, gaur boto gehien bilduko dituen zerrenda izango ote den han.

%66 inguruko abstentzioa izan duen itzulian, are kezkagarriagoak dira emaitzok Le Penentzat, haren alderdia 2015ean boto gehien bildu zuena izan baitzen, eta orain arte oinarri elektoralik mobilizatuena izan baitu; iragan igandean, ordea, %69 etxean geratu ziren, eta horrek zalantza batzuk sorraraz ditzake Le Penen mobilizazio gaitasunaren inguruan, presidentetzarako bozei begira. Eta azkenean eskuin muturra PACAko agintera iristen ez bada, Le Penek alderdiaren kongresu eztabaidatua izango du aste batzuk barru.

Hain justu, eskuin muturrari aurre egiteko gai dela erakutsi nahi izan duena eskuina izan da, batez ere LR Errepublikanoak, eta, hein batean bada ere, hori egitea lortu du, batez ere jada agintean ziren eskualdeetako presidenteen bitartez. Horietako batzuen artean egongo da 2022ko bozetan sektore ideologiko hori ordezkatzeko lehia: Bertrandez gain —LR utzi zuen 2017an—, Auvernia-Rodano-Alpeetan boterean jarraitzeko dena aldeko duen eta 2017tik 2019ra alderdiaren presidente izandako Laurent Wauquiezen eta Ile-de-Francen garaipena errepikatzekotan den Valerie Pecresseren artean —LR utzi zuen 2019an—.

Datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira presidentegaia zehazteko, batez ere hiru politikari horietako batek aldeko mugimendu bat sendotzea lortzen badu iritzi publikoan, eta, hortaz, dinamika politiko baten atarian jartzen badu bere burua.

Horretaz, LR-ren presidente Christian Jacobek hil hasieran jakinarazi zuen hainbat herritar galdezkatuko dituztela eta beste hainbeste inkesta aztertuko dituztela alderdiaren hautagaia aukeratzeko; eskuindarrentzat, datozen urteko bozak garrantzitsuak dira, 2017koetan lehen aldiz geratu baitziren bigarren itzulitik kanpo, eta, hortaz, 2022an ez dutelako testuinguru bera errepikatu nahi. Prozesu horretan, beraz, balizko aurrehautagaiek ezinbesteko baldintza izango dute gaur garaipena eskuratzea beren eskualdeetan. Izan ere, horrek sendotuko du LRk presidentetzarako bozetarako behar duen itxaropen sentsazioa.

PSren erresistentzia

Beste hainbat faktoreren artean, Macronen 2017ko garaipena ahalbidetu egin zuten PS Alderdi Sozialistaren ahuleziak, eta Frantziako presidentea alderdi horren oinarri elektorala erakartzeko gai izan zela; kasurako, Benoit Hamon PSren hautagaiak botoen %6,36 bildu zituela lehen itzulian. Iragan urteko herriko bozek, ordea, aurten baieztaturiko joera bat utzi zuten: bi alderdi tradizionalak ez daudela hilda, eta sozialistak erresistentziarako gai direla, batez ere EELV Europa Ekologia-Berdeak-ekoei aurreikusi zieten gorakadaren aurrean.

PS gaur bost eskualdetako aginteak mantentzeko moduan dago, eta iragan igandean estatu mailan jasotako babesak (%18) pozik egoteko moduko arrazoiak eman dizkio, are gehiago kontuan harturik EELV %12,9an geratu dela, eta Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa eta gainontzeko indar ezkertiarrak haien atzetik sailkatu direla; sozialistek, hortaz, ezkerreko lider postuari eutsi diote, eskualde mailan behintzat.

Izan ere, Melenchonek asko izango du esateko horretan buruzagitzaren inguruan, hura izan baitzen 2017ko presidentetzarako bozetan emaitzarik onena lortu zuena ezkertiarren artean, eta datorren urterako hautagaitza aurkeztu baitu jada; Alderdi Komunistak ere gauza bera egin du, eta ekologistak irailean dira presidentegaia aukeratzekoak.

Gaur lortuko dituen emaitzak ikusita, zaila dirudi PSk ere hautagai bat ez aurkeztea 2022rako; horren ondotik joango da presidentegai eta programa bateratu bat aurkezteko aukera, hori ere gaurko botoen araberakoa ere izango baita. Bost eskualdetan izango dira lehian, gaur, ezkerreko zerrenda elkartuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.