COP 28

200 herrialdek akordioa onartu dute erregai fosiletatik at trantsizioa bideratzeko

Onartu dute COP28ko amaierako testua: ez du zehazki aipatzen erregai fosiletatik «ateratzea», baina «erregai fosiletatik kanpoko trantsizio bat» hastera dei egin du.

(ID_13423728) UAE CLIMATE CHANGE CONFERENCE COP28
Sultan al-Jaber COP28 goi bilerako presidente eta Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministroa. MARTIN DIVISEK / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki - Iñaki Petxarroman
2023ko abenduaren 13a
10:50
Entzun

Ados jarri dira COP 28an bildutako 200 herrialdeak. Hala jakinarazi du Sultan al-Jaber goi bilerako presidente eta Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministroak gaur goizean. Testu adostuak ez du zehazki eskatzen erregai fosiletatik «ateratzea» —hori zen hainbat herrialdek mahai gainean jarritako helburua—, baina haiek «modu progresiboan» utziz joatea eta «trantsizio» bat abiatzea onartu dute. Hala, 2050erako karbono neutraltasuna erdiestea jarri dute helburu gisa goi bileran parte hartzen ari diren herrialdeek.

Lehen aldia da NBE Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiaren inguruan egindako goi bilera batean erregai fosilei buruzko adostasuna erdiesten dutena. Akordio «historikoa» dela adierazi du Al-Jaberrek. «Harro egon behar dugu arrakasta historikoaz, eta Arabiar Emirerri Batuak harro gaude hori lortzeko izan dugun eginkizunaz». Haren hitzetan, «ekintza klimatikoa bizkortzeko erabaki historikoa» da. 

Astelehenean, emirerrietako presidentetzak proposatutako testuaren lehen zirriborroak haserre handia eragin zuen. Ez zuen energia fosilak baztertzeko deirik egin, eta soilik aipatzen zuen «energia fosilen kontsumoa eta ekoizpena murriztea». Anbizio handiagoko formulazio baten alde egin zuten hainbat herrialdek eta erakundek.

Parisko Akordioari buruzko Balantze Globalaren testuak eragin du eztabaidarik handiena; bereziki, energiari buruzko atalak. Lehen aldiz, eztabaidak izan dira erregai fosiletatik irteteko beharraren inguruan, energia kontsumoaren %80 betetzen baitute, eta klima larrialdiaren eragile nagusiak baitira. Gorabehera handiak izan dira azken negoziazioetan, herrialde batzuk —petrolio ekoizleak eta, bereziki, Saudi Arabia— erregai fosiletatik irteteko kontzeptu horren aurka ageri zirelako.

Arabiar Emirerri Batuen presidentetzaren bi akordio proposamenen ostean, azken testuan jarritako esaldi honek ekarri du, azkenean, adostasuna: «Erregai fosiletatik kanpoko trantsizioa sistema energetikoetan, modu justu, berdinzale eta orekatuan». Ez du zehazki aipatu «erregai fosiletatik irtetea», baina anbizio handiko testu bat eskatzen zuten herrialdeak asetzeko adinakoa izan da.

Hamarkada honen garrantzia

Balantze Globalaren testuak 2020ko hamarkadaren garrantzia nabarmendu du, «hamarkada kritiko» gisa definitu baitu. Ildo horretan, neurriak bizkortzeko beharra adierazi du. Horretarako, zenbait neurri aipatu ditu: energia berriztagarrien potentzia hirukoiztea, energia eraginkortasunaren tasa bikoiztea, eta erregai fosiletan egindako «inbertsio alferrekoak» alboratzea. Aldeei eskatu die parte har dezatela trantsizio energetiko horretan, eta zehazki aipatu du Parisko Itunak adierazi zuen anbizio handieneko helburua lortzea, 1,5 graduko berotzea gehienez, industria aurreko aroko munduko batez besteko tenperaturarekin alderatuta. Bide orri horretan, ikatzaren erabilera gutxitu egin behar dute herrialdeek, Dubain adostu duten testuaren arabera. Adostasuna lortu duen dokumentuak ez ditu gasa eta petrolioa aipatu, ikatza ez bezala.

Trantsizioaren bide horretan, ekologisten artean kritika handia eragin duten hainbat kontu ere aipatu du, besteak beste, energia nuklearraren potentzia bikoiztea 2050erako. Isuri apaleko teknologiak, karbonoa xurgatu eta biltzeko instalazioak, eta CO2a gutxitu eta desagertzeko sistemak martxan jartzeko eskatu du COP28ak. Hidrogenoa ekoizteko deia ere egin die gobernuei. Halaber, «trantsizioko erregaiak» erabiltzeari atea irekita uzten dio testuak, eta hori, zehazki, gas ekoizleentzako lasaigarri bat dela uste dute goi bilera aztertu duten gobernuz kanpoko erakundeek.

Lehen balorazioak

COP28an parte hartu duten aldeen artean lehen erreakzioak eragin ditu akordioak. «Erregai fosilen aroaren amaieraren hasiera da hau», adierazi du klima aldaketarako Nazio Batuen Erakundeko zuzendari Simon Stiellek. Europako Batasuneko Klima Ekintzarako komisarioak, Wopke Hoekstrak «erabaki historikotzat» jo du Dubain hartutakoa, «erregai fosiletatik urrunduko gaituen trantsizio azkar eta atzeraezin bat» martxan jartzeko.

John Kerry AEBetako klima gaietarako ordezkariak pozik agertu da, gatazka giro batean, «multilateralismoak» aurrea hartzea lortu duelakoan. Kerryk ziurtatu du Txinarekin elkartuko direla, euren arteko klima akordioak COP28ko neurriekin bateragarri egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.