Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Gorteetarako hauteskundeak apirilaren 28ra aitzinatzea erabaki zuenean, erabat jakitun zen boz horien ondorioak hil honetako udal, diputazio eta erkidegoetarako hauteskundeen kanpainako osagai izanen zirela. Katalunia da horren adibiderik argiena. Espainiako Senatua osatzeko osoko bilkura heldu den asteartean egitekoa da, eta Sanchezen asmoa zen Miquel Iceta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako lehen idazkaria aurkeztea ganbera horretarako presidentegai. Horretarako, Kataluniako Parlamentuak Iceta senatari izendatu behar zuen atzo, baina gehiengo independentistak aurka bozkatu zuen. Senatuak erabaki zuen 2017ko udazkenean konstituzioaren 155. artikulua aplikatu eta Kataluniari autonomia kentzea, eta neurri hori babestu zuela oroitarazi zioten independentistek Icetari.
Haserre zegoen PSCko lehen idazkaria. Aitzinetik jakina zen zer gertatuko zen, baina hala ere ezin izan zuen etsipena ezkutatu. Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea paratu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak onartu zuen boto prozeduraren aurka, eta hor du Senatuko presidente izateko itxaropen txiki bakarra. «Sektarismoa gailendu zaio legezkotasunari eta zentzu komunari», kexatu zen Iceta parlamentuaren erabakiaren ondoren egin zuen agerraldian.
Hiru alderdi independentistek elkarrekin bozkatu zuten ezezkoaren aldeko 65 botoak batu eta gehiengoa osatzeko. Icetak aldeko 25 boto baino ez zituen jaso—PSCrenak eta Catalunya En Comu-Podem ezker unionistarenak—, eta eskuin unionistako bi alderdiek —Ciutadansek eta PPk— abstentzioa eman zuten (39).
«Iceta jauna, ohituegi zaude Madrilek agindu eta Kataluniak obeditzeko joko horretara; 'eta, bertzela, Konstituzionalak konponduko dit dena'», leporatu zion Albert Batet JxC Junts Per Catalunya alderdiak parlamentuan duen bozeramaileak —alderdi independentista nagusikoak—. «155.aren uzta zurea da», erran zion, berriz, Sergi Sabria ERC Esquerra Republicana taldearen buruak. «Zenbat mehatxu gehiago hartuko ditugu ez zaitugulako senatari egin?».
Vidal Aragones CUPeko diputatuak ere 155.a babestu izana oroitarazi zion Icetari, eta, horrez gain, 2017ko urriaren 30eko Bartzelonako manifestazioan eskuin muturrarekin batera parte hartu zuela —prozesu independentistaren aurka egin zuten manifestazioa, Senatuak autonomia kentzea onartu eta hiru egunera—. Aragonesek Icetari bidali zizkion mezuak ez ziren ahozkoak bakarrik izan. PSOEren kanpainako logoa imitatuz Goldfinger idatzia zuen kamiseta batekin joan zen parlamentura. 2017ko udan egin zituen adierazpen batzuk oroitarazi nahi zizkion Icetari; TV3 kateak Barne Ministerioaren estolderiak dokumentala eman zuen orduan, eta biharamunean Icetak irratiko elkarrizketa batean erran zuen ez zuela dokumentala ikusi, Goldfinger filma ikusten ari zelako.
Erabakitakoaz damurik ez
Parlamentuko saioaren ondoren, PSCko lehen idazkariak telebista kate bati erran zion ez dela damutzen 155. artikuluaren aplikazioa babestu izanaz, independentistek «konstituzioa gainditu» nahi izan zutelako 2017ko urrian, erreferendumera deitu eta parlamentuan independentzia deklaratuta. Hala ere, adierazi zuen «elkar ulertzeko» ahaleginean jarraituko duela.
Espainiako hurrengo legegintzaldia heldu den astean hasiko da, Sanchez jarduneko presidentearen eta independentisten arteko harremana berriz ere gaiztotuta dagoela. Sanchezek Kanarietan egindako kanpaina ekitaldi batean erran zuen Icetari emandako ezezkoa «bizikidetzari betoa» paratzea dela, eta independentistek Espainiako aurrekontuen kontra eman zuten botoarekin konparatu zuen —Kongresuak onartu ez zituelako aitzinatu zituen Gorteetarako bozak—. Gabriel Rufian ERCren Kongresuko diputatu hautatuak, berriz, adierazi zuen Icetari ezetz errateak ez duela baldintzatuko Sanchezen inbestidurako botoa, eta jakinarazi zuen harremanak izan dituztela PSOErekin.
155.a ordainarazi diote Icetari
Kataluniako Parlamentuak ez du onartu PSCko burua senatari izendatzea; hortaz, ezinen da Senaturako presidentegai izan. Icetak babesa eskatu dio Auzitegi Konstituzionalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu