Haur pornografiaren kontrako orain arteko operaziorik handiena egin du gaur Espainiako Poliziak, 121 lagun atxilotu dituelako; haietatik 11, Euskal Herrian. Denei ere Internet bidez haurren irudi pornografikoak zabaltzea leporatu die. Beste 96 pertsona, berriz, inputatu egin dituzte.
Atxilotuak era guztietako jendea dela esan dute poliziek: pilotu komertzialak, taxilariak, banketxeko langileak...; adin desberdinekoak ere bai -besteak beste, adingabekoak eta erretiratuak-.
Milioika artxibo atzeman ditu Poliziak, "horietako batzuk oso gogorrak". 347 disko gogor, 1.186 CD eta DVD, 36 ordenadora eramangarri, hamabost pen drive, bi argazki kamera... ere harrapatu dizkiete.
1.600 konexio baino gehiago ikertu ditu, eta Internetetik irudiak jaitsi eta gero banatu dituzten 250 etxebizitza indentifikatu ditu. Denera 210 etxebizitza miatu dituzte.
Euskal Herrian, Gasteizen lagun bat atzeman dute eta hiru etxe miatu dituzte, Bizkaian zortzi atxilotu -ez dute zehaztu non- eta Portugalete, Erandio, Basauri, Bilbo eta Santurtzin etxeak miatu dituzte, eta Gipuzkoan bi atzeman dituzte eta etxeak miatu Irunen eta Elgoibarren.
Beste 76 lagun Herrialde Katalanetan atzeman ditu (Katalunian 49, Valentzian 22, Balear Uharteetan bost), Galizian 11 eta besteak Espainian (Andaluzian 37, Madrilen 29, eta besteak Castilla eta Leonen, Castilla-La Manchan, Kanariar Uharteetan, Murtzian, Aragoin, Kantabrian, Extremaduran eta Errioxan).
Operazioak 800 polizia baino gehiago izan dira.
Espainiako Estatuan azkeneko bost urtean arrazoi horregatik 1.200 bat lagun atxilotu dituzte.
Mundua
121 lagun atzeman ditu Espainiako Poliziak, haur pornografiaren kontra egindako operaziorik handienean
Haietatik 11 Euskal Herrian atxilotu dituzte. Internetetik irudiak jaitsi eta banatzea egotzi die Poliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu