Bastian (Korsika) zuten ordua gaur korsikarrek. Manifestazioa egin dute, Yvan Colonna preso politikoari sostengua adierazi eta Frantziako Estatuaren politika salatzeko. Alderdi autonomistek, independentistek eta ikasle mugimenduek bat egin dute deialdiarekin —gazteak izan dira azken egunetako protesten lehen lerroan—, eta jende andana bildu da. Bastiako Auzitegitik prefeturara ibili dira, eta istiluak izan dira manifestazioa amaitutakoan. Frantziako zergen egiturari su eman diote.
Hasi dira istiluak. Bukatu da manifestazioa. @berriapic.twitter.com/jO9vJGSERQ
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) March 13, 2022
Paul Felix Benedetti Core In Fronteko ordezkariaren arabera, 15.000 lagun bildu dira gaurko mobilizazioan, eta korsikarrak zoriondu ditu. Frantziako Estatuarekin negoziazioa fite hasteko beharra azpimarratu du. «Aterabide politikoa da behar duguna. Etengabeko errepresioak ez du ezer ekarriko. Indar harreman politikoaren logikan gara, eta Frantziako Estatuari dagokio horren neurria hartzea, beranduegi izan aitzin». Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninen adierazpenen zain daude eragile politiko korsikarrak; izan ere, negoziazioak egiteko hura hautatu du Frantziako Gobernuak. Denboraz larri daude, ordea: Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeen ondorioz adierazpen publikoak egiteko epea laster bukatuko baitzaio Darmanini.
Mobilizazioaren aitzinean egon dira gazteak, tartean Ghjuventu Indipendentista antolakundekoak. Marc Antoine Federicci bozeramailearen ustez azken egunetako mobilizazioak «esperantza iturri» dira. «Frantziako Estatuak argiki ulertu behar du ez dugula gibel eginen. Presoak hurbiltzea eta libratzea nahi dugu».
Colonnaren sostenguz etorri da manifestaziora Françoise —ez du abizenik eman nahi izan—. «Injustizia ikaragarria da. Ez dakit nora goazen, ez baita justiziarik. Justizia egongo balitz, etxean lirateke presoak. Eta Frantziako Estatuak DPS estatusa kentzeko hartu duen erabakiak egoera okertu baizik ez du egin; trufa da». Harekin bat egin du Alain Perquis korsikarrak, Alain Ferrandi preso politikoaren senideak. «Promesak baizik ez ditugu entzuten, baina guk ekintzak behar ditugu: presoak askatzea galdetzen dugu».
Mobilizazioen hasiera
Iragan astean 10.000 lagun bildu ziren Corten (Korsika), eta istiluak gertatu ziren orduan ere. Asteon, mobilizazioek segitu dute hainbat herritan, eta hiru kide atxilotu zituen Frantziako Poliziak herenegun, protestetan parte hartzea egotzita.
"Statu Francese assassinu" eta "libertà" oihu artean emeki aitzina doa manifestazioa. Jendez lepo. @berriapic.twitter.com/6Ll3OZpWlv
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) March 13, 2022
Iragan asteko manifestazioaren ondotik, asanblean bildu ziren eragileak eta hiru ildo nagusi finkatu dituzte mobilizazioaren segidarentzat. Batetik, Colonnarentzat «egia eta justizia» eskatu dituzte. Izan ere, Arlesko (Okzitania) presondegiko beste preso batek jipoitu zuen preso korsikarra martxoaren 2an, eta geroztik ospitalean dago, koman. Bestalde, eragile korsikarrek «abertzaleentzako askatasuna» eskatu diote Frantziako Estatuari, eta «Korsikako populuaren ezagupena».
Aste honetan, Jean Castex Frantziako lehen ministroak DPS bereziki zainduriko presoen estatusa kendu zion Colonnari: haren «osasun egoera larrian» eta Arlesko kartzelaren azken txostenean oinarritzen da erabakia. Haserrea eragin zuen erabakiak, eta eragile anitzek Frantziako Gobernuaren «trufa» salatu zuten. Giroa baretzeko asmoz, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erabaki zuen Pierre Alessandriri eta Alain Ferrandiri ere DPS estatusa kentzea.
Eta anartean euskaldun bat topatu dut. Lapurdikoa da. Euskal Herriko egoerarekin parekatu du Korsikakoa. Elkartasun internazionalista beharrezkoa dela erran du. @berriapic.twitter.com/eryAzQ4sl2
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) March 13, 2022