Migratzaileak

'Open Arms' ontziak ez du baztertzen Balearretan porturatzea

Espainiako Gobernuak Palmako portua eta Mahongoa eskaini ditu. Salbamendu ontziak, baina, ez ditu argi ikusten aukera horiek, bidaia horiek luzeak eta arriskutsuak direla iritzita. Ontzia Lampedusa uhartetik 800 metrora dago.

'Open Arms' ontzia, Lampedusa uhartea atzean duela. FRANCISCO GENTICO, EFE
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 19a
07:31
Entzun

Hemezortzi egun. Horiek daramatza Open Arms salbamenduontziak itsasoan, portu seguru batean lehorreratu eta ziurgabetasunez beteriko egunak aldi batez amaitzeko zain. Matteo Salvini Italiako Barne Ministroak duela bi egun baimendu zuen ontzian zihoazen 28 adingabeak lehorreratzea, bere "borondatearen aurka". Haatik, oraindik 107 dira porturatzeko baimen baten esperoan dauden migratzaileak. Hain zuzen, Espainiak Palmako eta Mahongo portuak eskaini ditu, baina Open Arms ontziak ez ditu argi ikusten aukera horiek, bidaia horiek egitea arriskutsua izan daitekeela iritzita.

Algecirasko portua eskaini eta ontziak hara joateari uko egin ondoren iritsi da Balearretako proposamena. Hasieran, Espainiako Gobernuak Palmako portua eta Mahongoa eskaini ditu, eta, Open Arms ontziko kideek adierazpen baten bitartez jakinarazi dutenez, ez dute baztertzen Balearretako porturen batean lehorreratzeko eskaintza onartzea. Horretarako, baina, migratzaileen segurtasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzea galdegin diote Espainiari eta Italiari.

“Hemezortzi egun esperoan egon ostean, Espainiak eta Italiak akordio bat lortu dutela dirudi, Balearrak migratzaileak lehorreratzeko portu gisa lotuta. Gure iritziz, erabaki erabat ulertezina”, dio adierazpenak. Ulertezina dela iritzi diote, hiru eguneko bidaia bat hasi beharko luketelako Lampedusa uhartetik 800 metrora egonik, antsietateak eta etsipenak dagoeneko mugak gainditu dituen honetan. Hala, Europako Batasuneko herrialdeen jarrera gaitzetsi dute: “Itsasontzia Lampedusa uhartetik 800 metrora egonik, baldintza meteorologiko bortitzetan ehunka milia egitera bultzatzen gaituzte; ahituta dauden 107 migratzailerekin eta Europak horiei ukatzen dizkien eskubideak bermatzeko lan egiten duten 19 boluntarioekin”.

Ziurgabetasunez beteriko hemezortzi egun bizkarrean, Open Arms ontziak ez du baztertzen Baleareetan porturatzea, baina akordio horren arabera dagokien erantzukizuna betetzeko galdegin die Espainiari eta Italiari: “Beharrezko baliabide guztiak jarri behar dituzte migratzaileak portu seguru batean lehorreratu daitezen bermatzeko”. Espainiak, baina, gezurtatu egin du Italiarekin inolako akordiorik egin izana. Halaber, Gobernuak salbamendu ontziari egotzi dio ez zehaztea zer baliabide behar dituzten Espainian modu seguruan lehorreratzeko, eta behar horien berri emateko eskatu die.

Ricardo Gatti Italiako Open Armseko zuzendariak adierazi duenez, Espainiak ontzi bat bidali beharko luke bidaia hori egin ahal izateko, nahiz eta ez zaion irtenbiderik onena iruditzen. Gattiren esanetan, irtenbide horrek luze joko luke; izan ere, ontzia iritsi arte itxaron beharko lukete lehenengo, gero ontzi aldaketa egin, eta azkenik, hiru eguneko bidaia luze eta neketsu bati ekin. Hala, zuzendariak iritzi dio Espainiak proposatutako irtenbideak "barregarriak" direla eta "konpromiso falta" adierazten dutela. Halaber, Italiaren jarrera gaitzetsi du, giza eskubideen aurkako jokabidea egotzita: "Jendeak hil behar al du kostaldetik 800 metrora?".

Egoera eutsiezina

Egoera gero eta korapilatsuagoa da itsasontzian. Asteburuan jaso zuen Espainian porturatzeko lehen eskaintza, eta iritsi ahala baztertu zuen Algecirasen lehorreratzeko proposamena, bidaia "bideraezina" zela iritzita. Haien larritasuna dela-eta bost eguneko bidaia bat egitea luzeegia dela adierazi zuten. Gainera, Oscar Camps fundatzaileak salatu zuen itsasontzia dagoen lekutik urrunen dagoen portua dela: "Misioan 26 egun igaro ostean, 17 egun esperoan egon ostean, epailearen erabaki baten ostean eta sei herrialde migratzaileak hartzeko prest agertu ostean... Mediterraneotik urrunen dagoen portura, Algecirasera, beste bost egunez bidaiatu dezagun nahi du? Denera, 950 mila nabigatu dezagun, itsasontzian dugun egoera eutsiezinarekin?".

Egoera eutsiezin horren adierazle izan da ontzian zihoan migratzaile talde batek itsasora jauzi egin izana. Italiaren pasibotasun iraunkorra eta gainerako herrialdeen geldotasuna ikusirik, itsasora jauzi egin, eta Lampedusa uharteraino igerian joan nahi izan zuten. Campsen esanetan, aurreikus zitekeen hori: "Duela egun batzuk ohartarazi genuen, etsipenak mugak ditu. Itsasora jauzi egin dute, eta sorosleak geldiarazten ahalegintzen ari dira". Salvinik, halaber, zorrotz betetzen dihardu migratzaileak Italian ez lehorreratzeko agindua. Gainera, zalantzan jarri du ontziaren egoeraren larritasuna, argudiatuta barruan "adingabeak ez diren adingabeak eta gaixorik ez dauden gaixoak" daudela.

Espainiaren eskaintzaren harira, Eusko Jaurlaritzak migratzaileak hartzeko jarrera adierazi du. Abuztuaren 6an azaldu bezala, berretsi du prest dagoela Open Arms ontziko migratzaileak hartzeko, baina Espainiako Gobernuaren erantzunaren zain dago. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, "erantzunkidetasunaren printzipioa ezartzea da migrazioaren errealitateari aurre egiteko irtenbiderik onena". Modu horretan, migratzaileak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban banatzeko prest egongo litzatek; pupulazioaren, errentaren eta langabezian arabera.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak adierazi du, bestalde, Espainiako Gobernuak eskura dituen baliabide guztiak eskaini dituela. Haren esanetan, "ez da erraza ulertzea" Open Arms ontziak ez onartzea "egoera konplexu horretan dauden migratzaileak haientzat prest dagoen portu batera nabigatzeko eskaintza" . "Gertuen dagoen portua eskaini dugu, ezin ditugu gure portuak Italiara eraman", nabarmendu du presidenteordeak. Halaber, adierazi du erreskate ontziak Maltan itxaroteko aukera izan zuela, baina, hala ere, "Italiara joan ziren".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.