150 protesta Macronen «kolpe demokratikoari» aurre egiteko xedez

Fronte Popular Berriak protestara deitu du salatzeko Frantziako presidenteak Barnier lehen ministro izendatu izana. Melenchonek jakinarazi du koalizioak Barnierren aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duela.

Macronen aurkako mezu bat gaur Parisen egin duten protestan. YOAN VALAT / EFE
Macronen aurkako mezu bat gaur Parisen egin duten protestan. YOAN VALAT / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko irailaren 7a
17:25
Entzun

Frantziako presidente Emmanuel Macronek emandako «kolpe demokratikoari» aurre egiteko irten dira Frantziako milaka herritar kalera. Presidenteak LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko Michel Barnier hautatu du lehen ministro, eta horrek haserrea eragin du NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioan. Hori dela eta, 150 manifestazio baino gehiago antolatu ditu koalizioak, beste zenbait erakunde eta sindikaturekin batera, Macronek duela bi egun hartutako erabakiaren aurka. Pariskoa izan da jendetsuenetakoa, eta, hartan, Frantzia Intsumisoko —NFPren parte da— buru Jean-Luc Melenchonek «guda luze baterako» deia egin die gaur karrikak hartu dituzten manifestariei.

«Demokrazia ez da soilik garaipena onartzearen artea, baizik eta porrota onartzearen umiltasuna ere bai», gogorarazi dio Melenchonek Macroni. Izan ere, uztailaren 7ko Frantziako Asanblearako bozetan, NFPk lortu zuen eserleku gehien; hortaz, Frantziako ezkerrak iritzi dio lehen ministroak koalizio horretakoa izan behar duela, eta ez laugarren geratu zen alderdikoa —LRkoek 47 diputatu eta botoen %6 eskuratu zituzten—. Ia bi hilabete egon dira Frantzian behin-behineko gobernuarekin; bitartean, Macronek elkarrizketa saioak egin ditu indar politikoekin, ados jarri nahian. Saio horiek bi hilabete iraun dute, Asanbleak gobernu berria ez zentsuratzeko —ezein alderdik ez du gehiengorik—; Macronek hala argudiatu izan du behintzat, epe horretan guztian.

LR eta macronistak alde batera utzita, ezein alderdik ez du baieztatu lehen ministroari babesa emango dionik. Are gehiago, Melenchonek gaur jakinarazi du ezkerreko koalizioak zentsura mozioa aurkeztuko duela Barnierren aurka. Horretarako, baina, Asanbleako saioak hasi behar dituzte; beraz, urrira arte ezingo dute gobernu berriaren aurka bozkatu.

Macronek lehen ministro ezkertiar bat hautatzearen aurka egiteagatik ez ezik —uztailean, NFPk Lucie Castets proposatu zuen kargurako; Macronek, ordea, ezezkoa eman zion, iritzita ez zegoela alderdien arteko adostasunik—, Barnierren agintaldiari bide emateko ustezko akordio batengatik ere egin dute protesta Frantzian. NFPkoek uste dute Barnierren izendapena Marine Le Penen eskuin muturreko RN Batasun Nazionalarekin adostutakoa dela.

PS Frantziako Alderdi Sozialistako —NFPren parte da— lehen idazkari Olivier Faurek RNren «zaintzapean» jartzea leporatu dio presidenteari X sare sozialean. Bide beretik jo du NFPko diputatu Clementine Autainek sare sozial horretan bertan, Evreuxen (Frantzia) egin duten protestaren berri eman duenean: «Adierazi dugu zer-nolako haserrea piztu digun Macronek Le Penen babesarekin egindako lapurreta demokratikoak».

Ezkerra gobernuan

Atzo TF1 telebista katean eman zuen elkarrizketan, Barnierrek hizpidera ekarri zuen LRko kideez gain beste alderdietako kideak ere gobernuan sartzeko aukera: «Atea ireki behar zaie parte hartu nahi duten guztiei». Are gehiago, «ezkerreko jendea» izateko aukerari ez zion ezetz esan. Hala ere, ezkerrak ez du begi onez ikusten aukera hori. France Info irrati katean, Saint-Ouengo alkate Karim Boumranek (PS) esan du ez duela parte hartuko gobernu berrian, zenbait hedabidek aukera hori mahaigaineratu baitute: «Inoiz ez nuke RNren oniritzia duen lehen ministro batekin lan egingo». Antzera mintzatu da ekologisten idazkari nazional Marine Tondelier BFM-TV telebista katean: «Bere burua ezkertiartzat daukan norbait Barnierren gobernuan sartzen bada, ezkertiarra ez den seinale da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.