2020rako karbono dioxido isuriak mugatzea hitzartu dute Polonian

Lehenengoz, garatzeko bidean dauden herrialdeei ere ezarri dizkiete gas isurien gaineko mugak

2008ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Poznanen (Polonia) egiten ari diren XIV. Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren goi bileran (UNFCCC) erabaki garrantzitsua hartu zuten atzo. Izan ere, 2020rako CO2 isuriak gutxitzeko erabakia herrialde industrializatuez gain, garatze bidean dauden herrialdeek ere onartu dute, Txinak eta Indiak, esaterako. Hala herrialde guztiek 2020rako gas isuriak mugatuko dituztela hitzeman dute, eta lehenengoz, baita ere, herrialde bakoitzari CO2aren gaineko muga zehatza jarriko diote. Poznango bileretan parte hartu duten 187 herrialdeek hitzartutako erabakiek 2012an amaituko den Kyotoko Protokoloa ordezkatuko dute.

Herenegun Kanada, Japonia, Australia eta Zeelanda Berriak negoziazioak blokeatu zituzten eta goi bilera kolokan jarriz. Lau herrialde horiek galdegin zuten garatzeko bidean dauden herrialdeei ere isuriak mugatzea, hau da, goi bileran herrialde guztiei eragingo zien neurriak hartzea.

Modu horretara, NBEn Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren goi bilerako negoziazioetan bi neurritan adostu dira: batetik, 2020.urtea bitartean herrialde industrializatuek %25 eta %30 artean gutxitu beharko dituzte CO2 isuriak, eta neurri horiek Kopenhageko bileraren ondoren jarri beharko dituzte abian; eta bestetik, garatzeko bidean dauden herrialdeek gaur egun baino %15 eta %30 artea gas gutxiago isuriko dute 2020rako. Horien kasuan, ordea, herrialde aberatsek ez bezala, isuria handitzen jarraitu ahalko dute, baina erritmo baxuagoan. Gas isuriak gutxitzen ari direla frogatzeko egiaztatzeak NBEk egingo ditu.

Kopenhageko bileraren zain

Akordio horiek atzoko osoko bilkuran onartu zituzten arren, hurrengo urtean hartuko dituzte behin betiko neurriak Kopenhagen (Danimarka) egingo duten goi bileran. Dena den, martxoan erabakien inguruko txostenak prest egon beharko du Bonnen (Alemania) egingo den bilerarako.

Nabarmentzekoa da, hala ere, gas isuriak gutxitzeko erabakia AEB Ameriketako Estatu Batuek ezer esan gabe hartzea. AEBen baiezkoa Barack Obamak Estatu Batuetako presidente kargua hartzen duenean iristea espero da.

Atzoko erabakia aurrerapauso handia da iaz Baliko goi bileretan hartutakoekin alderatuz. Izan ere, bertan, herrialdeek gas isuriak gutxituko zituztela hitzeman zuten, baina ez zuten zenbaki zehatzik finkatu.

Bihar azken eguna

Abenduaren 1ean hasi ziren bilerak bihar amaituko dira. Hala ere, gaur goizean Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia agerraldia egitekoa da. Idazkari nagusiaren hitzaldiaren ostean, 145 herrialdetako Ingurumen ministroek bilera egingo dute hartutako neurriak eztabaidatzeko. Arratsalderako mahai inguru bat egitea aurreikusita dago. Bilera horretan, negoziazioetan parte hartu duten 187 herrialdeak egongo dira. Bileran klima aldaketari buruz herrialde bakoitzak hartu beharko dituen neurrien inguruko ikuspegi bateratua hitzartzen ahaleginduko dira. Negoziazio horien garrantzia nabarmendu zuen atzo UNFCCCko idazkari Ybo de Boerrek: «Gas isurien aurka hartutako neurriak zehaztuko ditugu gaurko mahai inguruan».

Orain arte, erabaki guztiak 2012a izan dute muga, hau da, Kyotoko Protokoloa amaitzen den urtea. NBEren ustez, ordea, etorkizunari begiratzen hasteko unea iritsi da. NBEk Kopenhageko bileran aurrerapausoak egingo diren itxaropena ere agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.