Gazako agintariek jakinarazi dutenez, 120tik gora palestinarren gorpuak aurkitu dituzte Jabaliako errefuxiatu kanpalekuan, zerrendaren iparraldean, Israelgo armadaren hiru asteko setioaren ostean. Ostiralean amaitu zuen erasoa Israelek, eta ehunka «miliziano» hil dituela esan du.
Kanpaleku hori izan zen Israelen lehen jomugetako bat urrian erasoaldia hasi zuenean, eta maiatzean, Hamaseko ekintzaileak han biltzen ari zirela argudiatuz, berriro egin zion eraso. 120tik gora gorpu horiek hondakinen artean aurkitu dituzte, soldaduak joan ostean.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 10.000 gorpu daude hondakinen artean zerrenda osoan. UNRWAren arabera, desplazatutako palestinarrak hondakin horien artean bizitzera behartuta daude, eta larrialdi zerbitzuek ez dute modurik gorpuetara iristeko, segurtasun eta erregai faltagatik.
Israelen erasoaldiak ez du etenik, gainera. Atzo beste 60 palestinar hil zituen, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, eta jada 36.439 dira urriaren 7az geroztik Israelek hil dituen palestinarrak. Zaurituak 82.627 dira.
Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ostiral gauean esandakoa aintzat harturik, bazirudien Israel bat zetorrela Gazarako aurkezturiko azken su-eten proposamenarekin. Hamasek «erantzun positiboa» eman dio AEBek Gazarako aurkezturiko menia proposamenari, baina Israelek erantzun du ez dela su eten iraunkorrik izango bere helburuak betetzen dituen arte.