Berriz ere tiroketa bat izan da Amerikako Estatu Batuetako ikastetxe batean: Uvalde hiriko lehen hezkuntzako Robb eskolan, Texasen, 18 urteko gazte bat errifle batekin sartu da, eta gutxienez hemeretzi haur eta bi irakasle hil ditu. Baliteke hildako gehiago izatea, hainbat zauritu erietxeetan artatzen ari baitira. Tartean, Salvador Ramos erasotzailearen amona, 66 urtekoa: ikastetxean sartu aurretik, hari egin dio tiro hiltzaileak, bien artean izandako eztabaida bat tarteko. Ospitaleratu egin dute, eta larri dago. Pare bat polizia ere zauritu ditu.
Texasko Segurtasun Departamentuak azaldu duenez, Poliziak hil du Ramos. Amonari tiro egin eta gero, auto bat hartu eta eskolara joan da. Errifle batekin, balen aurkako barneko batekin eta motxila batekin sartu da hara, goizeko 11:30 pasatxo zirenean, eta parean zuen edonori egin dio tiro. Hainbat ikasgelatara ere sartu da, eta, ondoren, ikastetxean bertan babestu da. Han hil du Poliziak. Lehen susmoen arabera, bakarrik aritu da.
Ramos Uvaldekoa bertakoa zen, hiriko bigarren hezkuntza ikastetxeko ikaslea, eta Robbeko ikasle ohia. Hainbat hedabideren arabera, nerabezaroan bullyinga jasan zuen, eta Instagramen armen argazkiak igo izan zituen.
Uvalde San Antoniotik 133 kilometrora dago, Mexikoko mugatik gertu, eta 16.000 biztanle ditu. Robb ikastetxean 8 eta 10 urte arteko 500 haurrek ikasten dute, eta gaur zuten ikasturteko azken eskola eguna. Ikastetxeko ikasleen %90 jatorri latinoamerikarrekoak dira.
Bizirik irten diren hainbat lagun inguruko erietxeetan daude, baina gaurkoa, jada, 2012tik AEBetan izan den sarraskirik handiena da. Ordukoan, 20 urteko Adam Lanzak hogei haur eta sei heldu hil zituen, Connecticuteko Sandy Hook ikastetxean. Duela hamar egun eskas ere gertatu zen beste sarraski bat herrialdean: 18 urteko gazte batek hamar lagun hil zituen Buffaloko supermerkatu batean, New Yorken, eraso arrazista batean.
Legedia malgua
Greg Abbottek, Texasko gobernadoreak, doluminak helarazi dizkie biktimei eta haien gertukoei, eta gertatutakoa argitzeko ahalegin guztiak egingo dituztela hitzeman du. Abbotten gobernuak, ordea, erraztu egin du armak eduki eta erabili ahal izatea: iazko ekainetik, pistola bat soinean eramateko ez da baimen berezirik behar Texasen. Hala erabaki zuen hango senatuak, non errepublikanoak nagusi diren. Abbottek berak sinatu zuen legea.
Lege hori onartu zutenean, armen kontrolaren aldeko taldeek azken urteetan Texasen izan diren tiroketak gogorarazi zituzten. Besteak beste, 2019ko abuztuan 30 lagun hil zituzten; 2018an, bi pertsona hil zituzten bigarren hezkuntzako eskola batean, eta 2017an, eliza batean izandako tiroketa batean, 27 izan ziren hildakoak.
Joe Biden AEBetako presidenteak ere hitz egin du gaiaz, nazioari zuzenduta. Galdetu du ea noiz egin behar dion herrialdeak aurre armen lobbyari: «Ekiteko garaia da. Zentzuaren aurkako legeak oztopatzen dituztenei argi esan behar diegu: ez dugu ahaztuko». Izan ere, Bidenen arabera, estatubatuar gehienak armen erabilera kontrolatzeko legeen alde daude. «Zergatik jarraitu behar dugu triskantza hauekin bizitzen?», galdetu du: «Zergatik da gurea halako sarraskiak gertatzen diren herrialde bakarra?».
Ildo beretik jo du Kamala Harris presidenteordeak: «Nahikoa da; neurriak hartzeko ausardia izan behar dugu», esan du, «bihotza hautsita» daukala aitortu ostean.
Hainbat izan dira gertakaria salatu duten pertsona ospetsuak ere, baina Steve Kerrek hitz egin du bereziki irmo, Golden State Warriors saskibaloi taldeko entrenatzaileak. NBAko mendebaldeko finalaren laugarren partidaren atarian, Texasko hilketez jardun du Kerrek: «Gaur ez dut saskibaloiaz hitz egingo. Noiz egingo dugu zerbait?», galdetu du, haserre, eta negar egiteko zorian. Azaldu du minutuko isiluneak egiteaz nekatuta dagoela, baita hildakoen familiei doluminak bidaltzeaz ere. Jarraian, AEBetako Senatuko errepublikanoen aurka egin du entrenatzaileak, armak erosteko orduan aurrekaririk ez izatera behartzen duen legea oztopatu dutelako.
Steve Kerr on today's tragic shooting in Uvalde, Texas. pic.twitter.com/lsJ8RzPcmC
— Golden State Warriors (@warriors) May 24, 2022