Mundua

15 polizia eta mediku zigortuta, 2001eko G8koen goi bileran atxilotutakoei tratu txarrak emateagatik

Genoan izandako protestetan atxilotutako 209 laguni eman zizkieten tratu txarrak. Beste 30 polizia eta mediku absolbitu egin dituzte.

2008ko uztailaren 15a
13:22
Entzun
Genoako (Italia) auzitegi batek guztira 24 urteko kartzela ezarri die hamabost polizia eta medikuri, 2001eko uztailean hirian eginiko G8koen goi bileran atxilotutako 209 laguni tratu txarrak emateagatik. Tratu txar horiek Bolzanetoko polizietxean eman zituzten. Beste 30 polizia eta mediku zeuden akusatuta, baina epaileak absolbitu egin ditu. Alabaina, zigortutakoak ez dira kartzelara joango. Goi bilera horretan Italiako Poliziak Carlo Giuliani gaztea hil zuen, tiroz.

Horri "erabat kontraesankorra" iritzi dio ezkerreko eurodiputatu Vittorio Agnolettok, G8koen -munduko zortzi estaturik aberatsenak- goi bilera neoliberala salatzeko eginiko Genoako Foro Sozialaren eleduna izan zenak. "Biktimek egia esan dute, baina apenas dagoen errudunik".

G8koen goi bilera hartan protesta eta istilu handiak izan ziren Genoan, eta polizia batek 23 urteko Carlo Giuliani gazte italiarra tiroz hil zuen. Gainera, Polizia indarrez sartu zen ehunka manifestarik lo egiten zuten eskola batera.

Bolzanetoko kasernara atxilo eramandako ehunka laguni tratu txarrak eman zizkieten gero poliziek. Akusazioaren ahotan, tortura teknikak ezarri zizkieten, zehazki Giza Eskubideetarako Europako Auzitegiak "inhumano eta degradagarritzat" jotzen dituen bost galdeketa tekniketatik lau.

Auzipetutako 45 lagunen artean polizia nazionalak, espetxeetako poliziak, karabineroak, medikuak eta erizainak daude.

Auziko fiskalek orotara 80 urteko kartzela zigorrak eskatu zituzten, baina azkenean 24ra jaitsi dituzte epaileek. Indultuak eta bestelako neurriei esker, ordea, zigortutako inor ez da kartzelara joango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.